Boteluzea, kirol zaharrena ernetzen
(Gipuzkoako Hitzan argitaratua, gaur) Euskal pilotako jokamolde ugariren sorburutzat hartzen da boteluzea, zenbaiten iritzian baita tenisarena ere. Gaur egunean modalitate ezezaguna den arren, antzina-antzinatik jokatu izan da Euskal Herrian. Azken uhartea Zuberoa izan da, orain 50-60 urte arte ohikoa baitzen hango plazetan kirol horretan aritzea. Ikastolen Elkartea, Xiba jokoen bitartez, ezagutarazteko ahaleginean ari da orain, eta «pixkanaka» gizarteko eremu zabalagora iristen ari da boteluzea. Seguran Boteluze Eguna ospatuko dute bihar, lehendabiziko aldiz. San Joan jaien egitarauaren barruan txertatu dute pilota molde zaharraren ikuskizuna. «Ugariak dira gure ondareko jolas, joko eta kirolak. Horietarik zenbait galdu egin dira, beste zenbait zokoratu, gutxietsi. Eta gutxi batzuk, berriz, erabili eta eraldatu. Baina guztietatik bakarren bat aipatu beharko bagenu, dudarik gabe euskal pilota litzateke. Hori da munduan gehien zabaldurikoa, eta bere izenean jatorria aitorturik atxiki zaion bakarra», dio Xibak aurkezpen oharrean. Pilota nabarmenena, eta boteluzea guztien arbaso. Euskal pilotaren sustraiak, jatorria eta garapena ikertzen hogei urte daramate. Pilotaren erreferentzia zaharrak «askotarikoak» badira ere, «testigantza ziurrena eta gertuena» boteluzearena dela ondorioztatu dute. Nahiz azken aztarnak Zuberoan geratu, Euskal Herriko leku askotan iraun dute testigantzek: mendietako toponimian, batetik; gerora herri askotan dauden botaharrietan, bestetik. Artzainen arteko jokoa Zuzeneko jokoa da boteluzea, bi talde aurrez aurre jartzen dituena. [...]
(Gipuzkoako Hitzan argitaratua, gaur)
Euskal pilotako jokamolde ugariren sorburutzat hartzen da boteluzea, zenbaiten iritzian baita tenisarena ere. Gaur egunean modalitate ezezaguna den arren, antzina-antzinatik jokatu izan da Euskal Herrian. Azken uhartea Zuberoa izan da, orain 50-60 urte arte ohikoa baitzen hango plazetan kirol horretan aritzea. Ikastolen Elkartea, Xiba jokoen bitartez, ezagutarazteko ahaleginean ari da orain, eta «pixkanaka» gizarteko eremu zabalagora iristen ari da boteluzea.
Seguran Boteluze Eguna ospatuko dute bihar, lehendabiziko aldiz. San Joan jaien egitarauaren barruan txertatu dute pilota molde zaharraren ikuskizuna. «Ugariak dira gure ondareko jolas, joko eta kirolak. Horietarik zenbait galdu egin dira, beste zenbait zokoratu, gutxietsi. Eta gutxi batzuk, berriz, erabili eta eraldatu. Baina guztietatik bakarren bat aipatu beharko bagenu, dudarik gabe euskal pilota litzateke. Hori da munduan gehien zabaldurikoa, eta bere izenean jatorria aitorturik atxiki zaion bakarra», dio Xibak aurkezpen oharrean.
Pilota nabarmenena, eta boteluzea guztien arbaso. Euskal pilotaren sustraiak, jatorria eta garapena ikertzen hogei urte daramate. Pilotaren erreferentzia zaharrak «askotarikoak» badira ere, «testigantza ziurrena eta gertuena» boteluzearena dela ondorioztatu dute. Nahiz azken aztarnak Zuberoan geratu, Euskal Herriko leku askotan iraun dute testigantzek: mendietako toponimian, batetik; gerora herri askotan dauden botaharrietan, bestetik.
Artzainen arteko jokoa
Zuzeneko jokoa da boteluzea, bi talde aurrez aurre jartzen dituena. Xiba jokamolde estandarra arautzen saiatu da, baina aldaera eta jokatzeko modu bat baino gehiago daudela argitu dute. «Antzina pilota soroetan jokatzen zuten, mendian. Artzainek sortutakoa dela dio teoria batek, elkartze gune edo festa egiteko aukera. Gerora herrietara jaitsi zen pilota jokoa, horma, tresna, punpa eta gainerako osagaiak erantsita», azaldu du Xiba jokoen teknikari Eñaut Telleria segurarrak.
Pilota soro, soropil, jokaleku, pilgune, pilota zelai… leku izenek adierazten dute boteluze pilota jokoaren jatorrizko kokagunea. Aralarren gisa horretako toponimoak badira, baita Oiartzualdeko mendietan ere. 55-60 metro luzeko eremu irekietan jokatzen zen, joko zelaia mugatuta. Antzinako molde gehiago badira, errebotea, mahai joko eta laxoa adibidez, baina boteluzea lehenagokotzat jotzen dute.
Beste ikerketa hipotesi batek gaur egungo tenisa ere boteluzearen ondorengotzat hartzen du. Kintzeak (tantoak) eta jokoak kontatzeko modua, aurrez aurreko joko zuzena, zelaia erdibitzea eta eremu aldaketen sistema antzekoak ditu, izan ere, tenisak. Beste zenbaiten arabera, frantses jeu de pomme-etik (sagar jokoa) eratorria litzateke boteluzea.
Galtzear zen jokoa hezkuntzaren bidetik ari dira suspertzen. Gaur egun Gipuzkoan du osasun onena boteluzeak, Telleriaren arabera. Ikastetxeetan zortzigarren urtez landu dute, Xiba jokoen barruan —euskal kirolak ikasteko eta egiteko Ikastolen Elkartearen ekimena—, Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilekin. Ipar Euskal Herrian ere ari dira zabaltzen. «Kostatzen ari da, baina pixkanaka ezagutarazten ari gara, batez ere Gipuzkoan. Irakasleen egitekoa garrantzitsua da horretan, haiek jokoa menderatzen badute, baliabideak dituztelako gero irakasteko ere».
Zuzeneko pilota jokoak Gipuzkoan daude indartsuen. Oiartzungo pilota plaza berriaren inguruan egiten ari diren zabalkunde lana aipatu dute teknikariek, baita Villabonan eta Zubietan dagoen errebotearen tradizioa ere; Ipar Euskal Herrian, boteluzeak Zuberoan jarraitzen du. Nafarroako Baztanen ere saiatu dira ernearazten, Valentziako (Herrialde Katalanak) pilotarien aurka desafioak antolatuta.
Segurako biharko I. Boteluze Eguna Euskal Herri mailakoa izango da. Aurrez herrialdeka jaialdi bana egiteko asmoa zuten, «baina joko ezezaguna denez, asko kostatu da», eta gehienak ez dira gauzatu. Urdiñarben (Zuberoa) bai, egin zuten jaialdia.
Ikastetxeetan transmisioa eta ezaupidea lantzeaz gain, gizartean gehiago zabaldu nahi dute boteluzea. «Egun aisialdiko eremura egin nahi dugu salto. Pilota eskolak, elkarteak, pilotazaleak, kuadrillak, gazte asanbladak… edozein herritar taldek hartu ahal izango du parte», dio Xibak. Aukera bat, bihar, Seguran.
Seguran lau taldek erakustaldia egingo dute, eta ikusleek ere aritu ahalko dute
Lehendabiziko Boteluze Egunean, bihar Seguran, pilota joko mota hori bertatik bertara ikusteko aukera gutxietakoa izango da. Lau talde arituko dira: Altzo, Azpeitia, Ipar Euskal Herriko bat eta oraindik baieztatu gabeko laugarren bat. 16:30ean elkartuko dira, eta ikuskizuna 17:00etan hasiko da, Baratze pilotalekuaren ondoko kirol kantxan.
Bi orduko saioan, boteluzearen teknika, araudia eta joko moldea ikusi ahalko dira. Mikrofonotik azalpenak emango dituzte adituek. «Beste kirolen fase berean ez dagoenez, ezagutarazi beharra dago», dio Eñaut Telleriak. Erakustaldia bukatutakoan, ikusleek eurek jokatu ahalko dute, bai haurrek, bai helduek.













