
Inocente Soria (1950, Cabeza de Buey) urtebeterekin etorri zen Zumarragara. 32 urte herritik kanpo eta 7 espetxean igaro ondoren, maiatzean itzuli zen etxera.
Nola ikusten duzu herria, 32 urteren ondoren?
Oso aldatuta. Fisikoki asko garatu da. Horrez gain, gazte utzitako jendeak egun 60 urte ditu. Horrek atentzioa ematen dizu. Nik egunero ikusten dut neure burua, eta ez dut hainbesteko alderik ikusten. Bestetik, kotxe asko dago. Herriak aparkaleku handi bat dirudi. Batzuetan garaje batean sentitzen naiz. Paisaiak ere imagi- natzen nituenak baina politagoak aurkitu ditut. Ederrena pilotalekua ere faltan botatzen dut, plaza arima gabe gelditu da.
Nolakoa izan da espetxetik atera eta etxera itzultzea, ateak irekitzea… ?
Oso arraroa egiten da. Azken urtean, ordu batzuez giltza erabil nezakeen zeldan, baina preso prebentiboa bazara bakarrik, eta nik 5 urte igaro nituen horrela, ez duzu inongo eskubiderik. 21 orduz itxita zaude, zelda txiki batean. Ia ez dakizu ate bat irekitzea eta ixtea zer den, eta etxera iritsi eta hainbest topatzen dituzu! armairuetan ere, zenbat gauza! Hozkailutik edozer har dezakezu jateko, eta hori ere arraroa egiten da. 7 urtean ez dut hozkailurik izan, leihoa nuen horretarako.
Sukalderik ere ez zenuten…
Zure sukaldea egin behar duzu. Tomate lata bat hartu, eta olioa botatzen diozu, lehengo lanparatxoak bezala. Txapa batzuekin paper zati bat jarri, papera oliotan busti eta piztuta mantentzen da, baina latak su har dezake. Hala ere, zeldan ez dago haizerik, eta kea sortzen da. Jateko ematen dizutena ez dago jaterik, inork ezin du jan. Hartu eta zaborretara doa dena, baina han negozioa da.
Negozioa?
Espetxeak ez dira publikoak, estatuak dirua ordaintzen die preso bakoitzeko. Espetxeetan, dirua ekonomizatu egiten dute, eta bestea eurentzako da. Ez da normala 3 hilabetez egunero bezperako ogia jasotzea. Han saltzen dutena ere, dendetan dagonetik txarrena da kalitatez. Prezioak aldiz, askoz altuagoak dira, olio litroa 5 euro ordaintzen genuen. Barazkiak ere txarrak ekartzen dituzte. Protesta handiak egiten genituen, baina gauza hauek ikertuta daude. Horregatik protestatzen duzun bitartean bestelako gauzetaz ahazten zara, besteak beste eguneroko arazoez edota eskubide urraketez.
Zertan oinarritzen zarete egunerokotasunean aurrera egiteko?
Bakarrik zaudenean oso zaila da. Espetxeko mundua oso gogorra da. Denetik aurki dezakezu, bortxatzaileak, pedofiloak, mertzenarioak… taldean zaudela lasaiago ibiltzen zara. Nik ez dut arazorik izan, baina bestelako presoek, sozialek, badituzte arazoak euren artean. Gu errespetatu egiten gaituzte. Zerbait aldarrikatu behar denean beti hor gaude, serioak gara eta horrek asko balio du.
Eta presoen kolektiboak zein babes ematen dizue?
Kolektiboa presoaren bizitza da. Jarraitzeko lerroa markatzen dugu eta denok hor ibiltzen saiatzen gara. Barruan zergatik gauden ez ahazteko ere balio du. Printzipioak eta aldarrikapenak ditugu, estatus politikoa bezala. Espetxeetan ere egiten dira protestak, ostiraletakoak kasu. Elkartuago, babestuago gaude.
Eta bisitak, nola bizi dira?
Beti zaude bisitaren zain. Euskal Herritik iristen den airea da. Kilometro asko dira, ordea, hain bisita gutxirako. Konturatzerako denbora amaitzen da, eta guri, orduko 5-6 minutu kentzen zizkiguten beti. Gogo txarrez jartzen zara, eta hori nahi dute: zuri bisitaren aho zapore gozoa kendu. Guretzako asteko unerik onena zela ikusten zuten, eta gu pozik irteteak izorratu egiten ziela zirudien. Ekarritakoarekin ere oztopoak jartzen dituzte, Otamotz euskaraz dagoela eta ez dela sartzen… hurrengoan baietz… Azkenean, pozik egotetik, zeldara haserre igotzen zara.
Kanporatua izan aurretik gose greban egon zinen. Nola eramaten da hori?
Kideekin bazaude hobeto eramaten da. Bakarrik egonda, ordea, nire kasuan, gutxi irteten nintzen. Fisikoki, banekien 14 egun zirela, baina bakardadea, egunak poliki joaten direla… Normalean margolanekin entretenitzen nintzen, baina hiruzpalau egun greban daramatzazunean ez duzu gogorik. Entregetako arriskua tortura da. Aurten hiru aldiz zigortu dute estatu espainiarra torturengatik, Inkomunikazioak existitzen duen bitartean torturak hor jarraituko du eta hori dagoen bitartean, grebak egiten jarraitu behar da, fisikoki ahul egonda, tortura txikiagoa izango dela espero baituzu.
Eta entregaren une hori nolakoa da?
Zalantza bat da. Badakizu zuk ez duzula ezer egin, eta aske utzi behar zaituztela, baina beti entzun izan dituzu espetxean bukatu dutenen kasuak. Kezka hori beti duzu. Joan zaitezkeela esaten dizuten arte eta senideak ikusi eta besarkatzen dituzun arte, ez zaude lasai. Zeure burua aske ikusten duzunean mundu bat irekitzen zaizu. Baita jende multzo batekin egotean ere, urte askoan bi-hirurekin egon baitzara gehienez. Begiratu eta mendiak ikusten dituzu; espetxe gutxitatik ikusten dira mendiak. Etxera etortzeko gogoa duzu, baina urruti zaude, eta luze egiten da itzulera.
Eta itzultzean zer baloratzen duzu?
Gauzarik txikienak. Ni mendian sentitzen naiz gustoen. Lasai eta gustura sentitzen naiz. Landareei erreparatzen diet, zuhaitzak ezagutzen ditut… eguneroko lasaitasun unea da, pintatzen nagoenekoarekin batera. Jateko unea ere ona da, plater beroa eta ogi biguna! Arazo bakarra fregatzea da. 7 urtez plater bat eta sardeska bat fregatu dituzu, eta orain 3 kazuela, bi zartagin, hiru plater… arraroa egiten da gauza bera egiteko hainbeste gauza erabiltzea. Baina letxuga freskoak jatea etamerkatura joatea oso gustoko ditut. Baserrietako produktuak ikusteak zirrara sortzen dizu. 32 urte dira merkatura joaten ez nintzela eta hemen, goizean moztutako barazkiekin itzultzen zara etxera. Espetxeko tipulak ezin zituen inork jan eta sei urtez letxuga jan gabe ere egon naiz.
Gogorra ere ba al da herrira itzultzea?
Zure burua aske eta gainontzekoak barruan gelditzen direla ikusteak hunkitu egiten zaitu. Argazkia kentzen duzun unean batez ere. Zurea kentzen duzu, baina atzean gelditzen den jendearenak ikusten dituzu. Hori da agian, irteten zarenetik etxerainoko bidean unerik gogorrena. Jada hil diren lagunen edo senitartekoen berri izateak ere hunkitu egiten zaitu.
Nola ikusten duzu egoera politikoa?
Nik uste, pausu handienak ezker abertzaleak eman dituela, eta gainontzekoak zain edo begira daudela, arrazoi desberdinengatik. Egunen batean mugitu beharko dute. Jende asko zain dagoela dirudi, eta azken hauteskundeetako emaitzak, gutxienez, herri honetan dagoen diskonformitatearen islada dira. Madrildik prozesu independentista den guztia gelditu nahi dute, baina hori beti egingo dute. Autodeterminaziorako eskubidea izan beharko luke herriak, gero herritarrek erabakiko dute nora doan.
Zer da askatasuna zuretzako?
Atzera begiratuta, aske inoiz izan ez naizenaren sentsazioa dut. Batetik edo bestetik, beti askatasunik gabe egon naizela. Joan aurretik, bilerak eta asanbladak ziren, mendian egiten genituenak, baita sindikatuenak ere. Aurrera begira, inork ez daki, askatasuna ez baitago soilik norbere esku. Niri, ni naizen bezalakoa izanda bizi ahal izatea gustatuko litzadake: aske, baina egun, ezin naiz era askean adierazi. Adierazteagatik soilik, sumario bat ireki dakizukete, epaileari ez zaiolako gustatu esan duzuna. Hitza, ideia politikoak eta iritzia askeak izan beharko lirateke.