Aztiria, festen hiria
Zaindariaren Santa Marina egunez, atzo bukatu ziren Aztiriko jaiak. Legazpi eta Gabiria arteko auzoan egitarau mardula garatu dute. Auzotarren arteko ospakizunekin ostiralean hasi —81 lagun elkartu ziren afaritan—, zapatuan Aztiriko Igoera berresku...
Zaindariaren Santa Marina egunez, atzo bukatu ziren Aztiriko jaiak. Legazpi eta Gabiria arteko auzoan egitarau mardula garatu dute. Auzotarren arteko ospakizunekin ostiralean hasi —81 lagun elkartu ziren afaritan—, zapatuan Aztiriko Igoera berreskuratu, igande oparoa ospatu, eta atzo meza osteko hamaiketakoarekin borobildu dituzte festak.
Zazpigarren mendi lasterketa Ruben Lantzek eta Nerea Amilibiak irabazi dute. Gizonezkoetan, Zuhaitz Ezpeleta eta Juanjo Igartzabal izan zituen aurkari, hirurak lehenago txapeldun izanak. Segundo gutxiren aldeak zehaztu zuen podiuma. Emakumezkoetan, Amilibiaren atzetik, Elena Calvillo eta Rakel Aperribai sailkatu ziren podiumerako. 35 korrikalarik parte hartu zuten.
Auzoko adinekoenei omena
Iaz Rogelia Zubiari bezala, aurten ere Aztiriko edadetuena omendu dute auzokideek. Lizardi baserriko Juanita Alustiza da adintsuena (97 urte), baina ezin han egon, eta Rosa Agirre alabak jaso zuen oroigarria. Legorburuko Ramona Arriola bai (90 urte); plazan zen, eta txaloz eskertuz jaso zuen dantzarien ohorezko aurreskua.
Goruntz taldeak ere Aztiriari eta aztiriarrei gorazarre egin die. Duela 40 urteko sorrerako hamasei kidek dantza egin zuten. Eskerrik asko Aztiri! idatzia zeukan kamiseta, eta saio gogoangarria, oparitu zioten auzoari.