Kirolaz gozatzeko aukera ugari izango da asteburuan Urretxun
Asteburuan hainbat kirol jarduera ospatuko dituzte Urretxun: Kirol jardunaldi integratzaileak, 3×3 saskibaloi txapelketa eta gizon proba.
Kirol jardunaldi integratzaileak hamabigarren urtez antolatu dituzte Udalak eta Eiluz elkarteak. Etzi ospatuko dituzte eta gutxitasun fisikoa dutenek kirolean egiten dute ahalegina ezagutaraztea da egun honen helburua. Hartara, herritar guztiei ireki diete parte hartzeko aukera. Hamar joko eta tailerrak egingo dituzte Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Slaloma, saskibaloia, dardoak, arrantza, futbol punteria, hegatsak hankapalu itsuak, igelaren jaurtiketa, bote jaurtiketa, hand bikea eta boccia jokoak egingo dituzte eta tailerretan, aldiz, txapak eta imanak egiten ikasiko dute. Kirol egokituari buruzko marrazkiak egiteko aukera ere emango dute. 11:00etan hasiko dituzte ekintzak 14:00ak arte.
3×3 saskibaloi txapelketa ere asteburuan egingo dute Urretxun. Gernikako Arbola plazan jarriko dituzte saskibaloi kantxak eta bihar hasiko dituzte partidak, 17:00etatik 21:00etara. Etzi ere jarraituko dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara.
Azkenik, igandean, ekainak 19, gizon proba egingo dute Barrenkaleko idi probalekuan. Urretxuko, Zumarragako, Aiztondoko eta Orioko taldeek hartuko dute lehian parte. 8 laguneko taldeek 1.000 kiloko harria ibili beharko dute plazan bueltaka. 11:30ean hasiko dute dema eta sarrera doakoa izango da.