Igartzako Dantzarien Egunaren laugarren ekitaldia gaur eguerdian ospatu dute Beasainen, Igartza jauregiaren inguruko momentuen artean. Igartzako Dantzarien Kofradiak antolatuta, lehenagoko eta gaur egungo berrogei bat dantzari elkartu dira dantza jaialdia egiteko, eta eguna jai giroan igarotzeko.

Beasaingo dantzariak, Igartzako zubian, gaur eguerdian. Arg.: Aimar Maiz
Loinazko San Martin plazatik kalejiran joan dira monumentu multzoraino. Eguzki beroaren pean, ordubete inguruko saioa egin dute.
Hamar bat musikariren doinuan, ezpatadantzak hartu du lehen zatian indarra. Oria errekaren bi ertzetan kokatuta, elkarri begira egin dute dantzariek aurreneko saioa. Ondoren, Igartzako eta Loinazko banderak hartuta, Erdi Aroko zubiaren gailurrean jaso dituzte banderadunak ezpatadantzariek.
Jauregiaren aldeko erreka ertzera igarota, atzetik ikusleak zirela, hiruzpalau dantza gehiago egin dituzte, zelaian: brokel dantza, zinta dantza, makil dantza, arku dantza… Biribilketa soinuarekin bukatu dute ikuskizuna, burdinolaren, erromesen aterpetxearen, ermitaren eta jauregiaren tartean jauzika.