Ataungo Atauniker kultur elkarteak mendi ibilaldi historiko gidatua prestatu du hilaren 23rako, 1936ko gerran erreketeak Goierrira sartu zireneko ibilbide berbera egiteko
Urtemuga gerturatzen ari den adinean, Goierriko herrietan hasiak dira ekitaldiak eta oroimen historikoa freskatzeko ekimenak prestatzen. 1936ko gerra piztu zela 75 urte betetzear dira, eta efemeride esanguratsu horren harira Ataunen, adibidez, ibilaldi berezia egitea proposatu du Atauniker kultur elkarteak, uztailaren 23rako. Nafar erreketeak, Francoren aldeko altxatuen tropetan Goierrira sartu zireneko unea eta ibilaroa gogoratuko dituzte hurrengo larunbatean. Memoria historikoa gogoan goiburupean, eta gertakari lazgarri haiek ez ahazteko xedea hartuta, Nafarroako mugatik Ataunera nondik nora joango ziren errepasatuko dute. Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz txangoa. 1936ko uztailaren 25ean sartu ziren altxatuak Ataundik barrena. Lizarrustitik aurrera ekin zuten, mendiz mendi, Ataun San Martingo herrigunera iritsi eta hura hartu arte. Datorren uztailaren 23ko txangoan paraje berberetan ibiltzeko txangoa prestatu du Ataunikerrek. Mendi ibilaldi historiko gidatua izango da, leku jakinetan azalpenak eta jakingarriak aditzeko modukoa. Lizarrustiko parketxetik oinez abiatu, eta lauzpabost orduko iraupena izango du. Lizarrustitik San Martinera Malcampo kapitainaren aginduetara erreketeek jarraitu zuten ibilbidea, eta hilaren 23an errepikatuko dutena, hauxe da: Lizarrustitik Lareora igo, Marumendi, Elorreta, Agautz, Aldasbarrena, Erremedio, Aietzio gainez gain pasatu, Bedamako zelaia, Loibideko zuloa, Ikarandieta, Urdarano, Iraan, Agerre, eta Iztatorren bukatu. Txangora edonor joan daiteke, aurretik izena emanda (uztailaren 18rako). Telefonoz hots egin behar zaio antolatzaileotakoren bati: Jexux (645 73 [...]
Urtemuga gerturatzen ari den adinean, Goierriko herrietan hasiak dira ekitaldiak eta oroimen historikoa freskatzeko ekimenak prestatzen. 1936ko gerra piztu zela 75 urte betetzear dira, eta efemeride esanguratsu horren harira Ataunen, adibidez, ibilaldi berezia egitea proposatu du Atauniker kultur elkarteak, uztailaren 23rako.
Nafar erreketeak, Francoren aldeko altxatuen tropetan Goierrira sartu zireneko unea eta ibilaroa gogoratuko dituzte hurrengo larunbatean. Memoria historikoa gogoan goiburupean, eta gertakari lazgarri haiek ez ahazteko xedea hartuta, Nafarroako mugatik Ataunera nondik nora joango ziren errepasatuko dute. Iaz egin zuten lehenbiziko aldiz txangoa.
1936ko uztailaren 25ean sartu ziren altxatuak Ataundik barrena. Lizarrustitik aurrera ekin zuten, mendiz mendi, Ataun San Martingo herrigunera iritsi eta hura hartu arte.
Datorren uztailaren 23ko txangoan paraje berberetan ibiltzeko txangoa prestatu du Ataunikerrek. Mendi ibilaldi historiko gidatua izango da, leku jakinetan azalpenak eta jakingarriak aditzeko modukoa. Lizarrustiko parketxetik oinez abiatu, eta lauzpabost orduko iraupena izango du.
Lizarrustitik San Martinera
Malcampo kapitainaren aginduetara erreketeek jarraitu zuten ibilbidea, eta hilaren 23an errepikatuko dutena, hauxe da: Lizarrustitik Lareora igo, Marumendi, Elorreta, Agautz, Aldasbarrena, Erremedio, Aietzio gainez gain pasatu, Bedamako zelaia, Loibideko zuloa, Ikarandieta, Urdarano, Iraan, Agerre, eta Iztatorren bukatu.
Txangora edonor joan daiteke, aurretik izena emanda (uztailaren 18rako). Telefonoz hots egin behar zaio antolatzaileotakoren bati: Jexux (645 73 88 58) edo Joxerramun (649 011 292). Goizean San Martindik Lizarrustira joateko autobusa egongo da, 07:30ean. Bukaeran hamaiketakoa izango da Aizkoate elkartearen atarian.













