Goierri Beheko 8 herriren arteko pilota txapelketa bihar bukatuko da, Lazkaon
LAPKE Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkarteak antolatutako Goierri Beheko zortzi udalerritako eskola-umeen pilota txapelketa bihar bukatuko da, finalak jokatuta. Lazkaoko plazako pilotalekuan, 18:00etatik aurrera lehiatuko dira hiru herritako sei talde, a...
LAPKE Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkarteak antolatutako Goierri Beheko zortzi udalerritako eskola-umeen pilota txapelketa bihar bukatuko da, finalak jokatuta. Lazkaoko plazako pilotalekuan, 18:00etatik aurrera lehiatuko dira hiru herritako sei talde, adin maila bakoitzean finala bana jokatzeko.
Zuriz jantzita eta norberaren herriaren izenean, 18 pilotari elkartuko dira azken neurketetan. Lazkaok bi talde sartu ditu finaletan, Idiazabalek hiru eta Ordiziak bat. Hiru final dira, eta gazteenetik zaharrenera aterako dira kantxara. Lehenbizi 2002. urtean jaiotakoen finala, gero 2001ekoena, eta azkenik 2000ko haurrena ikusi ahalko dira.
Lehen finala Lazkao-Ordizia2 izango da. Atin, Garmendia, Arnaz eta Larrañaga ariko dira Lazkaorekin, Bilbatua, Villar eta Aranburu Ordiziarekin.
Hamar urtekoen mailan, Lazkao-3k Garmendia, Lasa eta Pajares kantxaratuko ditu, Idiazabal-1eko Lizarralderi eta Mintegiri aurre egiteko. Azkenik, helduenen finala idiazabaldarren artekoa izango da: talde batean Imaz, Lopez eta Urteaga, eta bestean Agirre, Garmendia eta Urkizar.
Haurrek eskola kiroleko denboraldia bukatu ondoren hasi zen Goierri Beheko txapelketa, maiatzaren hasieran. Sei herritako 63 haurrek parte hartu dute.
Iraitz Zubizarreta, txapeldun
Lazkaoko pilota elkarteko kide Iraitz Zubizarretak, bestetik, Gipuzkoako Talentudunen Txapelketa irabazi du. Asteburuan Zestoan izan zen finalean Alberdi azpeitiarrari 16 eta 5 irabazi zion.
Gaur, 18:30ean, Udaberriko partidak daude Lazkaoko plazan.













