Zegamako Udala, Segurako udaletxea...
Jexus, Maria eta Joxe! Udala, udaletxea, udalbatza, udalerria… Hitz politak bai, baina bereizten ote ditugu?
Udaletxea:
Hitzaren zati bati erreparatuz gero, etxeari buruz ari garela konturatuko gara. Hortxe biltzen da udalbatza (eta herritarrak), eta alkateak bertan izaten du bulegoa. Herriko administrazio-gorabeherak bideratzeko etxea.
- Esango al didazu, mesedez, udaletxera nola iritsi?
- Udaletxeko erlojua bost minutu atzeratuta dabil.
Udala
Udalerria gobernatzeko eta kudeatzeko antolakuntza-organoa. Eta zein pertsonak osatzen dute? Bada, hauexek: alkateak, alkateordeak, udalbatzak… eta, batzuetan, gobernu-batzordeak (‘junta de gobierno’).
- Lazkaoko Udalaren egitasmoak jendearen oniritzia jaso du.
Udalerria
Lurrak, herritarrek eta antolakuntzak osatzen dute. Gaztelaniaz ‘municipio’ izenez ezagutzen duguna! ‘Término municipal”’ esateko ere erabiliko dugu.
- Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien izenak ikasi ditu gure Josuk.
Udalbatza
Alkateak eta zinegotziek osatzen dute. Alkatea udalbatzak berak aukeratzen du. Erabaki inportanteenak ere udalbatzak hartzen ditu. Gaztelaniaz ‘corporación municipal’ esaten dena.
- Udalbatzaren atzoko osoko bilkuran (“plenoan”) bi gai besterik ez zuten aztertu.
Eta, bide batez, beste hauek ere azter ditzagun…
Udaltzaingoa
Udaltzainei dagokien herri-zerbitzua; edota euren egitekotzat udal ordena zaintzea duten pertsona-multzoa.
- Udaltzaingoak erabakiko zer egin hainbat urtez apaletan eduki dituzten galdutako gauzekin.
Udaltzaina
Hiri nahiz herri-ordena zaintzeko eta udal aginduak betearazteko zeregina duen funtzionarioa edo aginteduna.
- Joxe Miel udaltzainak atzo isuna jarri zidan autoa gaizki aparkatzeagatik.
Udaltzainburua
Udailtzainen burua.
- Joxe Miel eta gainerako udaltzainak udaltzainburuaren esanetara daude.