Zaldibiako sagardo onenaren bila, herriko lehiaketa egingo dute ostiralean Zubi-Buru elkartean
Udazkenean bildutako sagar uztatik ateratako sagardoa puntu-puntura iritsi da. Udaberrira bitarte barrikan ondu, botilatu, eta zentzumen guztiak betetzeko lain gorputz hartu du dagoeneko. Baita Zaldibian ere. Ohitura handia dago etxeetan sagardoa bertan egiteko, eta langintza hori baliatuz herritar gehiagori eskainiko die Zubi-Buru elkarteak herrian ekoitzitako sagardoa dastatzeko aukera, urteroko legez. Etzi, ostirala, sagardo lehiaketa herrikoia izango da, elkartean. Afaria egingo dute aurrez txartelak erosi dituztenek, eta etxean sagardoa egin eta lehiaketan parte hartu nahi duten zaldibiarrek aurkeztutako edariak probatuko dituzte. Puntu gehien biltzen duenak jasoko du Zaldibiako sagardo onenaren egile izatearen ohorea, bestelako saririk ez baita egoten. Zaldibiako hamar bat etxetatik eramango dituzte sagardoak, etzi, Zubi-Buru elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Lierni Irastortzak aurreratu duenez. «Urtero egin ohi dugu lehiaketa hau herriko sagardogileen artean. Jende askok egiten du Zaldibian sagardoa, etxerako. Herritarren aldetik ere harrera ona edukitzen du lehiaketak, mahaiaren bueltan elkartu eta dastatzeko», esan du Irastortzak. Afari txartelak salgai Elkartearen jangela bete-bete egingo da. Afaltzera joan nahi duenak txartela erosi behar du aurretik. Arreserenean, Joxepanen eta Uriko tabernan utzi dituzte elkartekoek, saltzeko. 15 euro ordaindu behar da. «60-70 txartel atera ditugu. Jendeari asko gustatzen zaio ekitaldi hau». Bihar arte utziko dituzte, lehenago agortzen ez badira. Ostiralerako plana xumea bezain goxoa [...]
Udazkenean bildutako sagar uztatik ateratako sagardoa puntu-puntura iritsi da. Udaberrira bitarte barrikan ondu, botilatu, eta zentzumen guztiak betetzeko lain gorputz hartu du dagoeneko. Baita Zaldibian ere. Ohitura handia dago etxeetan sagardoa bertan egiteko, eta langintza hori baliatuz herritar gehiagori eskainiko die Zubi-Buru elkarteak herrian ekoitzitako sagardoa dastatzeko aukera, urteroko legez.
Etzi, ostirala, sagardo lehiaketa herrikoia izango da, elkartean. Afaria egingo dute aurrez txartelak erosi dituztenek, eta etxean sagardoa egin eta lehiaketan parte hartu nahi duten zaldibiarrek aurkeztutako edariak probatuko dituzte. Puntu gehien biltzen duenak jasoko du Zaldibiako sagardo onenaren egile izatearen ohorea, bestelako saririk ez baita egoten.
Zaldibiako hamar bat etxetatik eramango dituzte sagardoak, etzi, Zubi-Buru elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Lierni Irastortzak aurreratu duenez. «Urtero egin ohi dugu lehiaketa hau herriko sagardogileen artean. Jende askok egiten du Zaldibian sagardoa, etxerako. Herritarren aldetik ere harrera ona edukitzen du lehiaketak, mahaiaren bueltan elkartu eta dastatzeko», esan du Irastortzak.
Afari txartelak salgai
Elkartearen jangela bete-bete egingo da. Afaltzera joan nahi duenak txartela erosi behar du aurretik. Arreserenean, Joxepanen eta Uriko tabernan utzi dituzte elkartekoek, saltzeko. 15 euro ordaindu behar da. «60-70 txartel atera ditugu. Jendeari asko gustatzen zaio ekitaldi hau». Bihar arte utziko dituzte, lehenago agortzen ez badira.
Ostiralerako plana xumea bezain goxoa da. Afaria Zubi-Buruko juntakideek prestatuko dute: txorizo egosia eta sardina erreak, herriko sagardo ugariekin bustita jateko menu aproposa. 21:00etan hasiko dira afaltzen.
Afaltiarrek epaile lana ere egingo dute. «Sagardogileek botiletan ekarriko dute edaria, nork berea. Mahai guztietatik pasatuko ditugu partaide diren sagardo guztiak, botilak zenbakiekin identifikatuta. Dastatu, eta zenbaki bakoitzari norberak ematen dion puntuazioa paper batean idatzi behar du jendeak», azaldu du Irastortzak.
Ondoren, puntu gehien bildu dituen sagardoa izendatuko dute 2010eko uztako Zaldibiako onentzat. Iazko udan ez zuten lehiaketa egiterik izan, elkartea berritzeko lanengatik soziedadea itxita egon zelako uda guztian. Urtetako ohiturari eta sagardogintzari etzi emango diote segimena.