Mendi lasterketak, ekonomia sortzaile
Ehunmiliak eta Zegama-Aizkorriren moduko mendi lasterketek eragin handia dute egiten diren herri eta eskualdeetan, ekonomia, turismo eta gizarte aldetik. Hala dio FEDME Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak egindako ikerketa batek. Txosten horretan, horrelako lasterketek inguruko jatetxeetan eta ostatuetan duten eragina eta herri horren izena munduan zehar zabaltzeko duen gaitasuna agerian uzten ditu.
Turismoari dagokionean, inguruko nekazal turismoetara jende ugari ekartzeaz gain, Goierri ezagutarazteko ere balio duela uste du Goitur turismo agentziako Niko Osinaldek. «Txostenak garbi uzten du horrelako probek inpaktu ekonomiko handia dutela egiten diren eskualdeetan. Eta ez bakarrik probaren egunetan, baita aurretik eta ondoren ere». Izan ere, iaz, proban parte hartu behar zutenetako asko, Goierrin izan ziren Aste Santuan eta maiatzeko zubian, ibilbidea aurrez ezagutzeko. Baita ondoren ere. «Kasu askotan, proban parte hartu zutenak, abuztuan familiarekin bueltatu ziren, nekazal turismoren batera».
Baina probaren inguruko aste edo hilabeteetan jendea erakartzeaz gainera, FEDMEren txostenaren arabera, beste eragin bat ere badute turismoari dagokionean. Izan ere, herriaren eta eskualdearen izena zabaltzen dute nazioartean. Niko Osinaldek, «bozgorailu efektua» deitzen dio horri. «Eskualdea saltzeko beste modu bat da. Jendeak proba horren bidez eskualde hau mapan kokatzen du, eta hor beste destino bat dagoela konturatzen da. Inpaktu soziala ere garbia da beraz».
Turismo motari dagokionean, nekazal turismoak eta hotelak dira parte hartzaileek gehien aukeratzen dituztenak. Horrek harritu egin zuela aitortzen du Osinaldek. «Ehunmiliak proba aurreneko aldiz antolatzen hasi zirenean, nire ezjakintasunean, pentsatzen nuen gehienak furgonetan edo auto-karabanan etorriko zirela. Bi gune prestatu ziren ibilgailu horientzako, eta azkenean, 30 besterik ez ziren etorri. Gainontzeko guztiek, inguruko nekazal turismoetan eta hoteletan hartu zuten ostatu».
Txostenak jasotzen duen beste eraginetako bat, nekazal inguruneetako azpiegiturak hobetzeko egin dezaketen ekarpena da. Izan ere, proba horien aitzakian, hainbat bide eta pista berritu edo konpondu egiten dituzte erakunde publikoek. Hain zuzen ere, erakunde horien babesa izateak probarentzat duen garrantzia ere jasotzen dute ikerketek. Naturan eta ingurunean izan dezaketen eragina ere aztertu dute, baina atera dituzten ondorioen arabera, proba horiek ez dute kalterik eragiten, parte hartzaileek, antolatzaileek eta laguntzaileek, «dena aurkitu zutenean bezain ondo edo hobeto uzteko kontzientzia» izaten baitute.
Azkenik, kirol mota horrekiko afizioa sortzerako garaian proba horiek duten garrantzia ere aipatzen du txostenak. Mendi lasterketek «kirol praktika sustatu» egiten dutela dio, «batez ere inguruko gazteen artean».