Almitzako segalariek eta alemaniarrek ikuskizuna egingo dute Azpeitian
Almitza sega elkarteak nazioartera begira jarraitzen du, abuztuan Eslovenian Europako txapelketan parte hartu ondoren. Hurrengo ikuskizuna segalari alemaniarrekin batera egingo dute, igandean Azpeitian, Kilometroak festaren barruan. 12:00etan hasiko da...
Almitza sega elkarteak nazioartera begira jarraitzen du, abuztuan Eslovenian Europako txapelketan parte hartu ondoren. Hurrengo ikuskizuna segalari alemaniarrekin batera egingo dute, igandean Azpeitian, Kilometroak festaren barruan. 12:00etan hasiko da saioa, eta nazioarteko eran ariko dira lanean.
Joxe Gabirondo eta Bixente Mitxelena bikoan jardungo dira lehenbizi, Stefan Heinz eta Alexander Schmidt-en aurka, 400 metro sail nork azkarren eta txukunen ebaki. Oier Urkola-Stefan Scheib eta Juan Mari Agirrezabala-Matthias Kübler binaka (400 metro), eta Alazne Etxaburua eta Melanie Scheib buruz buru (100 metro) dira beste bi lanetako segalariak. Aimar Garmendia, Unai Mitxelena eta Aitor Intsausti gaztetxoek erakustaldia egingo dute.
Zozketan saritua, Zizurkilgoa
Bestetik, Esloveniara joateko diru iturri izan zedin Almitzak udan sortu zuen errifaren zozketa egin dute. Irailaren 15eko Onceren zenbaki saritua (40041) aintzat hartuta, 0041 zenbakidun txartela saritu du Almitzak. Arzakenean lau lagunentzat afaria zen saria, eta Ioritz Pellejero zizurkildarrak jaso du.