Legorretan beste bi jai egun dituzte, gaur erromeria eta larunbatean Korpus festa
Azentzio jaiak ospatu zituztela hiru aste bete direnean, Legorretan aste honetan beste bi jai egun izango dituzte. Gaur, Goierriko gainontzeko herri guztietan bezala, San Joan bezpera egitarau osotuarekin igaroko dute, arratsalde partean. Etzi, berriz, herrian estimu handia duen Korpus eguna ospatuko dute, antzina herri guztietan oso zabaldua zegoen festaldiaren aztarren bakarrenetakoari legorretarrek sendo eusten baitiote. Urteko egunik luzeenaren eta udaren etorreraren jairako arratsalde osoan jarri ditu Udalaren Kultura Batzordeak ekitaldiak, gaurko. 18:00etan pilota erakustaldiarekin hasiko da giroa berotzen; pilota eskolako haurrek jokatuko dute. Iluntzean, 20:00etatik aurrera, Udalak ardoa jarriko du. Bien bitartean Solano musika eskolako trikitilariak jardungo dira musikarekin, erromeria giroan. San Joan sua 21:00etan piztuko dute. Elekun abesbatzak eta Irrintzi Alai dantza taldeak parte hartuko dute. Azentzioetan udaletxeko balkoian egon zen Gizon Pikua sutan erreko dute gero. Bestetik, udalak eskainitako ardoarekin batera, herriko dantza taldearentzat dirua biltzeko sardina erreak ere salduko dituzte. San Joan gaua trikitilariekin luzatuko dute gero. Korpus, bigarren festak Tradizioari eutsi izateaz gain, legorretar askorentzat urteko festa onena ere bada Korpus egunekoa. Larunbatean, etzi, jardunaldi betea izango dute, beraz. Ehunka lagunek parte hartu ohi duten krosa jokatuko da goizean, eta arratsaldean ardoak dastatzeko lehiaketa herrikoia, 22. aldia du aurten. Hainbat ardo mota itsu-itsuan dastatu, eta haien [...]
Azentzio jaiak ospatu zituztela hiru aste bete direnean, Legorretan aste honetan beste bi jai egun izango dituzte. Gaur, Goierriko gainontzeko herri guztietan bezala, San Joan bezpera egitarau osotuarekin igaroko dute, arratsalde partean. Etzi, berriz, herrian estimu handia duen Korpus eguna ospatuko dute, antzina herri guztietan oso zabaldua zegoen festaldiaren aztarren bakarrenetakoari legorretarrek sendo eusten baitiote.
Urteko egunik luzeenaren eta udaren etorreraren jairako arratsalde osoan jarri ditu Udalaren Kultura Batzordeak ekitaldiak, gaurko. 18:00etan pilota erakustaldiarekin hasiko da giroa berotzen; pilota eskolako haurrek jokatuko dute.
Iluntzean, 20:00etatik aurrera, Udalak ardoa jarriko du. Bien bitartean Solano musika eskolako trikitilariak jardungo dira musikarekin, erromeria giroan. San Joan sua 21:00etan piztuko dute. Elekun abesbatzak eta Irrintzi Alai dantza taldeak parte hartuko dute. Azentzioetan udaletxeko balkoian egon zen Gizon Pikua sutan erreko dute gero.
Bestetik, udalak eskainitako ardoarekin batera, herriko dantza taldearentzat dirua biltzeko sardina erreak ere salduko dituzte. San Joan gaua trikitilariekin luzatuko dute gero.
Korpus, bigarren festak
Tradizioari eutsi izateaz gain, legorretar askorentzat urteko festa onena ere bada Korpus egunekoa. Larunbatean, etzi, jardunaldi betea izango dute, beraz.
Ehunka lagunek parte hartu ohi duten krosa jokatuko da goizean, eta arratsaldean ardoak dastatzeko lehiaketa herrikoia, 22. aldia du aurten. Hainbat ardo mota itsu-itsuan dastatu, eta haien ezaugarriak eta jatorria asmatu behar da. Zahagi ardoa ireki, udalaren kontura, eta afari-merienda egingo dute gero.
Berritasun gisara argazki erakusketa antolatu dute aurten. Legorretaren azken 50 urteetako bilakaera ikusi ahalko da iruditan, pilotaleku atzeko horman.
Korpus eguneko egitaraua (larunbata, ekainak 25)
09:30. Goiz eresia, musika eskolako ikasleekin.
10:30. Haurren krosa.
11:30. Helduentzat 33. Corpus Christi Krosa.
13:00. Sari banaketa.
18:00. Ardo dastatzeko 22. txapelketa.
18:30. Zahagi ardotik ardo banaketa, udalaren partetik.
19:30. Afari merienda, plazan.
Ondoren. Burrunbazale txaranga, goizaldera arte.
Egun guztian. Azken 50 urteetako Legorretaren bilakaerari buruzko argazki erakusketa, pilotaleku atzeko horman (euria bada, elizako zimitorioan).
Korpus Krosa haurren eta helduen mailetan jokatuko da, larunbatean
Legorretako 33. Herri Krosa larunbatean 11:30ean jokatuko da, herrian barrenako zirkuituan 7,5 kilometro osatzeko. 16 urte beteak dituen gorako edonork parte har lezake. Lasterketa hasi baino ordubete lehenago udaletxean eman ahal izango da izena, dohainik. Aurreneko hiruna gizonezkoek eta emakumezkoek garaikurrak jasoko dituzte saritzat, baita lehenengo legorretarrak ere. Opariak zotz egingo dituzte partaideen artean, eta hamaiketakoa ere jarriko dute. Dutxatzeko aukera ere egongo da.
Helduen krosaren aurretik, 10:30ean, haurren lasterketa izango da. Legorreta gurutzatzen duen Gi-2131 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat, 11:30etik 12:30era, 3,5 kilometro puntutik 4,5era. Udalak krosean eta jai egunean parte hartzeko gonbita egin du.