PPren alkategaia Zumarragan •
Begoña Pereira (Zumarraga, 1958) hamabi urtez izan da zinegotzi Urretxun eta Lizartzan , Alderdi Popularra ordezkatuz. Orain, jaioterrira itzuli da Pereira politika egitera.
Zein da Alderdi Popularrak Goierrirako dituen helburu nagusiak?
Batetik, enpresari txikiari eta autonomoari laguntzea dugu helburu. Krisia hor dago, badakigu jendea oso gaizki pasatzen ari dela. Gure asmoa, enplegua sustatzea eta ahalik eta enpresa gehien erakartzea da, hau guztiari irtenbide bat emateko. Bestetik, udaletan dauden gainontzekoekin taldean lan egitea ere badugu helburu, hau guztia eperik laburrenean aurrera ateratzeko.
Arlo sozialean ere baduzue zeresanik…
Arduratzen gaituen kontu bat, gizarte laguntzena da; nola banatzen diren. Gemma Zabaletaren arabera, laguntzak moztu egin ziren, baina nori? Herritar gisa murrizketak eman direla ikusten dut, baina nori? Etorkinei edota ijitoei ez zaizkie moztu. Arrazista dei nazakete, baina ez da arrazismoa. Bada herriko jendea, inoiz lagundu ez zaiena. Gazteei esaterako, gizarte zerbitzuetara joz gero, gurasoengana jotzeko esaten diete. Burbuila puztuz doa, eta gero gerokoak etorriko dira. Laguntzak epeka bana ditzatela, eta ikus dadila jendeak ere bizitzeko zerbait egin nahi duela. Ez dut gustuko gizarteari hori aurpegira esateko gai ez izatea. Ogia ahotik kentzen digute, eta bada esaera bat, «kanpotik etorri eta zure etxetik botako zaituzte» dioena, eta bide honetan, hori gertatuko da. Lapurretak ere hor daude, baina zaintza gutxiegi dagoela uste dut. Udaltzainek eta ertzainek gehiago egin beharko lukete, euren soldata guztiok ordaintzen baitugu.
Eta Zumarragan zein hutsune ikusten dituzue?
Egun nahiko ondo dago, enpresa arlotik adibidez. Hala ere, egunean jarri behar naiz. Ez dut nire kide Valeriano Martinezekin egoteko asti askorik izan, urte asko daramatza hemen lanean eta lan on asko egin ditu. Zelai Arizti zinema berriro irekitzeko gure alderdiak diru asko ekarri zuen eta hori ez da prentsan esan. Zerrendan bigarren doana ere gogo handiarekin dator. Lanak eskaintzerako orduan ere nori eskaintzen zaizkion begiratu behar da. Ijitoari lana eman behar zaio, bai, bestela protestak daude gizartean, baina herriko jendea ere hor dago, langabezian. Besteek ere eskubidea dute, baina herriko jendeaz ere gogoratu egin behar da .
Politikoki nola ikusten duzu zure burua Zumarragara itzultzean?
Urretxun bi legealditan izan nintzen, 1999tik 2007ra. Urte horretan Lizartzara joan nintzen. Han ez dugu dirurik ikusi, eta herriaren alde asko egin dugu. Nahiko gustura gelditu direla uste dut. Hasieran asko borrokatu behar izan genuen haiekin, istiluren bat izan genuen. Ez zen atsegina izan, baina hori pasa zen. Egun ez gaituzte hasieran bezala jasotzen. Haiengatik eta haien alde egin dugula ikusi dute. Nire herria delako itzuli naiz Zumarragara. Etxeberrikoa naiz, han jaio eta hazi nintzen. Eta gogo eta indar gehiagorekin itzuli naiz, betidanik ezagutzen baitut, nahiz eta urte asko eraman Urretxun bizitzen. Borrokan jarraitzeko gogoz nago. Asko bizi behar izan dut. Jakina da zer egokitu zaigun, eta espero dezagun gauza hobetuz joatea.
Orain arte Martinez izan da Alderdi Popularraren erreferentzia Zumarragan. Zure etorrerarekin estiloa zerbaitetan aldatuko al duzue?
Ez. Bide beretik jarraituko dugu. Babestu behar dugula uste dugun guztian lan egiten jarraituko dugu, herriaren alde eta herrirako onena dena bilatuz, eta noski, baita herritarrentzako ere. Aldaketarik ez dugu egingo gure Zumarragako jardunean. Beti herriko jendearen alde lanean gaude, eta ahal den neurrian, herrikoentzako onena lortzen saiatzen gara. Amak zioen moduan, lehenengo etxekoei lagundu behar zaie, eta gero, ahal bada, kanpotik datozenei. Ez diot inorri laguntza ukatu behar zaionik, baina lehenengo etxekoa lagundu behar da.
Krisiari aurre egiteko zer proposatzen duzue?
Hori apur bat kostatuko zaigun gaia da. Krisia hor zegoen eta Zapatero jaunak hori ukatu egin izan du. Asko landu eta kontuz joan beharko den gaia da. Enpresari txikia eta autonomoa lagundu behar ditugu, askotan jendea euretaz ahazten baita. Laguntza eman behar diegu, behar bezala, eta negozio bat abiarazi nahi duen gazte orori, atzerritarrei ematen zaizkien laguntza berak ematen ahalegindu behar dugu. Kanpokoa den orori ematen zaizkion laguntzak hemengoei ematen zaizkienak baino handiagoak dira. Atzerritarrei ez zaizkie hemengoei jartzen zaizkien baldintzak jartzen, eta lehen bost urteetan gainera ez diete BEZa kobratzen. Adibidez, geroz eta txinatar gehiago dago, eta komertzio onenak dituzte, diru asko balio dutenak. Hemengoak aldiz, ezinean gabiltza. Familia negozioa ere kostata mantentzea lortzen duena ez babestea ez da bidezkoa. Lan egin behar dugu hainbeste lokal huts egon ez dadin. Egunetik egunera okerragora goaz.
Eta etxebizitzari dagokionez?
Arrazistatzat hartuko naute, baina batzuei, marokoarrak, errumaniarrak edo ijitoak izan, argia, etxea… ordaintzen dizkiete. Kanpokoak dira eta lagundu egin behar zaie, ados. Baina zergatik ez dugu etxekoekin ere berdin egiten? Hutsik dauden etxebizitzen kontrola eraman beharra dago eta gazteentzat edo bikoteentzat prezio eskuragarri batean jarri behar dira, euren bizitza egiten has daitezen lagundu ahal izateko.
Zaborrak jasotzeko moduan ere eztabaida ematen ari da egun. Zein da zuen iritzia?
Atez atekoan Hernaniko kasua ezagutzen dut apur bat. Nik dakidala ez daude oso gustura, egia esan. Atarietan bakoitzaren gantxoak dituzte, zaborrak utzi ahal izateko, baina ez daude oso gustura. Eulien, zomorroen eta usainaren haztegi bat dira, eta oraindik ez gaude udan. Egun dugun eredua ondo dagoela uste dut, baldin eta ordutegiak errespetatuko balira. Atez atekoak ni ez nau konbentzitzen.
Kulturari dagokionez, nahikoa lan egiten al da Zumarragan?
Ondo dago, bai kulturan eta baita kirol arloan ere. Badut kezka bat, ordea. Jakin ahal izan dut, atzerritarrei, euskara ikasteagatik, dirua jartzen dietela. Etxekoek, ordea, diru hori ordaindu egin behar dugu. Eta ez da kopuru txikia. Guztiei modu berean lagundu beharko litzaieke.
Euskarazko prentsarako laguntzak ere murrizten ari dira. Zein da zure iritzia gai honetan?
Gaizki iruditzen zait murrizketak ematea. Kaixo aldizkarian nenbilenean ere, bazen euskaraz ez zekien jendea herrian, eta ondo deritzot euskaraz izatea, baina bi hizkuntzetan egotea ez legoke gaizki. Honek, hizkuntza ikasten lagun diezazuke pixkanaka.
Nola ikusten duzu egungo testuinguru politikoa?
Nahasia. Zaila. Jendeak guztiongan geroz eta konfiantza gutxiago du. Ez zait harritzen, batzuetan barruan gaudenok ere ez baitugu ulertzen.
Bakea gertuago al dugu?
Espero dezagun baietz. Onena litzateke. Oso ondo gaude, herri eta hiri ederrak ditugu, bizitzeko leku oso on bat dugu, baina pertsona hauek ikusi behar lukete indarraren bidez inoiz inork ez duela ezer lortuko. Elkarrizketa zerbaitetarako dago, eta engainua soberan dago. Hitz egin behar da. Gaizkiulertuek gaizkiulertuetara garamatzate, eta hori ez da bidea. Guztien iritzia errespetatu behar da.