Aitor Esnaolak poltsa “konortea galdu arte” lau egunez etengabe jarri diotela salatu du epailearen aurrean
Berria.info- Fernando Grande Marlaska epaileak espetxeratu egin ditu gaur Aitor Esnaola eta Lander Etxeberria, ustez ETAko kide direlakoan Guardia Zibilak aste honetan, hurrenez hurren, Legorretan (Gipuzkoa) eta Lesakan (Nafarroa) atxilotutako bi lagunak. Biek deklaratu dute gaur epailearen aurrean, hainbat egunez inkomunikatuta egon ostean, eta abokatuekin izan duten solasaldi laburrean tratu gogorra salatu dute.
Aitor Esnaolak asteartetik atzora arte etengabe poltsa jarri diotela salatu du, “hainbat modutara eta konortea galdu arte”. Tortura salaketa Grande-Marlaska epailearen aurrean egin duela ere esan dio abokatuari, eta deklarazioa behartutakoa izan dela. Etxeberria “lur jota” ikusi du abokatuak, eta horrek ere deklarazioa muntaia izan dela salatu dute. Abokatuak bihar informazio gehiago izatea espero dute, Soto del Realeko espetxean bisita izango duelako.
Aitor Esnaolarekin batera atxilotu zuten Igor anaia atzo geratu zen libre, hiru egun inkomunikatuta eman ostean, epailearen aurretik pasa gabe, eta horrek ere tratu “gogorra” salatu zuen.
Grande-Marlaskaren ustez, Aitor Esnaola ETAren Erreka taldeko kide da, eta lehergaiak egin eta banatzeko ardura zuen Andoni Goikoetxearekin batera. Esnaolari ETAko kide izatea, lehergaiak edukitzea eta hiltzeko konspiratzea leporatu dio, eta bi horiek Mikel Uribe Ertzaintzako buruaren hilketan nahastu ditu. Goikoetxea ihes eginda dagoela esan du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak.
Lander Etxeberriari, berriz, ETAren mezulari izatea leporatu dio. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo salatu zuenez, ordea, Etxeberria bere garaian epaitua eta zigortua izan zen, eta hedabideetan leporatzen zaiona espetxeratua izan aurretik eginiko delitua da. Horregatik bere atxiloketa legez kanpokoa izan daitekeela ohartarazi du.
Guardia Zibilak gaur ustez ETAren Erreka taldeak ezkutuan zuen materiala erakutsi du, Intxaurrondoko polizia-etxean. Guztira, 1.500 kilogramo material baino gehiago erakutsi du, tartean, erregaia, amonio-nitratoa, pentrita, Diazodinitrofenol lehergaia eta detonagailuak. Guardia Zibilaren arabera, Legorretan, Zegaman eta Baraibarren atzemandakoa materiala da.