Altamira auzoan girotuko dituzte Ordiziako jai nagusien atarikoak
Herriko festa nagusien atarian, auzoetan ari dira jai giroa berotzen. Duela bi aste Otegi enea-Majori auzokoak ospatu bazituzten, orain Altamirakoen txanda izango da. Iaz antolatu zituzten aurreneko aldiz, eta auzotarren artean «harrera ona» izan zutela ikusita, aurten ere ekitaldi sorta antolatzea erabaki dute. Ostiral arratsaldetik igande gauera arte iraungo dute, eta herri giroko ekintza ugari prestatu dituzte, tartean, futbolin txapelketa, auzo afaria eta matutina. Aurtengo berrikuntza, larunbat arratsaldeko mus txapelketa izango da. Antolakuntza lanetan ibiltzen den auzotarretako bat da Joseba Imaz. Altamirako festek, «giro herrikoia» izaten dutela azaldu du. Iaz antolatu zituzten aurreneko aldiz eta «harrera oso ona» izan zuten. «Jendeak antolatutako ekintzetan parte hartu zuen, patata tortilla lehiaketan esaterako, hogei lagun aritu ziren». Aurten ere, «denentzako ekitaldiak» antolatu nahi izan dituzte. «Iaz gehienbat umeentzako ekitaldiak izan ziren, eta aurten berrikuntza batzuk sartzen saiatu gara». Hala, futbolin eta mus txapelketak antolatu dituzte, aurreneko aldiz. Bihar arratsaldean botako dute jaien hasierako suziria. Futbolin txapelketa eta buruhandiak izango dituzte arratsalde partean. 21:00etan, jubilatuentzako luntxa emango dute, eta Cafe Irlandes taldeak girotuko du gau parteko festa. Auzoen arteko herri kirolak Aurtengo festek dakarten beste berrikuntzetako bat, auzoen arteko herri kirol saioa da. «Duela bi aste Otegi-eneako festetan egin genuen, eta orain bueltakoa izango [...]
Herriko festa nagusien atarian, auzoetan ari dira jai giroa berotzen. Duela bi aste Otegi enea-Majori auzokoak ospatu bazituzten, orain Altamirakoen txanda izango da. Iaz antolatu zituzten aurreneko aldiz, eta auzotarren artean «harrera ona» izan zutela ikusita, aurten ere ekitaldi sorta antolatzea erabaki dute. Ostiral arratsaldetik igande gauera arte iraungo dute, eta herri giroko ekintza ugari prestatu dituzte, tartean, futbolin txapelketa, auzo afaria eta matutina. Aurtengo berrikuntza, larunbat arratsaldeko mus txapelketa izango da.
Antolakuntza lanetan ibiltzen den auzotarretako bat da Joseba Imaz. Altamirako festek, «giro herrikoia» izaten dutela azaldu du. Iaz antolatu zituzten aurreneko aldiz eta «harrera oso ona» izan zuten. «Jendeak antolatutako ekintzetan parte hartu zuen, patata tortilla lehiaketan esaterako, hogei lagun aritu ziren».
Aurten ere, «denentzako ekitaldiak» antolatu nahi izan dituzte. «Iaz gehienbat umeentzako ekitaldiak izan ziren, eta aurten berrikuntza batzuk sartzen saiatu gara». Hala, futbolin eta mus txapelketak antolatu dituzte, aurreneko aldiz.
Bihar arratsaldean botako dute jaien hasierako suziria. Futbolin txapelketa eta buruhandiak izango dituzte arratsalde partean. 21:00etan, jubilatuentzako luntxa emango dute, eta Cafe Irlandes taldeak girotuko du gau parteko festa.
Auzoen arteko herri kirolak
Aurtengo festek dakarten beste berrikuntzetako bat, auzoen arteko herri kirol saioa da. «Duela bi aste Otegi-eneako festetan egin genuen, eta orain bueltakoa izango dugu». Altamirako taldeaz gain, Otegi enea-Majori eta Eskarabilla auzoetakoek ere parte hartuko dute, larunbat arratsaldean, 18:00etan hasita.
Horiez gain, larunbatean umeentzako ekitaldi sorta izango da. Goizean toka txapelketa eta marrazki lehiaketa egingo dituzte. Arratsaldean berriz, jolasak, Iban magoaren ikuskizuna, buruhandiak eta erraldoiak izango dira Patata tortilla lehiaketa ere larunbatean egingo dute, 12:30ean hasita. Gauean, auzo afaria izango da, bertsolariekin.
Musika aldetik ere, festak ondo janzten saiatu dira, eta Drindots eta taldeak joko du larunbatean. Goizaldean, Xabier Garcia DJ-a ere izango da. Hark lagunduta, matutina ere egingo dute. «Danborradako musika jarriko du; guk makilak banatuko ditugu eta bakoitzak etxetik ekartzen duenarekin joko du».
Igande gauean bukatuko dituzte hiru eguneko festak, Egan taldearen dantzaldiarekin eta sardinaren hiletarekin.
EGITARAUA:
Ostirala
- 17:00. Festen haserako suziria eta futbolin erraldoia.
- 18:00. Futbolin txapelketa.
- 20:00. Buruhandiak eta erraldoiak.
- 21:00. Jubilatuen luntxa.
- 23:00. Cafe Irlandes taldea.
Larunbata
- 10:00. Umeentzako toka.
- 11:00. Marrazki lehiaketa.
- 12:30. Patata tortilla lehiaketa.
- 13:00. Trikipoteoa.
- 16:00. Umeentzako jolasak eta Mus Txapelketa.
- 17:00. Iban Magoa.
- 18:00. Auzoen arteko herri kirol saioa.
- 20:00. Buruhandiak eta erraldoiak.
- 21:00. Bertso afaria.
- 23:00. Drindots taldea.
- 00:00. Mozorro lehiaketa.
- 03:00. Xabi Garcia DJ-a.
- 03:30. Kaltzontzillo eta tanga arteko olinpiadak.
- 06:00. Matutina.
Igandea
- 12:00. Errondaila.
- 16:00. Toka txapelketa eta umeentzako ipuinak.
- 20:00. Egan taldea.
- 23:00. Sardinaren hileta.