
Ormaiztegiko Pruden Sanchok irabazi du Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak antolatu eta Ordiziako Udalak babesten duen XX. Txiste eta Pasadizo Idatzien Lehiaketa. Orient Express trenean elkartzen diren bi biolin-jotzaileren arteko elkarrizketarekin osatu du txistea Sanchok, bilbotarrek ustez duten izaera harroa beste behin ere umorerako erabiliz. Biolina nork hobetoen jotzen duen erabaki ezina da txistearen ardatza. Atzo egin zuten sari banaketa, Goiztiri AEK-k Beasainen duen egoitzan.
Bigarren saria Joxe Antonio Muxika ordiziarrarentzat izan da, Afal ondorengo komeriak txistearengatik. Alkohola eta gidatzea bat ez datozela agerian jarri du Muxikak, alkoholaren eraginpean sarri gertatzen diren pasadizoak txiste bihurtuta.
Hirugarren eta azken saria, Beasaingo gau eskolako ikasleentzat izan da. Umore kontuetan horren ezaguna den Jaimito pertsonaitzat hartu eta Ordezkoa izeneko txistea aurkeztu dute lehiaketara ikasleek. Jaimitoren amaren lanbidea hizpide hartuta, ustezko gaizki-ulertua txistean jaso dute gau eskolakoek.
Parte hartze paretsua
Goiztiri AEKtik emandako informazioaren arabera, aurten 55 txiste aurkeztu dituzte lehiaketara. Orain urte batzuk gehiago izaten ziren aurkeztutako lanak, baina azken urteetan lan kopuru antzekoa aurkeztu dute lehiaketara. Parte hartzaileek gutxienez 16 urte izan behar zituzten txapelketan parte hartu ahal izateko, baina aurten «jende helduagoa» animatu da bakarrik, Goiztirik esan dutenez.
Aurkeztutako lanen artean onena aukeratzeko lana euskaltegiko ikasleena izan da aurten ere. Lan guztien artetik batzuk aukeratzen dituzte lehen aukeraketan, eta horien artetik aukeratzen dute irabazlea. Txisteak eta pasadizoak nola idatzita dauden baino gehiago, eragiten duten barrea hartzen dute kontuan ikasleek saridunak aukeratzerakoan.
Lehiaketaren helburua «ahozkotasuna modu idatzian adieraztea» dela esan dute euskategitik. «Bertsolaritza idatzia oso landuta» dagoela ere aipatu dute, eta txiste idatziak «gizartetik urrutiago» daudenez, antolatzen dute urtero txisteen lehiaketa.
TXISTE SARIDUNAK:
LEHEN SARIA: Pruden Sancho
Bi gizon Orient Express trenean doaz. Goiza pasatu da, arratsaldea pasatu da, gaua pasatu da… Eta egunsentia iritsi denean, gizon batek besteari esan dio:
– Aizu, nongoa zara?
– Bilbokoa naiz.
– A zer kasualitatea! Ni Santanderrekoa naiz.
– Ostia! Biok gara iparraldekoak… Eta zuk, zertan lan egiten duzu?
– Ni biolin-jotzailea naiz.
– Hara! Ni ere bai! Hau bai kasualitatea!!
– Ez da posible! Bada, ni oso biolinista ona naiz.
– Aaaa… Bada, nik izugarri ondo jotzen dut biolina. Ni bai biolinista ona, ni!
– Bada, ni Espainiako onena naiz.
– Zu? Hori ez da ezer, ni Europako onena naiz.
– Entzun mutil, eta pentsa ezazu zein ona naizen: nire herriko elizan biolina jotzen dudanean, egurrezko amabirjina negarrez hasten da.
– Hori ez da ezer; berebiziko biolinista ni naiz! Lehengo egunean, Bilboko katedralean jo nuen eta, bukatu nuenean, Kristo gurutzetik jaitsi zen, besarkada handi bat eman zidan eta esan zidan: “Zuk bai dakizula biolina jotzen, eta ez Santanderreko beste tipo horrek, nire amari beti negar eragiten diona!!!”.