Aurten, 500 urte beteko dira Noaingo
gudua gertatu zela; garai hartako gertakizunak gogora ekarri eta
hildakoak omentzeko ekitaldiak antolatu ditu Nabarraldek...
·Otamotz- Aurten, 500 urte beteko dira Noaingo gudua gertatu zela; garai hartako gertakizunak gogora ekarri eta hildakoak omentzeko ekitaldiak antolatu ditu Nabarraldek ekainaren 26rako.
Urte asko dira, Nabarralde elkartea, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean, Noaingo guduaren oroimena gizarteratzeko ekitaldiak egiten hasi zenetik. Gudaldi hartan ”Nafarroaren askatasunaren alde ari ziren 5.000 gudari hil zituzten inbaditzera etorritako etsaiek”, gogorazi dute Nabarraldeko kideek.
Jakinarazi dutenez urteroko ekimenak garrantzitsuak izan badira ere, aurtengoa are garrantzitsuagoa da, ” Nafarroa Garaiko konkistaren V. mendeurrenaren atarian gaudelako”. Orain 500 urte Estatua ginen, zer esanen dugu heldu den urtean? lelopean ekintza ugari antolatu dituzte ekainaren 26rako. Hitzaldiak, aurkezpenak, ohiko ibilbidea, Getzetik Iruñera bitarteko txandak, sustatzaileen esku hartzea, dantzariak, txarangak, Salestarren ikastetxean egingo duen bazkaria eta bazkalondoko kanta saioa, batzuk aipatzearren.
Donostiako ”Motako Gaztelua”, Hernaniko ”Hernani errotzen” eta Villabonako ”Aritza” elkarteek Noainera joateko autobusak antolatu dituzte, eta Gipuzkoa osora zabaldu dute deialdia. Ekainaren 26an irteerak Donostian 8etan, Hernanin 8:10ean eta Andoainen 8:20ean aurreikusi dituzte. Itzulera , 17:30ean izango da. Interesatuek erreserbak 626 671817 telefonoan egin ditzakete. Autobusaren prezioa 14€koa izango da, bazkaria berriz, 20€.