EAEko areto futbol selekzioek Aldirin jokatuko dute etzi
Etzi gazte mailako punta-puntako areto futbolaz gozatzeko aukera izango da Urretxuko Aldiri kiroldegian, Euskal Autonomia Erkidegoko areto futbol txapelketa ospatuko baitute bertan. 18 urtetik beherako selekzioek hartuko dute parte eta egun osoan zehar jokatuko dira partidak.
Goierri kirol elkarteak ekarri du txapelketa, Urretxuko Udalarekin elkarlanean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako areto futbol taldeak bilduko dira etzi Aldirin. 10:00etan jokatuko dute lehen partida, Bizkaiko eta Arabako taldeen artean. 12:30ean Gipuzkoako eta Arabako taldeek jokatuko dute eta 17:00etan azkenik, Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko azken partida jokatuko da. Atzetik, emaitzak zenbatu eta azken sailkapena osatuko dute.