EAJk garapen ekonomikoa lehentasun gisa jarri du Urola Garaiko programan
Herenegun iluntzean Urretxurako, Zumarragarako eta Urola Garairako programak aurkeztu zituen EAJ alderdiak. Puntu askotan osagarriak dira programak. Urola Garaiko programa Itziar Agirrek, Iñigo Peñagarikanok eta Javier Iraetak, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko hautagaiek, aurkeztu zuten. Egungo egoera ekonomikoan, «gure eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko beste era bat dagoela» esan zuten. Eskualdearen kokapen «ona» ikusirik, «kokapen honek eskaintzen dituen aukerak ongi aztertu eta kudeatzen asmatu behar» dela esan zuen Iraetak. Hiru oinarri eman zituen horretarako: garapen industriala, lurzoru industrialaren erregenerazioarekin eta berreskuratzearekin; ingurugiroaren errespetuan eta bizi kalitatean oinarritzen den garapena; eta enpresen beharretara eta ekintzaileak sustatzera bideratzen den «kalitatezko heziketan oinarritutako» garapena. Eskualdeko lurzoru industrialaren promozioan Eusko Jaurlaritzaren aldetiko bultzada falta somatu du EAJk. «Jaurlaritza Sprilur taldearen berrantolaketa lanean dabil eta Urola Garaiko Industrialdea elkartea Zumarragatik Zarautzera doan industrialde bakarrean sartu nahi dute». Hala, eskualdearen hazkunde industrialak Goierrirantz jo beharko lukeela nabarmendu zuten. «Krisi ekonomikoak, aktibitaterik gabeko lurzoru industrial kontaminatuak sortu ditu» eta Jaurlartzari «erregenerazio, errekonbertsio eta promoziorako plana egin dezan» eskatu diote. Kutsadura Ingurugiro arloan, Iñigo Peñagarikanok Urola Garaian kutsadura mailak neurtzen direlako okerragoak direnaren ustea baztertu zuen. «Herri askotan neurtzen dira datu hauek eta guztietan hobetuz joan dira». Ildo honetan, PM10 patikulen analisi kimikoa egin dadin eskatu zuen, «jatorria ezagutu [...]
Herenegun iluntzean Urretxurako, Zumarragarako eta Urola Garairako programak aurkeztu zituen EAJ alderdiak. Puntu askotan osagarriak dira programak.
Urola Garaiko programa Itziar Agirrek, Iñigo Peñagarikanok eta Javier Iraetak, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko hautagaiek, aurkeztu zuten. Egungo egoera ekonomikoan, «gure eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko beste era bat dagoela» esan zuten. Eskualdearen kokapen «ona» ikusirik, «kokapen honek eskaintzen dituen aukerak ongi aztertu eta kudeatzen asmatu behar» dela esan zuen Iraetak. Hiru oinarri eman zituen horretarako: garapen industriala, lurzoru industrialaren erregenerazioarekin eta berreskuratzearekin; ingurugiroaren errespetuan eta bizi kalitatean oinarritzen den garapena; eta enpresen beharretara eta ekintzaileak sustatzera bideratzen den «kalitatezko heziketan oinarritutako» garapena.
Eskualdeko lurzoru industrialaren promozioan Eusko Jaurlaritzaren aldetiko bultzada falta somatu du EAJk. «Jaurlaritza Sprilur taldearen berrantolaketa lanean dabil eta Urola Garaiko Industrialdea elkartea Zumarragatik Zarautzera doan industrialde bakarrean sartu nahi dute». Hala, eskualdearen hazkunde industrialak Goierrirantz jo beharko lukeela nabarmendu zuten. «Krisi ekonomikoak, aktibitaterik gabeko lurzoru industrial kontaminatuak sortu ditu» eta Jaurlartzari «erregenerazio, errekonbertsio eta promoziorako plana egin dezan» eskatu diote.
Kutsadura
Ingurugiro arloan, Iñigo Peñagarikanok Urola Garaian kutsadura mailak neurtzen direlako okerragoak direnaren ustea baztertu zuen. «Herri askotan neurtzen dira datu hauek eta guztietan hobetuz joan dira». Ildo honetan, PM10 patikulen analisi kimikoa egin dadin eskatu zuen, «jatorria ezagutu dezagun». Udaletxeen, Jaurlaritzaren, Aldundiaren, Osakidetzaren eta unibertsitatearen arteko elkarlana ere aipatu zuen, hobekuntzak lortu dituzten herrien azterketa egitearekin batera. Azkenik, enpresen ondoan egon behar dela esan zuen: «gure enpresetan ingurumen kudeaketarako sistemen ezarketa sustatu eta lagundu behar dugu». Hau guztia «transparentzia osoz» egin behar dela aitortu zuen.
Industriaren egoerarako irtenbideen lidergoa eskualdeak izan behar duela esan zuen Agirrek, «arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaz». Hiru udalek elkarrekin lan egin behar dutela esan zuen eta Goierri Behearekin akordio estrategikoak lortu behar direla. «Abiadura Handiko Trena datorren legealdiko oinarrizko ekintzetariko bat izango dela uste dugu. Trena eta geltokia garapen ekonomikoan mugarri bat izango dira».
EAJren ustetan, transformazio honen motorea Uggasa izan behar da. Lan honetan, Pymeen arteko elkarlana sustatu behar duela eta zentro teknologikoak enpresa txiki horietara gerturatu behar direla esan zuen, eta Uggasa tresna ona dela horretarako.
Eskualdeko sortzaileekin lan egitea ere garrantzizkotzat jo zuten. «Ez da sortzaileei laguntzea soilik, sortzaileak sortzen ere lagundu behar dugu». Azkenik, zerbitzuen eta osasunaren arloan ere eskualdeak eskaintzen dituen «aukerak» baliatzearen alde egin zuten. Hau guztia, «UGLE den formakuntza eskolan oinarrituta. UGLEk enpresek dituzten beharrak erantzun behar ditu». Hemen, gizarte eta osasun zerbitzuen zikloak sortzen lagunduko dutela ere azaldu zuen.
Zumarraga
Zumarragako langabezia tasa «%13koa» dela aipatu zuen Peñagarikanok, Gipuzkoako batazbestekoa baino txarragoa» dela esanez. Udalak industriaren garapenerako, merkataritzarako eta teknologia berrietarako 2011n bideratu dituen 48.330 euroak ere aipatu zituen, lorezaintzarako bideratu dituzten 211.845 euroekin alderatuz. «Ez dugu garapen industrialaren alde egiten duen gobernu bat, irudiaren eta ikusten denaren alde apustu egiten duen gobernu bat dugu». Zumarragako industrialdeak jasaten duen arreta eza ere salatu zuen EAJk aurkezpenean.
Euskara arloan elkarteei laguntza eta protagonismo gehiago ematearen alde egingo du EAJk.
Zumarragan auto-kritika egin beharra dagoela ere esan zuen, eta euskarak galdutako presentzia berreskuratu behar duela. Azkenik, wifi librearen eta kirol azpiegiturak hobetzearen alde ere egin zuten, besteak beste, Argixaoko anexoa berrituko zutela esanez.
Arlo sozialean, kaleak gazteentzako erakargarriak egitea, arlo guztietan berdintasuna sustatzea eta parte hartzea arlo guztietara zabaldu beharra aipatu zituzten. Hirigintzan azkenik, babestutako etxebizitzen aldeko politikak egin ahalko direla esan zuen Peñagarikanok, bidegorri sarea zabaldu behar dela eta Eitza Berri eta Kalebarren inguruen berrikuntzan aurrera egin behar dela. Leturiatarren auzoaren eta Eitzaren arteko bidearen bulebarizazioaren alde ere egingo du EAJk. Azkenik, herri barruko doako garraio urbanoa ere proposatu dute.
Urretxu
Urretxuren kasuan, garapen jasangarriari dagokionez, Urretxu eta Antzuola lotuko dituen bidegorriari ekitea, lurrazpiko zabor ontzien alde egitea, eduki organikoen ontzia sustatzea, bertako baserrietako produktuen zabalkundean laguntzea, mendi bideetan inbertitzea eta Santa Barbara-Irimo parke naturala baserritarrekin elkarlanean garatzea jasotzen du programak. Nagusiekin eta gazteekin lan egiteko proposamenak ere bildu dituzte, hala nola, entsegurako lokal egoki batzuk sortzea.
Hirigintza arloan, herri oreka bilatuko duten arau subsidiario berrituak onartzearen alde egingo du EAJk. Hemen, Irimoko gunea ekintza industrialerako bideratu beharra aipatu zuen Agirrek, 400 etxebizitza inguru sortzearen eta planeamendu kontseilua aktibatzearen alde egingo dutela gehituz.
Ikastolako proiektua garatzea, irisgarritasunaren alde eginez auzo batzuetan igogailuak jartzea, gune estaliak adostea, Caminerosen etxebizitza publiko gehiago egitea eta Aparizio auzoari irtenbide bat ematea ere EAJk programan jaso dituen konpromisoetariko batzuk dira.
Bi herrietako merkataritza sustatuko dutela ere esan dute.













