Euskal Jaietako egitarauak aurrera jarraitzen du Ordizian. Ez zen geratu asteazkeneko aparteko azokarekin. Gaur ere, larunbata, plaza giro jatorra izan da eguerdi partean, Plaza Nagusian. Emaneurre errealzale taldeak antolatuta, Ordiziako koadrilen arteko herri kirol lehiaketa jokatu dute. Partaidetza aldetik “gustura” daude antolatzaileak; 13 koadrilak parte hartu dute, izena emanda zeudenak baino bat gutxiago.

Koadriletako trontzalariak eta ingude jasotzaileak, gaur eguerdian, Ordiziako Plaza Nagusian. Arg.: Aimar Maiz
Eguerdi aurretxoan hasi da herri kirol erakustaldia. Zortzi kirol edo jokotan aritu behar zuen koadrila bakoitzak: ingudea, trontza, harria (50 kilokoa), lokotx biltzen, zaku karreran, txingak eta korrika. Bina koadrila aritu dira aldiko, buruz buru, eta ariketa bakoitza bi aldiz egin behar izan dute. Zortzina lagunek osatu dituzte koadrilak.
Hamahiru taldeek lan berbera egin ondoren, denbora onena atera duten lehen bi taldeek elkarren aurka finala jokatu dute. Totzi koadrilak irabazi du herri kirol lehiaketa, Pluying menderatuta.
Herri kirolekin batera, sokatira lehiaketa ere garatu dute, koadrila berberekin, baina beste lehiaketatik aparte. Mixero taldeak irabazi du, eta Gure Koadrila bigarren geratu da.

Sokatira lehiaketa ere jokatu dute, herri kirolenetik aparte. Arg.: Aimar Maiz
Emaneurre taldekoak gustura agertu dira jaialdiaren bilakaerarekin. Bai partaidetza aldetik, bai ikustera joan den herritar saldoarekin pozarren daude. Pintxoak ere eskaini dituzte, euro batean.