«Lehen aldia da nire herrian eta kalean erakusketa jartzen dudana, eta berezia da»
Concepcion Ruiz urretxuarrak margolan erakusketa jarri du ikusgai Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Aretoaren pareko etxean jaio zen bera, eta pozik erakutsi dizkie bere lanak herritarrei eta bizilagunei.
Zein koadro bildu dituzu erakusketan?
Paisaia asko, itsas paisaiak, erretratuak… denetik pixkat dago.
Urte desberdinetako lanak al dira?
Bai, hau urte askotako obra da. Bi iledun pintzelekin egiten ditut margolanak. Errealismotik hiperrealismora igaro naiz. Bada espatularekin egin ditudala eztabaidatu didanik, baina ez, guztia bi ileko pintzelarekin egin dut.
Zenbat denbora igarotzen duzu hauetako koadro bat egiten?
Batzuekin agian sei hilabete pasa ditut, eta bada ere denbora hori baino gehiago kostatu zaidanik, Urolako trenaren koadroa bezala. Guztiek oso ondo ezagutzen duten trena da, eta ondo margotu beharra zegoen. Erretratuekin 3 hilabete inguru ematen ditut.
Koadro askotan argiak indar berezia hartzen du, ala?
Bai, argia asko gustatzen zait, pasioa sortzen dit. Baita itsasoak, erretratuek… guztiak bodegoiek izan ezik, hildako natura baitira, eta ez dut nahi bizitzarik ez duen ezer margotu. Lanak ahal bada hitz egin diezazula gustatzen zait.
Koadro hauek beste lekuren batean erakutsi dituzu?
Ez. Beste erakusketa bateko hiruzpalau lan egongo dira, jendeari gustatu zitzaizkiola ikusi nuenak. Baina egin nuen azken erakusketa duela 9 urte egin nuen. Erakusketa bakoitzera koadro berriak eramaten saiatzen naiz.
Urretxun erakusketa jarri duzun lehen urtea al da hau?
Bai, lehen aldia da nire herrian eta nire kalean erakusketa jartzen dudana. Zumarragan duela 9 urte inguru jarri nuen bat.
Zu jaio zinen kalean erakusketa jartzea berezia izango da, ala?
Bai, oso. Hemen ezaguna naiz eta ikusi dutenek asko gustatu zaiela esan didate. Duela hamaika urte etorri nintzen Salamankatik eta orduan hemen inork ez zekien margotzen nuenik. Orain bai, ordea.
Noiztik margotzen duzu?
Marrazketarako eta margoetarako ilusioa bordatzen ikasi nuenean sortu zitzaidan. Nire izebak bordatzeko tailer bat zuen eta izebak beti zioen bordatua marrazki bat zela, eta egia da.
Urte haietan ez ziren emakume asko izango pintatzen zutenak, ala?
Ez. Zumarragan Gurutzeko Lekaimeen eskola zegoen eta Frantziatik oso ondo margotzen omen zuen lekaime bat etorri zen. Marrazketa eta pintura eskola ireki zuen. Nik, 8 edo 9 urte nituela hara joan nahi nuela esan nion amari, eta nitaz parre egin zuen. Emakume bat margotzen non ikusi ote zen galdetzen zidan. Beranduago Vaquerizarekin hasi nintzen ikasten, 32 urte nituela. Gerora nire semeaz ere asko ikasi dut.














