«Zorte handia dugu, orain arte askatasun handia izan dugulako»
Azken hiru urteetan proiektu eta saltsa ugaritan ibili da Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) zine zuzendaria. Lucio eta 80 egunean lanek izandako harreraren ondoren, Lagun mina laburmetraia egin du orain. Asteburuan Donostiako Zinemaldian eman dute bere lana, pase berezi batean. Orain, hilabete batzuetarako atsedena hartzeko asmoa du. Zuen lana ikusi ez duen bati, nola azalduko zenioke zer den ‘Lagun mina’, zer kontatzen du? Diferentzia kulturalen eta laguntasuna ulertzeko dauden modu ezberdinen inguruan hitz egiten du. Esan behar da laburmetrai hau proiektu zabalago baten parte dela. Lander Camarero zuzendari bilbotarra, dokumental bat egiten ari zen, kultura ezberdinetan historia bera jorratzeko egon daitezkeen desberdintasunen inguruan. Eta horretarako, esperimendu moduko bat proposatu zuen: hiru kultura ezberdin hartu, peruarra, indiarra eta euskalduna, eta herri horietako ekipo banari, Printze Txikia istorioaren egokitzapen bat egiteko eskatu zion. Abiapuntu horri helduta, Aitor Arregi gidoigileak eta biok garatu genuen Lagun mina. Eta diferentzia kultural horiek, nola islatu dituzue filmean? Ipuinak, azeri baten eta printzearen artean sortzen den adiskidetasuna kontatzen du. Ideia hori oinarri hartuta, gizartean laguntasuna ulertzeko dauden modu ezberdinak irudikatu nahi izan ditugu. Berez laburrak kontatzen duena zera da, oporretan zoazenean askotan gertatzen dena; lagun bat egiten duzu eta esaten diozu «Euskal Herrira bazatoz, badakizu han etxe [...]
Azken hiru urteetan proiektu eta saltsa ugaritan ibili da Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) zine zuzendaria. Lucio eta 80 egunean lanek izandako harreraren ondoren, Lagun mina laburmetraia egin du orain. Asteburuan Donostiako Zinemaldian eman dute bere lana, pase berezi batean. Orain, hilabete batzuetarako atsedena hartzeko asmoa du.
Zuen lana ikusi ez duen bati, nola azalduko zenioke zer den ‘Lagun mina’, zer kontatzen du?
Diferentzia kulturalen eta laguntasuna ulertzeko dauden modu ezberdinen inguruan hitz egiten du. Esan behar da laburmetrai hau proiektu zabalago baten parte dela. Lander Camarero zuzendari bilbotarra, dokumental bat egiten ari zen, kultura ezberdinetan historia bera jorratzeko egon daitezkeen desberdintasunen inguruan. Eta horretarako, esperimendu moduko bat proposatu zuen: hiru kultura ezberdin hartu, peruarra, indiarra eta euskalduna, eta herri horietako ekipo banari, Printze Txikia istorioaren egokitzapen bat egiteko eskatu zion. Abiapuntu horri helduta, Aitor Arregi gidoigileak eta biok garatu genuen Lagun mina.
Eta diferentzia kultural horiek, nola islatu dituzue filmean?
Ipuinak, azeri baten eta printzearen artean sortzen den adiskidetasuna kontatzen du. Ideia hori oinarri hartuta, gizartean laguntasuna ulertzeko dauden modu ezberdinak irudikatu nahi izan ditugu. Berez laburrak kontatzen duena zera da, oporretan zoazenean askotan gertatzen dena; lagun bat egiten duzu eta esaten diozu «Euskal Herrira bazatoz, badakizu han etxe bat daukazula». Baina gero zer gertatzen da? Nik uste euskaldunok badaukagula laguntasun harremanak jorratzeko erritmo bat, eta beste kultura batzuetan beste erritmo bat dute; ez hobea eta ez okerragoa, baina bi erritmo horiek aurrez aurre topo egiten dutenean arazoak sor daitezke. Horri buruz hitz egiten du filmak.
Nolakoa izan zen errodajea?
Iazko abenduaren amaieran grabatu genuen, Donostian. Landerrek [Caballero] oso gauza konkretua nahi zuen, esan zigun: «hiru eguneko errodajea izango da eta laburrak ezin ditu 11 minutu baino gehiago iraun». Eta gu hori betetzen saiatu gara.
Beste proiektu luze batzuk egin eta gero, laburmetrai bat egitera bueltatu zarete. Eroso sentitu al zara?
Bai, oso eroso. Azkenean fikziozko luzemetrai bakarra egin dugu; dokumentalak ere jorratu ditugu, baina beti tartekatu izan ditugu proiektu horiek film laburrekin. Horregatik, guretzako ez da horrenbeste atzera bueltatzea. Film laburra beste genero bat da. Egia da diru gutxiago dagoela, eta inbertsio hori amortizatzeko aukera gutxiago duzula, baina era berean, libreagoa da, estilo ezberdinak jorratzeko aukera ematen du. Gu beti batetik bestera jauzi eginez ibiltzen gara.
Laburrek sormen aldetik askatasun handiagoa ematen dute beraz?
Bai. Zenbait zine jaialditan modu bateko laburrek ondo funtzionatzen dute, eta badago beti labur mota beretsua egiteko arriskua. Baina baita askatasun handiagoko zerbait egiteko aukera ere. Gero hori egiten duzun edo ez zure aukera da. Luzemetraietan diru gehiago egoten da jokoan, jende asko dago tartean, eta askatasun gutxiago egoten da. Guk hala ere, zorte handia izan dugu egin ditugun lan luzeetan, askatasun handia izan dugulako.
Kimuak sortan aukeratu dute zure lana. Horrek zabalpena emango dio.
Bai, guretzako sari handi bat da. Guk egin ditugun laburmetrai guztiak ez dira Kimuaken egon, eta konparatu daiteke batzuek eta besteek nola funtzionatzen duten. Katalogoan ez egoteak, berez, ez du esan nahi ez duenik funtzionatuko, baina jaialdietan eta mugitu nahi baduzu, ahalegin handia egin behar da, bai denbora aldetik eta baita kostu aldetik ere. Kimuaken duen onena, lan hori beraiek egiten dutela da, eta horrek lasaitasun handia da ematen du. Bestalde, Kimuakek izen bat hartu du, eta jaialdietan badakite katalogo horretan dauden 8-10 lan horiek maila bat izango dutela, beste lan askoren artean aukeratuak izan direlako.
Donostiako Zinemaldian izatea ere garrantzitsua izango da, ezta?
Bai, horrek ere badu bere puntua. Hala ere, Kimuaken katalogoarena, ez da pase ofiziala, ez da jendeari irekitako saioa. Beste jaialdi batzuetatik gonbidatuta etortzen direnentzat ematen dituzte, gero jaialdi horiek interesa izan dezaketelako labur horiek eramateko. Hala ere, guretzat hor egotea interesgarria da, azkenean Zinemaldian jende asko mugitzen delako.
Jendea ezagutu eta kontaktuak egiteko ere leku egokia izango da.
Kontaktuak egiteko eta aurretik ezagututako jendea ikusteko. Lagun zarrak ikusi eta zertan dabiltzan jakiteko aukera ona da.
‘Lucio’ eta ‘80 egunean’ filmek oihartzun handia izan zuten. Orain, atzera begiratuta, nola ikusten duzu lan haiek egindako ibilbidea?
Egia esan, oso ondo. Bi filme horiek, nahikoa hasiera interesgarria izan zuten zinemetan, baina gerora ere, emanaldi asko izan dituzte. Lucio adibidez, gaztetxeetan eta asko mugitu den lana izan da. Eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita hemendik kanpo ere. Oraindik Luciorekin berarekin hitz egiten dugunean, batetik bestera dabilela kontatzen digu. Italian eta Alemanian izan da, eta orain uste dut Hego Ameriketara doala, tour moduko bat egitera. Lan hori Luciori berari utzi diogu. Bera joaten da, hitzaldi bat ematen du eta dokumentala proiektatzen dute. Azkenean, epe luzerako bide bat egitea lortu du lan horrek. Eta 80 egunean filmarekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Urtean zehar zinemaldi askotan egon da, eta oraindik ere emanaldiak egiteko eskaerak jasotzen ditugu. Gainera, nola harreman lesbiko bat zegoen, tematika hori lantzen duten zinemaldietatik ere deitzen digute.
Azken urteetan euskaraz egindako lan ugari ikusi ditugu zinean. Produkzio hori egonkortzen ari da, ala asko dago oraindik egiteko?
Nik uste pixka bat egonkortzen ari dela. Ez dakit oraindik euskal zinemaren bigarren loraldi bati buruz hitz egin daitekeen edo ez, baina behintzat, zinea euskaraz egiteko tendentzia hori egonkortu egin deladirudi. Urte asko egon dira euskarazko filme bakar bat ere egin gabe, baina Aupa Etxebeste! egin zutenetik, urtero bizpahiru pelikula agertzen dira. Gero, normala den moduan, filme batzuk hobeto funtzionatzen dute eta beste batzuk okerrago, baina hori edozein herrialdetako zinean gertatzen da. Behintzat normaltasun bat lortzen ari garela esango nuke. 3 milioi biztanle dituen herrialde batean, urtean bizpahiru pelikula euskaraz izatea kopuru interesgarria da.
Zinearen munduan ere nabaritu al da krisiaren eragina?
Beno, 80 egunean proiektuarekin ez genuen gehiegi nabaritu, finantziazioa aurretik lotuta zegoelako. Baina gure ekoiztetxean, beste proiektu batzuk ere egin behar izaten ditugu, enpresentzako bideoak, museoentzakoak… Alor horretan nabaritu dugu eskaera gutxiago dagoela. Azkenean enpresa askotan lehenago murrizten da komunikaziorako edo marketingerako dagoen dirua, beste alor batzuetakoa baino. Telebistan ere diru gutxiago dago, eta hori ere nabaritzen da. Guk ere nabaritu dugu eragina, batez ere esku artean ditugun proiektuen finantziazioa lortzeko garaian.
Zu zeu saltxa askotako gizona zara. Zer daukazu orain esku artean?
Ba une honetan bolada sabatiko bat hartu nahi dut. Laburraren muntaia bukatu eta gero, jaialdi batzutan ibili naiz 80 egunean filmarekin, eta orain gidoi bat bukatu nahian nabil, dirulaguntza bat jaso nuelako eta epea bukatzear dagoelako. Baina aste honetan Los Angelesera (AEB) noa ikastaro pare bat egitera. Datorren martxora arte edo, atsedena hartuko dut. Hala ere, Moriarti ekoiztetxeak lanean jarraitzen du, eta baditugu proiektuak eskuartean.