Jose Beldak irabazi du Jon Lazkanoren omenezko Loinatz proba, bide erdia ihesean bakarrik eginda
Beasaingo Loinatz txirrindularitza probak heriotza sentitu baten oroimeneko izendapena hartu du aurten. Lasterketak 84. ekitaldia zuen igandean, eta Jon Lazkanoren omenezko lehena ere izan da. Orain gutxi hil da Loinatz elkarteko kide estimatua, eta gogoan izan dute antolatzaileek —bera ere urte askoan lanean ibilia zen—, txirrindulariek eta beasaindarrek. Omenaldia egin zioten Lazkanori, haren sendiari txalo zaparrada beroa eskainiz. Loinatz elkarteak honela gogoratu du taldekidea: «Jon, zauden lekuan zaudela ere, eskerrik asko zinen bezalakoa izateagatik, egin zenuenagatik eta erakutsi zenigunagatik. Baina, batez ere, gure lagun izateagatik». Kirol arloan, Jose Belda (Asfaltos Guerola) izan da ibilbidea erabat aldatuta jokatu den probaren irabazlea. Etapako 75 kilometro —148 ziren denera— ihesaldian bakar-bakarrik eginda helmugaratu zen valentziarra. Mandubiako errepidean egiten ari diren lanek behartuta, mendate klasiko hori kendu behar izan dute aurten; ordezko aukerak ere ikuskizunerako duin direla argi utzi zuen igandeko lasterketak. Ohi bezala, afizionatu mailan jokatu da, eliteko eta 23 urtepeko 158 txirrindularirekin eta Euskaldun txapelketarako baliagarri. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 21 taldek ekarri dituzte ordezkariak, profesionaletara jauzi egiteko hautagai ugari tartean. Goierri mendebalderaino Mandubia ibilbidetik kenduta, Atagoiti —bi aldiz—, Urkillaga, Gabiria, Lierni eta Olaberria gainditu behar izan zituzten txirrindulariek. Igande goiz euritsua izan zuten, eta ibilaro gora-beheratsua, baina ez zen [...]
Beasaingo Loinatz txirrindularitza probak heriotza sentitu baten oroimeneko izendapena hartu du aurten. Lasterketak 84. ekitaldia zuen igandean, eta Jon Lazkanoren omenezko lehena ere izan da. Orain gutxi hil da Loinatz elkarteko kide estimatua, eta gogoan izan dute antolatzaileek —bera ere urte askoan lanean ibilia zen—, txirrindulariek eta beasaindarrek. Omenaldia egin zioten Lazkanori, haren sendiari txalo zaparrada beroa eskainiz.
Loinatz elkarteak honela gogoratu du taldekidea: «Jon, zauden lekuan zaudela ere, eskerrik asko zinen bezalakoa izateagatik, egin zenuenagatik eta erakutsi zenigunagatik. Baina, batez ere, gure lagun izateagatik».
Kirol arloan, Jose Belda (Asfaltos Guerola) izan da ibilbidea erabat aldatuta jokatu den probaren irabazlea. Etapako 75 kilometro —148 ziren denera— ihesaldian bakar-bakarrik eginda helmugaratu zen valentziarra. Mandubiako errepidean egiten ari diren lanek behartuta, mendate klasiko hori kendu behar izan dute aurten; ordezko aukerak ere ikuskizunerako duin direla argi utzi zuen igandeko lasterketak.
Ohi bezala, afizionatu mailan jokatu da, eliteko eta 23 urtepeko 158 txirrindularirekin eta Euskaldun txapelketarako baliagarri. Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 21 taldek ekarri dituzte ordezkariak, profesionaletara jauzi egiteko hautagai ugari tartean.
Goierri mendebalderaino
Mandubia ibilbidetik kenduta, Atagoiti —bi aldiz—, Urkillaga, Gabiria, Lierni eta Olaberria gainditu behar izan zituzten txirrindulariek. Igande goiz euritsua izan zuten, eta ibilaro gora-beheratsua, baina ez zen istripu aipagarririk gertatu.
Beasain erdigune zela, Goierri mendebaldetik lau itzuli egin zituzten, lehen bietan Atagoitiko mendatetik, hirugarrenean Urkillagaraino joan eta Gabiria igarota, eta laugarrenean Lierni eta Olaberria gaindituta. Lehen itzulia osatzerako hautsi zen tropela; 11 txirrindularik aurrera jo zuten 30. kilometroan, baina berehala irentsi zituen tropelak.
Eguneko ihesaldi emankorra 15 lagunek hasi zuten. Ataunerantz zihoazela, Beldak eta beste batek ihes egin zuten taldetxotik. Urkillagako aldapan aurkaria atzera utzi, eta balentriari han ekin zion Beldak. Etapa erdia geratzen zen oraindik, baina 75 kilometro bakarrean osatu, eta Beasaingo helmugara ia bi minutuko aldearekin iritsi zen. Atzetik, zortziko taldetxoaren buru, Jose David Martinez sartu zen, 1:43ra. Aritz Orbek hartu zuen podiumeko hirugarren maila.
Txapelaz gain, mendiko eta tarteko helmugen sariak ere Beldak jaso zituen.
Eriko Mujika irabazle Ordizian, Sergio Santamaria Aztirian
Asteburuan beste bi lasterketa ere jokatu dira Goierrin. Larunbat goizean, Ordizian, Txapel Gorrik antolatutako kadeteen proba Eriko Mujika beasaindarrak (Inoxcra-Beasain) irabazi zuen. Ihesaldiko kide Ander Garate (Lan Mobel) eta Julen Irizar (Sumofic) menderatu zituen.
Zapatu arratsaldean, Aztirian, zortzi urtean etenda egon ondoren 21. Igoera jokatu zen, jubenilentzat (89 km). Sergio Santamaria (Laguntasuna) izan zen indartsuena azken igoeran, Adrian Muriel taldekidearen aurretik.
SAILKAPENA
Nagusia
1. Jose Belda (Asfalt. Guerola) 3:39:52
2. Jose David Martinez (Levante) 1:43ra
3. Aritz Orbe (Bidelan-Kirolgi) 1:43ra
4. Javier Chacon 1:43ra
5. Pedro Garcia 1:43ra
6. Mikel Filgueira 1:43ra
7. Dario Gadeo 1:43ra
8. Victor Martin 1:43ra
9. Eloy Carral 1:43ra
Taldekako irabazlea
1. UPV-Bancaja
2. Bidelan-Kirolgi
3. Cafes Baque