Bigarrenean dena «bikain»
Ikusi probako argazki galeria Ia hogeitabost orduz Gipuzkoako mendietan zehar ibili ondoren, Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du Ehunmiliak ultratraila. Guztira, 24 ordu eta 49 minutu behar izan ditu ibilbideko 167 kilometroak egiteko. Aurten ere helmugara iritsi den lehen emakumea Nerea Martinez izan da, 28 orduko denborarekin, eta iazko irabazle titulua berretsiz. Goierriko Bi Handiak probako irabazlea berriz, Zigor Iturrieta amorebietarra izan da. The North Face taldeko bizkaitarra zen faboritoa, eta 11 ordu eta 23 minutu behar izan zituen 88 kilometro egiteko. Ibilbide motzeko lehen emakumea Leire Ezpeleta izan zen, 16 ordu 56 minutuko denborarekin. Bi probetako lau irabazleek, iazko denborak hobetzea lortu zuten. Korrikalari goierritarrek ere emaitza oso onak lortu dituzte, eta bi korrikalarik podiumean egotea lortu dute. Iker Zurutuza idiazabaldarrak bigarren egin du G2H proban, eta Ezkio-Itsasoko Jaione Sasietak hirugarren amaitu du Ehunmiliak lasterketa. Zurutuzak, Luis Lasa hirugarren sailkatuarekin batera egin zuen ia ibilbide guztia. Aizkorrirako igoeran ordea, Iturrietak eta Lasak atzean utzi zuten idiazabaldarra. Azken kilometroetan ordea, Lasari nekeak erasotu zion eta aurre hartu zion Zurutuzak, helmugara bigarren postuan iritsiz. Halako proba batean parte hartzen zuen lehen aldia zen aurtengoa, eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin: «Nire aurreneko ultra izan da eta bigarren postua lortzea Iturrietaren atzetik izugarrizko [...]
Ia hogeitabost orduz Gipuzkoako mendietan zehar ibili ondoren, Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du Ehunmiliak ultratraila. Guztira, 24 ordu eta 49 minutu behar izan ditu ibilbideko 167 kilometroak egiteko. Aurten ere helmugara iritsi den lehen emakumea Nerea Martinez izan da, 28 orduko denborarekin, eta iazko irabazle titulua berretsiz.
Goierriko Bi Handiak probako irabazlea berriz, Zigor Iturrieta amorebietarra izan da. The North Face taldeko bizkaitarra zen faboritoa, eta 11 ordu eta 23 minutu behar izan zituen 88 kilometro egiteko. Ibilbide motzeko lehen emakumea Leire Ezpeleta izan zen, 16 ordu 56 minutuko denborarekin. Bi probetako lau irabazleek, iazko denborak hobetzea lortu zuten.
Korrikalari goierritarrek ere emaitza oso onak lortu dituzte, eta bi korrikalarik podiumean egotea lortu dute. Iker Zurutuza idiazabaldarrak bigarren egin du G2H proban, eta Ezkio-Itsasoko Jaione Sasietak hirugarren amaitu du Ehunmiliak lasterketa.
Zurutuzak, Luis Lasa hirugarren sailkatuarekin batera egin zuen ia ibilbide guztia. Aizkorrirako igoeran ordea, Iturrietak eta Lasak atzean utzi zuten idiazabaldarra. Azken kilometroetan ordea, Lasari nekeak erasotu zion eta aurre hartu zion Zurutuzak, helmugara bigarren postuan iritsiz. Halako proba batean parte hartzen zuen lehen aldia zen aurtengoa, eta oso pozik dago lortutako emaitzarekin: «Nire aurreneko ultra izan da eta bigarren postua lortzea Iturrietaren atzetik izugarrizko emaitza da niretzako».
Sasieta ere gustura zegoen herenegungo sari banaketan, bigarren aldiz podiumera igotzea lortu duelako. Arantzatxo bat ere bazuela aitortu zuen ordea: «Oso pozik nago, baina pena bakarra dut: anaiak ezin izan duela proba nirekin amaitu».
Ehunmiliak proba 97 korrikalarik amaitu dute aurten, eta G2H 115 parte hartzailek. Horien artetik, 30 dira goierritarrak. Ehunmiliak proba amaitu duen lehen goierritarra Bene Aguilar idiazabaldarra izan da. Lehenengo aldia zen ultratrail batean parte hartzen zuena, eta esperientzia falta nabaritu du. Fisikoki oso ondo zegoela gaineratu du Aguilarrek, baina «hasierako akats batzuk» ere egin dituela, «dena berria zelako».
Lan gogorraren emaitza
Korrikalari guztien ahotan hitz politak besterik ez dira entzun Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probak amaitu ondoren. Parte hartzaileek ibilbide guztian zehar jaso duten tratua ezin hobea izan da gaiaren inguruan iritzia eman dutenen artean, eta horrek probari beste puntu bat ematen diola gaineratu dute.
G2H proban hirugarren postuan sailkatu ziren Carmen Cases eta Jessica Mataixek esan zutenez, «benetako mendi proba batean parte hartu nahi duenak hona etorri behar du». Beste behin ere Nerea Martinez madrildarrak hitz onak bakarrik izan zituen saria jasotzeko oholtzara igo zenean. Munduan zehar Ehunmiliak bezalako probetan parte hartzen du Martinezek, baina Arrastakako kideek antolatutakoa «munduko onena» dela esan zuen: «Bihotzean daramadan proba da, lekua zoragarria delako eta antolakuntza ezin hobea».
Pedro Germano ibilbide luzeko hirugarren sailkatuak berriz, txaloak berarentzat ez, ikusleentzat, antolakuntzako kideentzat eta boluntarioentzat izan behar zirela esan zuen igande arratsaldeko sari banaketan.
«Hiru urte eta erdiz buru-belarri» antolakuntza lanetan aritu den Mikel Valdivielsok ezin izan du ia hitzez adierazi proba zer moduz joan den: «Oso ondo baino gehiago esango nuke; dena bikain joan da, oso lasterketa kontrolatua izan delako. Komunikazio eta kronometraje sistemek oso ondo funtzionatu dute eta zoragarria izan da korrikalari bakoitzaren jarraipena zuzenean egin ahal izatea».
Valdivielsok ere eskerrak emateko hitzak besterik ez ditu boluntario lanetan ibili diren ia 1.200 pertsonarentzat. «Horrenbeste kontrol eta anoa postutan ia arazorik ez egotea ikaragarria izan da, eta momentu guztian boluntarioak korrikalarien pendiente egon dira, behar duten guztian lagundu diete eta asko animatu dituzte». Maila pertsonalean ere ezin du sinetsi halako lasterketak prestatzeko gai izango zirenik: «Kalitate handiko lasterketak dira, eta prestakuntza aldetik lan asko eskatzen dutenak».
Ehunmiliak eta G2H probak bigarren urtez antolatuta, balorazio orokorra egin beharko dute orain, hurrengo urtean berriro antolatu edo ez erabakitzeko.
Bi probetako sailkapen orokorra Ehunmiliak probako webgunean dago.
Urola Kostako Hitzan, Leire Iruretagoienari elkarrizketa egin diote. Lehen aldia zen Iruretagoienak halako proba luze batean parte hartzen zuena, eta helmugara iritsi zen bigarren emakumea izanda pozik agertu da. Ehunmiliak proban parte hartzea nolako esperientzia izan den kontatu du.