Aginagan 20 metro luze izango dituen pilotalekua egingo dute azarorako
Zumarragako Aginaga auzoan estalitako pilotaleku bat eraikiko dute. Hala erabaki zuten atzoko Osoko Bilkuran, eta lanak azarorako amaitzea da Udalaren asmoa.
Pilotalekua elizako paretari paraleloan eraikiko dute. Udalak 540 metro koadroko lur saila du han, eta hasiera batean pilotalekuaren frontisa elizako paretari itsatsita eraiki nahi bazuten ere, gotzaindegitik ez diete horretarako baimenik eman. Hala, pilotalekuak 20 metro luze izango ditu, eta 14 metroko frontisa. 199.974.078 euro kostako da, BEZa barne, eta Eusko Jaurlaritzak 118.000 euro emango ditu lanetarako. Mikel Serrano alkateak bizilagunen «aldarrikapen historikoa» dela azpimarratu zuen.
Bilduko eta EAJko ordezkariek, pilotalekuaren proiektuak jarraitu duen prozesuaren inguruan kexak agertu zituzten, azken proiektua «berandu» eta «presaka» jaso dutela argudiatuz. Hala eta guztiz ere, proiektua babestu zuten. Aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Alkateak pilotalekuaren proiektuak jarraitu duen prozesua «ez dela ohikoa izango» esan zuen.
Pilotalekuak ez du erreboterik izango, baina estalitakoa izango da, eta zapaia egurrezkoa izango du «goxoagoa egiteko».
Osoko Bilkurak gehiagorako eman zuen. Xabier Barriolak udal ordezkarien diru-esleipenen igoeraz galdetu zion alkateari, hilabeteko epean igoera hori arrazoitzeko zer gertatu den galdetuz. Alkateak, igoera, besteak beste, zinegotzien lana «duintzeko» egin dela erantzun zion, kopuruak Eudelen oinarrietatik «behera» daudela gogoratuz. Barriolak erantzun egin zion gero, igoerak «desorekatuak» izan direla esanez, baina eztabaidak gutxi iraun zuen. EAJko ordezkari Iñigo Peñagarikanok udalbatzarren egutegiak errespetatzeko eskatu zuen bere aldetik, euren kide Andoni Ormazabalek ezin baitzuen batzarrera joan.
Azkenik, 15-M mugimenduko kide batzuk ere Zumarragako udalbatzarrean izan ziren. Hauek pasa den Osoko Bilkuran onartu zuten Zumarragako Udaleko eta udalbatzarretako barne araudi berria salatu zuten.