Osinalde, Plazaola, Zaragueta eta Lasaga.
Goierriko turismo alorra dinamizatzeaz arduratzen den Goitur agentziak eta Donostiako Aquariumak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Beasaingo Igartza Jauregian. Akordioaren helburu nagusia Donostiaren eta Goierriren arteko mugimendu turistikoa handitzea da. Donostia Turismoko bazkide da Goitur duela bost urtetik, eta orain arteko elkarlanaren emaitza da hitzarmena. “Garbi dugu destinoen arteko loturak bultzatuz turista gehiago jasoko ditugula, eta Gipuzkoan igarotako gauak eta diru-sarrerak ere igoko direla”, nabarmendu du Niko Osinalde Goiturreko ordezkariak.
Osinalderekin batera, Patxi Plazaola Beasaingo alkate eta Goiturreko lehendakaria, Vicente Zaragueta Aquariumeko presidentea eta Xabier Lasaga Aquariumeko marketin eta komunikazio arduraduna izan dira gaurko sinadura ekitaldian. Lasagak adierazi du Aquariumak urtean 300.000 bisitari hartzen dituela, eta horietako asko direla goierritarrak. Osinaldek, bestalde, esan du Goierriko museo eta interpretazio guneak 60.000 lagunek bisitatzen dituztela urtean.
Lankidetzaren lau oinarriak
Lau oinarri ditu bi erankudeen arteko hitzarmenak. Batetik, Aquariumeko arreta saileko langileek bi bisita egingo dituzte Goierrira eskualdearen baliabide turistiko, artistiko eta kulturalak ezagutzeko, eta era berean, Goierriko turismo bulegoetako langileei sarrerak banatuko dizkiete Aquariuma bisita dezaten. “Hor hutsune bat sumatzen genuen, Aquariumeko langileek ez baitzuten Gipuzkoa barrualdeko informaziorik esku artean. Trukearen helburua hori da, elkarri laguntze promozioa egiten”, zehaztu du Xabier Lasagak.
Horrez gain, Aquariumeko sarrerako lehiatilan informazio gune “berezi” bat jarriko dute Goierriko turismoaren foiletoak banatzeko, eta Goierriko alojamendu turistiko, museo eta informazio bulegoetan Aquariumekoak banatuko dituzte. Abantailak eta deskontuak ere izango dituzte bisitariek. Aquariumeko foiletoan Goierriko alojamendu, museo eta turismo bulegoen zigilua jarri eta Aquariumeko sarreran aurkeztuz gero, bezeroak %10eko deskontua izango dute sarreran, eta gauza bera gertatuko da Aquariumeko sarrera Goierriko zerbitzuetan erakutsiz gero.
Azken oinarria enpresa munduari zuzendutakoa da. Aquariumeko auditorioan eta bertako aretoetan egiten diren ekitaldia, mahai-inguru eta aurkezpenen baliabideen berri emango diette Goierriko enpresei. “Bertan ekitaldiak egiteko gonbita egingo diegu, eta areto horiek alokatzeko garaian abantaila garrantzitsuak eskainiko dizkiegu”, esan du Lasagak.
Plazaolak eta Zaraguetak esker oneko hitzak izan zituzten ekitaldian, eta lankidetza horrek urte askoan iraungo duela espero dutela adierazi dute. “Taldean lan egiten dugu guk, bakarka aritzen dena ez baita urrutira ailegatzen”, nabarmendu du Zaraguetak.