VI. Lore eta landare azoka Lizeoan egingo dute igandean, zortzi posturekin
Igandean, apirilak 17, VI. Lore eta Landare Azoka ospatuko dute Urretxun. Lizeoko jolastokian jarriko dute azoka estreinekoz, Gernikako Arbola plazan obrak burutzen ari baitira. Aurten gainera, postu kopurua igo egingo da.
Seigarren urtea da Urretxun lore eta landare azoka egingo dutena. Azken urteetan sei postuk osatu dute, baina aurten zortzi izango dira: Urrutia, Goilore, Eugeni Agirretxe, Azanza, Aritz Urretabizkaia, Aranburu Negutegiak, Blasenea Mintegia eta Viveros Landabaso. Azken biek, gainera, lehen urtea izango dute Urretxuko ferian.
10:00etatik 14:30era irekiko dute azoka, eta oso eguraldi txarra egiten badu, Lizeoko soinketa gelan kokatuko dute.
Postuez gain, azokaren gunean lorezaintzarako tresnak ere jarriko dituzte erakusgai eta loreak eta landareak ere zozketatuko dituzte. Azkenik, tailerrak ere antolatuko dituzte, bai helduentzat eta baita gazteentzat ere. Lore lehorrak nola egin, landareak nola landatu edota lore zentroak nola prestatu erakutsiko dute.
Azokari lotuta, gaur arratsaldean etxeko lorezaintza tailerra egingo dute Urretxuko kultur etxean. Parte hartzeko interesa dutenek kultur etxera hots egin beharko dute lekua hartzeko, telefonoz, (943038088).