‘Errege bidea, Santiago bidea: Igartzatik San Adrianeraino’ liburua idatzi du Isabel Elortzak
Zegamako Udalak antolatutako Xabier Azurmendi bekaren bidez, Errege bidea, Santiago bidea: Igartzatik San Adrianeraino liburua idatzi du Isabel Elortzak. Goizean egin du liburuaren aurkezpena Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan azaldu due...
Zegamako Udalak antolatutako Xabier Azurmendi bekaren bidez, Errege bidea, Santiago bidea: Igartzatik San Adrianeraino liburua idatzi du Isabel Elortzak. Goizean egin du liburuaren aurkezpena Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian, eta bertan azaldu duenez, liburuan Donejakue bideak Beasain eta Zemaga artean gordetzen dituen “altxorrak” bildu ditu.
Beasaingo Igartza multzotik Zegamako San Adriango tunelera arte, Donejakue bidean erromesek egiten duten ibilbidea jaso du. Liburua ordea, ez da Donejakue bideari buruzko gida, ikerketa lan bat baizik. Bi urtez, hainbat artxibategitan eta liburutegitan aritu da Elortza informazioa biltzen, eta Zegama, Segura edo Idiazabalgo hainbat herritarrek oraindik gogoan dituzten kontuak eta bitxikeriak ere jaso ditu.
Liburua lau ataletan banatu du Elortzak. Bide-sarearen historia xumea egin du lehen zatian, Errege bideari eta Santiago bideari buruzko hainbat azalpen bigarrenean, bide zaharrean azken urteetan egin diren aldaketak erakusten ditu hirugarrenean eta laugarrenean errege bidean, Zegamako ezpiestruktura nolakoa zen azaldu du. Lau atalen osagarri, hainbat bitxikeria ere bildu ditu, eta dena argazki eta dokumentu historikoz hornitu du. Igartzatik San Adrianera bitartean Donejakue bidean dauden eraikin, iturri, gune, eta kaltzadei buruzko informazioa ere ematen du liburuan Elortzak.