Hemezortzi udalbatza gehiengo osoz eratuko dituzte; lautan dago zalantza
Bihar osatuko dira ofizialki Goierriko udalbatzak. Maiatzaren 22ko udal hauteskundeek utzitako emaitzek, erabat aldarazi dute Goierriko mapa politikoa, eta horrek eragin nabarmena izango du udalen osaketan ere. Hogeita bi herrietatik 18tan, gehiengo osoz aginduko du hauteskundeak irabazi zituen alderdiak. Lau herritan dago zalantza: Beasainen, Urretxun, Zumarragan eta Ormaiztegin. Ikusteko dago herri horietan boto gehien jaso zituen alderdiak gutxiengoan aginduko duen edota bestelako paktu eta hitzarmenak beharko diren gehiengo horiek osatzeko.
Azken hiru asteetan, hainbat bilera egin dituzte alderdi politikoetako ordezkariek, udal eta foru erakundeei begira, zein hitzarmen eta babes politika jarraitu behar duten erabakitzeko. Momentuz atera daitekeen ondorio garbi bakarra, Gipuzkoako hiru alderdi nagusiek, Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, euren hautagaitzak aurkeztu eta babestuko dituztela da. Hala ere, litekeena da, alderdiek goitik iragarritakoaren kontra, herri mailan bestelako jokaldiak izatea. Horrek berak ere, eragina izango du Beasainen, Urretxun eta Zumarragan bihar har daitezkeen erabakietan.
Beasainen, aukerak zabalik
Beasainen esaterako, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, baina ez du bere kasa gobernua osatzeko nahikoa gehiengorik. Horrek bi aukera zabaltzen ditu: Bata, Bilduk udal gobernua gutxiengoan osatzea; eta bestea, EAJk, PSE-EEk eta beste alderdiren batek (PPk eta H1!ek zinegotzi bana dute) bat egin eta bestelako gobernu bat osatzea.
Gai horren inguruan, prentsa aurreko agerraldia egin zuen atzo Beasaingo Bilduk. EAJri, jarreraz aldatu izana leporatu diote eta oraindik ez dituztela hauteskundeetako «emaitzak irentsi». Hiru bilera egin dituzte alderdi jeltzalearekin. Aitor Larbururen arabera, bigarren bileran «bi aldeen programak alderatu» zituzten, hurrengo bilera bati begira «aukera guztiak zabalik utziz». Asteazkenean egindako azken bileran ordea, «berriz ere aldaketa» izan da jeltzaleen jarreran. «EBB-ren erabakiak aukera guztiak itxi» dituela diote. Hala, EAJk bere hautagaia aurkezteak, alkatea nor izango den erabakitzea PSE-EE eta PP alderdien esku utziko duela salatu dute. Horrekin, «aldaketa erabaki duen herritargoari iruzur berri bat» egin diotela uste du Bilduk.
Urretxun ere antzeko egoera dago. Bilduk irabazi zuen botoetan, baina EAJk, PSE-EEk eta H1!-ek bat eginez gero, gehiengoa osatu lezakete. Momentuz ordea, alderdi horiek ez dute inolako akordioren berririk eman.
Zumarragan PSEk du aukera
Zumarragako kasua oso bestelakoa da. PSE-EEk irabazi zituen hauteskundeak eta gehiengo osorik ez badu ere, gainontzeko hiru alderdiek haren kontrako beste hautagairen bati boza eman beharko liokete, eta horrek, oso zaila dirudi. Aldiz, PSE-EEk eta PPk herenegun iragarri zuten, gobernua osatzeko aukera duten herrietan, bietan zerrendarik bozkatuenari emango diotela botoa, eta horrek dirudi aukerarik logikoena, Zumarragako kasuan.
Ormaiztegiko hiru alderdiek, hiruna zinegotzi lortu dituzte, nahiz eta boto aldetik, Bildu izan zen zerrendarik bozkatuena. Programetan dituzten antzekotasunak ikusita, pentsatzekoa da Orbel hautes zerrendak Bildurekin bat egin dezakeeela, pasa den legegintzaldian EAE-ANVrekin egin zuen moduan.














