Simpsonek eta Huxfordek ere beste urtebetez segiko dute Ampo Ordizian
Ampo Ordiziak talde sendoa osatu nahi du datorren denboraldirako, eta bide horretan, aurten maila ona eman duten jokalari atzerritar guztiak beste urtebeterako lotzen ari da. Pasa den asteburuan, Hearne, Parker eta Freeman jokalariei kontratua beste ur...
Ampo Ordiziak talde sendoa osatu nahi du datorren denboraldirako, eta bide horretan, aurten maila ona eman duten jokalari atzerritar guztiak beste urtebeterako lotzen ari da. Pasa den asteburuan, Hearne, Parker eta Freeman jokalariei kontratua beste urtebetez luzatuko ziela jakinarazi zuen taldeak. Orain berriz, hiru laurdeneko lerroaren txanda izango da. Hala, Zeelanda Berriko bi jokalariek, Corey Simpsonek eta Phil Huxfordek ere, beste urtebetez jarraituko dute taldean.
Simpson eta Huxford ez dira ordea, hurrengo urterako kontratua berritu duten bakarrak. Perico Martinek eta Matias Tudelak ere taldean jarraituko dute. Bi jokalari horiek, Espainiako seven selekzioarekin jokatzeko deituta daude eta egunotan, joko olinpikoetan aritzeko prestatzen ari den Top 16 taldearekin bilduta daude. Izan ere, datozen joko olinpikoetarako onartu egin dute errugbiko seven modalitatea, eta Ordiziako bi jokalariek, bertan parte hartzeko aukera dute.
Asteburuko berrikuntzak eta astean zehar egin dituztenak kontuan hartuta, zazpi kontratu berritu ditu Ampo Ordiziak. Horiekin, «taldeak oinarri sendoa eta egonkorra» izango du, eta «datorren denboraldiari aurre egiteko prest» agertu dira. Taldeak «jarraikortasunaren aldeko apustua» egin du, taldearen bloke nagusia mantenduta. Orain arteko aldaketa nagusia, Jim Dixonen ordez etorriko den Paul Healy kirol zuzendariarena izan da. Hala ere, datozen egun edo asteetan beste berrikuntzaren bat izan litekeela azaldu dute klubetik.