![](http://goierri.hitza.eus/site/files/2011/07/IMG_6266.jpg)
Donejakue Bidearen Lagunen Beasaingo taldeko beteranoetako bat da Antonio Jarit (Urretxu, 1958). Urteak daramatza barrualdeko bidea berreskuratzeko lanean. Beasaingo bulegoan aritu zen aurrena, eta orain, gustora dago Igartzan jarri duten aterpetxearekin. Oraindik berria bada ere, «gero eta jende gehiago» etorriko dela uste du.
Duela 25 urte sortu zen Gipuzkoako Donejakue Bideen Lagunen Elkartea. Zein helbururekin?
25 urte daramatzagu lanean bidearen alde eta bidearentzako. Gure helburu nagusia, Donejakue bideak sustatzea da. Gipuzkoan bide bide daude: bat hau, barrualdekoa, eta bestea, kostakoa. Horretarako urtean zehar hainbat aktibitate egiten ditugu, bideak markatu, ibilbidea ezagutarazteko jardunaldiak antolatu… Dena bidearekin lotuta. Gero, bidean zehar hainbat aterpetxe ditugu, eta bazkideok eta boluntarioek, gurera etortzen den jendea hartzen dugu.
Galduta zeuden bideak berreskuratzeko lana ere egin duzue, ezta?
Bideak markatu eta garbitzeko taldeak osatu eta irteerak egiten ditugu. Tarteka, bide nagusi horien beste aldaera batzuk berreskuratzen ere saiatzen gara; azkena, Saiatzeko bidea, Lasarte aldetik Zerainera mendiz datorrena. Duela sei urte, barrualdeko bidea berritzeko irteera bat egin genuen. Herriz herri joan ginen, bidea ezagutarazi, udaletxeetara jo, bidea markatu… Aurten berriz egingo dugu lan hori. Uztailaren 26an Irundik abiatu eta Gipuzkoa eta Araba zeharkatuko ditugu.
Kostakoaren aldean, oraindik masifikatu gabeko bidea da hau…
Eta eskerrak! Nik uste bide bati gerta dakiokeen gauzarik okerrena dela. Bide batek ezaguna izan behar du, jendeak hortik ibili behar du, baina masifikazioak txarrak dira. Frantziar bidea eta kostakoa, ezagunak dira, eta urte osoan jende asko ibiltzen da. Ibiltzea gogoko duen jendeak bide lasaiagoak bilatzen ditu, eta pixkanaka, bide hau erabiltzen ere hasi dira, eta gero eta gehiago izango dira gainera.
Aterpe berria da hau. Kalkuluren bat egin al duzue, uda honetan zenbat jende pasako den jakiteko?
Kalkuluak egitea ez da erraza. Aterpe hau ireki berria da eta oraindik jende askok ez du ezagutzen. Gainera jendeak bere etapak oso markatuta izaten ditu, eta hortik ez dute atera nahi izaten. Baina pixkanaka ezagun egiten joaten den heinean, nik uste puntu garrantzitsua izango dela. Orain, zenbat jende etorriko den? Uda honetan 150 bat lagun etorriko balira, ez litzateke kopuru txarra izango. Nik uste gehiago ere izan daitezkeela. Irundik urtero 6.000-8.000 lagun hasten dira. Gehienak kostara joango dira, baina horietako batzuk iritsiko dira honera.
Aterpetxearekin batera, bulegoa ere bertan jarri duzue. Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Boluntario aritzen diren ospitalariek, erromesei harrera egin eta agiriak sinatzen dizkiete. Elkarteko bazkideok ere ostegunero egoten gara, 19:30etik 21:00etara, bidearen eta herriaren inguruko informazioa emateko. Eta Goierriko jende guztiari bidea hemendik, beraien etxe ataritik hasteko deia egiten diegu. Niretzat ez du zentzurik Irunera edo Orreagara joan eta handik hasteak. Garai bateko erromesak ez ziren atzera joango, gero bueltatzeko; euren etxe ataritik hasiko ziren. Bakoitzak bere bidea egin behar du. Niretzat ez dago bide nagusi edo bakar bat; bidea egiteko modu asko daude, erromesak adina.
Hilaren 25ean, Santiago eguna ospatuko duzue Igartzan?
Donejakue Bideen Lagunen elkarteak urtero ospatzen du Santiago eguna. Hasieran beti Donostian egiten zen, baina gero, puntu ezberdinetan egitea erabaki genuen. Hainbat tokitan izan gara, eta aurten, Beasainen egitea erabaki dugu. 80-90 bat lagun elkartuko gara. Hildako bazkideen aldeko meza egingo dugu, eta Juantxo Agirrek, bidearen inguruko hitzaldi bat emango du. Gero, Igartzako multzoa bisitatu eta bazkaria egingo dugu Dolarean, queimada eta guzti. Eta hilaren 30ean, barrualdeko euskal bidearen inguruko jardunaldia egingo dugu hemen, Beasainen.