Julene Hidalgo (EB-Berdeak): «Herritarrak erabaki guneetan egotea bultzatuko dugu»
Herritarrei bihotzarekin bozkatzeko eta politikariei gogor lan egiteko eskatu die Julene Hidalgok (Itsasondo, 1971). Bost urte daramatza Beasaingo udalean zinegotzi Hidalgok, Ezker Batua-Berdeak alderdiko ordezkari modura. Zergatik aurkeztuko zara aurten hautagai gisa? Orain arte egindako lanari jarraipena emateko. Uste dut orain arte egin duguna oso lan ona izan dela, eta herritarren alde lan egiten jarraitu nahi dut. Zein helburu ditu Ezker Batuak maiatzeko hauteskundeetarako? Herri bakoitzak bere helburuak ditu, baina Ezker Batuak konpromiso sozialaren alde lan egiten jarraituko du herri guztietan. Batez ere emakumeetan eta gazteetan oinarrituz, bi talde horiek direlako behar gehienak dituztenak. Sozialki baztertutakoei ere lagunduko diegu, elbarriei, hirugarren adinekoei, immigranteei… Talde horiei guztiei zuzenduta ezkerreko politika soziala bultzatuko dugu. Bestalde ez dugu ahaztu behar gu Berdeak ere bagarela, eta herrien eta naturaren artean oreka lortzeko ere lan egingo dugu, garapen iraunkorreko azpiegiturak bultzatuz. Eta Beasainerako? Udala herritarrengana gerturatzen jarraituko dugu. Trafikoaren eta aparkalekuen arazoari aurre egiten saiatuko gara, geltokitik Bernedoeneako aparkalekura pasabide bat eginez. Herritarrek egindako eskaera da, eta gure lana herritarren beharrei erantzutea da. Ongizate alorrean ere badago zer egina, batez ere hirugarren adinekoei dagokionean. Gazteak ere oso kontuan izango ditugu. Etxebizitzen alorrean dagoen arazoa konpontzeko, zer proposatzen duzue? Hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta alokairuak bultzatu. [...]
Herritarrei bihotzarekin bozkatzeko eta politikariei gogor lan egiteko eskatu die Julene Hidalgok (Itsasondo, 1971). Bost urte daramatza Beasaingo udalean zinegotzi Hidalgok, Ezker Batua-Berdeak alderdiko ordezkari modura.
Zergatik aurkeztuko zara aurten hautagai gisa?
Orain arte egindako lanari jarraipena emateko. Uste dut orain arte egin duguna oso lan ona izan dela, eta herritarren alde lan egiten jarraitu nahi dut.
Zein helburu ditu Ezker Batuak maiatzeko hauteskundeetarako?
Herri bakoitzak bere helburuak ditu, baina Ezker Batuak konpromiso sozialaren alde lan egiten jarraituko du herri guztietan. Batez ere emakumeetan eta gazteetan oinarrituz, bi talde horiek direlako behar gehienak dituztenak. Sozialki baztertutakoei ere lagunduko diegu, elbarriei, hirugarren adinekoei, immigranteei… Talde horiei guztiei zuzenduta ezkerreko politika soziala bultzatuko dugu. Bestalde ez dugu ahaztu behar gu Berdeak ere bagarela, eta herrien eta naturaren artean oreka lortzeko ere lan egingo dugu, garapen iraunkorreko azpiegiturak bultzatuz.
Eta Beasainerako?
Udala herritarrengana gerturatzen jarraituko dugu. Trafikoaren eta aparkalekuen arazoari aurre egiten saiatuko gara, geltokitik Bernedoeneako aparkalekura pasabide bat eginez. Herritarrek egindako eskaera da, eta gure lana herritarren beharrei erantzutea da. Ongizate alorrean ere badago zer egina, batez ere hirugarren adinekoei dagokionean. Gazteak ere oso kontuan izango ditugu.
Etxebizitzen alorrean dagoen arazoa konpontzeko, zer proposatzen duzue?
Hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta alokairuak bultzatu. Lokalak etxebizitza izateko aukerak herritarrei jakinarazi eta horiek babeseko etxebizitzen salneurrian merkaturatu behar dira. Goierrin halako lokal asko daude, baina jendeak ez daki hor daudela. Aukera hori gizarteari jakinaraziko diogu, gai honen inguruan dauden legeak eta araudiak jakinaraziz, adibidez. Egiten diren etxebizitza berriak herritarren eskura egon daitezen lan egingo dugu, etxebizitza sozialak bultzatuz.
Langabezia datuek ez dute albiste onik ekarri azkenaldian. Zein nuerri hartuko dituzue langabeziaren inguruan?
Gure ustez hori ezin da izan udalaren lana bakarrik. Beharrezkoa da udalen eta enpresen artean hitzarmenak bultzatzea. Udaletatik laguntzak bideratu behar ditugu, orain arte ez baitira behar bezala bideratu. Bertako enpresen artean lankidetza ere bultzatu behar dugu. Turismoaren alorrean ere lan asko egiten ari dira eskualdean, eta horrek lanpostuak ere sortzen ditu, Goierrin lantegietan ez ezik beste sektore batzuetan lanpostuak ere sortu daitezkeelako. Bide asko daude baina landu egin behar dira, eta jendea prestatu behar da bide horiek egiten hasteko.
Adinekoei arreta berezia eskainiko diezuela aurreratu duzue hautagaien aurkezpenetan. Zer duzue pentsatuta?
Uste dugu hirugarren adinekoek gero eta arazo gehiago dituztela, eta lagundu egin behar diegu. Beraien beharrak asetzeko jende prestatua behar da eta horretarako ikastaroak, kurtsoak, hitzaldiak…antolatu behar dira, alor horretan lan egiten duten erakundeekin elkarlanean, Gurutze Gorriarekin, adibidez. Hirigintzatik herria pertsona horien beharretara egokitzeko ere lan egin behar da, adin ezberdinetako helduei zuzendutako gune eta leku bereziak sortuz. Hala, elkarren artean harremanak sortuko dituzte eta elkarri laguntzeko prest egongo dira. Gai honetan apusu berezia egin behar dela uste du Ezker Batuak, eta nire ustez beste alderdiek ez dituzte behar zehatz horiek ikusten.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ere aldarrikatzen duzue.
Eta berdintasun hori lortzeko lan egingo dugu buru belarri. Eskoletan, kalean, elkarteetan… berdintasuna lortzea da gure helburua, gune horietan ideia horiek bultzatuz. Herritarren artean gizalegea bultzatzea eguneroko lanik sakonena da, oker dauden jokabideak, esaerak, ekintzak… zuzenduz. Eta hori da Ezker Batuak orain arte egin duena, eta hemendik aurrera egingo duena.
Gazteei dagokienez, zer proposatzen du Ezker Batuak?
Orain arte lortu ditugun helburuak mantendu eta horiekin aurrera egitea izango da helburua. Gazteak udaletxera gerturatzea beharrezkoa da, dituzten kezkak jakitera eman ditzaten eta udaletik beraien helburuak lortzen laguntzeko. Gazteei zuzendutako ekintzak antolatzea ere garrantzitsua da, gazteak mugitzen diren eremuak indartuz eta gazteekin batera gauzak landuz. Orain gazteak direnak helduak egiten direnean, beraien seme-alabek ere bide berdina egin dezaten lan egingo dugu, gazteen eta udalen artean lankidetza eta harreman kate luze bat sortuz.
Herritarrek zenbat parte hartu ahalko dute udaletako erabakietan?
Udaletan egiten diren bileretara herritarrak erakarri nahi ditugu. Gazteak, helduak, elkarteetako jendea… bildu, eta erabaki guneetan egon daitezen bultzatuko dugu. Batzordeak irekiak izango dira, eta hala, udal batzarrak egin aurretik erabakiak nola hartzen diren ikusi ahalko dute herritarrek. Beasainen, adibidez, udal batzarretako ordutegia ere aldatuko dugu. Orain goizez egiten dira, eta inor ez da joaten, gai konkretu bat landu behar denean ez bada. Horregatik, udalbatzarrak arratsaldez izateko borrokatuko dugu.
Udaletako aurrekontuei begira, legealdi honetan zein izango dira inbertsio guneak?
Inbertsio asko hirigintza alorrean egiten dira beti, inbertsio horien emaitzak beste alor batzuetan eragina dutelako, Ongizatean, adibidez. Dirua Hirigintza sailak jartzen du baina, emaitzak beste sailetan ikusten dira. Inbertsio guztiak ingurugiroa kontuan hartuta egingo ditu gainera Ezker Batuak. Errepide bazterretan zarata murrizteko panelak jartzen diren lekuetan, material ekologikoa erabiliz egindako panelak jartzea bultzatuko dugu, zarata gehiago xurgatzen dutelako eta gainera ekologikoagoak direlako. Ohiko panelak baino erakargarriagoak dira bistarako, eta materiala oso ona da. Herrietako taldeei, elkarteei, erakundeei laguntzen ere jarraituko dugu, laguntzak emanez, gure helburua beti herritarrak direlako, eta udalaren dirua herritarren dirua delako.
Sasieta ixtear da eta erraustegia egiteko lanak egiten hasi dira. Zein da zaborren inguruan hartu litekeen erabakirik onena?
Gure hitz magikoa birziklatzea da. Jendeak dagoeneko hartu du birziklatzeko ohitura, eta orain ikus behar dena da birziklatutako material horrekin zer egiten den. Bosgarren edukiontzia jarri da martxan orain dela gutxi Goierrin, baina etxez-etxeko sistema jartzeko erabakiaren inguruan ez da hausnarketa sakonik egin. Nire ustez, herri txikietan atez-ateko aukera aztertu behar da, eta eskualdeko herriak horretarako aproposak dira. Idealena da herri bakoitzak zaborra jasotzeko zein sistema ezarri nahi duen erabakitzeko autonomia izatea, hori eginda jakingo dugulako ondoen sistema bakoitzak dituen onurak eta gabeziak. Nik uste dut gainera, bosgarren edukiontziak gabeziak izan ditzakeela, eta atez-ateko sisteman ondo funtzionatuko duela Goierrin.
Goierriko hainbat herri zeharkatuko ditu abiadura handiko trenak urte batzuk barru. Nola egingo duzue lan aurrerantzean gai honen inguruan?
Penagarria da, baina Europa erdigunetik datorren erabaki bati aurre egitea oso zaila da. Jende askok egin dio aurre erabakiari, baita guk ere, eta egin diren kalteak ezingo dira konpondu. Hori oso larria da, are gehiago kontuan izanda gure herrian beste hainbat garraiobide daudela. Dena aurrerapenaren izenean egiten da, baina ideia hori aldatu egin behar da, beste era bateko aurrerapena behar dugulako. Gure herria txikia da eta garraio mota guztiak ditugu batetik bestera joateko, horregatik iruditzen zaigu AHT horren proiektu burugabea. Gure lana, dagoeneko baditugun garraiobideak bultzatzea izango da.
N-1 errepidean eta Deskargan bidesaria jartzeko erabakia ere hartu dute Batzar Nagusietan.
Oso erabaki okerra da, orain gauden momentu ekonomikoan batez ere. Langile askok behar dituzte errepide horiek lan egiteko, eta errepide horiek zergen bidez jasotakoarekin eraikitzen dira. Zergak ordaindu eta ondoren bidesaria ordaintzea iraultza zerga bat bezalakoa litzateke. Onurak baino gehiago kalteak eragingo ditu, langileek egunero erabiltzen dutelako errepide hori.
Kultura alorrean, aberatsa al da Goierri?
Egunerokoan oso aberatsa da, baina nik gabezia batzuk ikusten ditut. Herrien artean harreman estua dugu kultur eta kirol ekintzak antolatzeko, baina ekintza horiek publiko zehatz batera bideratzen direla uste dut. Haurrentzat eta, batez ere, hirugarren adinekoentzat ekintza gehiago behar dira, beraiei zehazki zuzenduta. Eta berdin gertatzen da lekuekin, bi publiko horientzat ere gune zehaztuak falta direlako. Doan diren ekintzak ere bultzatu behar dira, eta ezin badira doan izan, bonuak bezalako aukerak jarri behar dira herritarren eskura. Beasainen, Jazpana jaialdia da adibide bat. Horrekin lotuta, eskualdean falta den gauzetako bat grabazio estudio bat dela uste dut. Gazte asko daude musika taldeetan eta beti kanpora joan behar dute maketak grabatzera. Halako gauza berrien alde apostua egin behar dela uste dut.
Eskualdean euskararen erabilera bultzatzeko beharrik badagoela uste duzu?
Nire ustez osasun ona du euskarak Goierri mailan, baina etorkinekin lan sakonagoa egin behar da. Ikusten da immigranteen seme-alabek euskararen erabilera normaltasunez hartu dutela, baina zailena da helduei ere euskara erabiltzerea bultzatzea. Euskaltegiek lan oso ona egiten dute bide horretan, eta immigrante asko ari dira euskara ikasten; baina hor lan gehiago egin behar dugu.
Euskararen normalizazioari dagokionean, 60 bat hedabidek eskakizunak egin dizkiete erakunde publikoei. Zuk udaletik, nola erantzungo zenioke eskaera horri?
Erantzun oso positiboa, beharrezkoa baita laguntza hori ematea. Jendeak eskatzen badu hedabide horiek kalean egon behar dutela, politikariok hori babestu egin behar dugu. Ezinezkoa da hedabide horiek behar duten diru kopuru hori ez edukitzeagatik, eskaintza hori desagertu behar izatea. Gainera, buruan eduki behar dugu herritarrek eskaera hori egin egiten dutela.
Bildu hauteskundeetan egotea babestu duen alderdietako bat ere bazarete.
Bai, eta uste dut ez zegoela horrenbeste eztabaidatu beharrik erabakia hartzeko. Orain arte hutsune bat egon da udal askotan, eta Bildurekin hutsune hori bete egingo da. Herritar askok bozkatzeko aukera izango dute, eta herritar horien iritzia ere udaletan ordezkatuta egongo da. Ezker Batuarentzat hori oso ezinbestekoa da, aukera guztiek aniztasuna ekartzen dutelako erabaki guneetara, eta aniztasuna oso positiboa delako. Hala ere esan beharrean nago, Bilduren aldeko elkarretaratzeak egin zirenean, Beasaingo kasuan behintzat, Ezker Batua bakarrik egon zela bilkuran. Prentsaren aurrean erabakiarekin pozik daudela esateak ez du balio gero elkarretaratzean ez badira egoten.