Odol emaileen elkartea omendu dute Beasaingo Boluntario Egunean
Joan deneko 42 urteetan Beasainen lanean ari den odol emaileen elkartea omendu dute gaur eguerdian Beasaingo Boluntario Egunean. Odola ematen denbora gehien daramaten lagunek oroigarri bat jaso dute Iñaki Saldaña eta Zezilia Herrador zinegotzien eskutik. Beasainen ia 700 odol emaile daude, eta elkarteko lehendakari Javier Arroyok adierazi duenez, “ezbeharren bat gertatuko balitz, herritar guztientzako adina odol emateko gai izango lirateke”.
Lan “altruista eta boluntarioa” izanda, askotan kosta egiten da lanerako prest dagoen jendea aurkitzea, Arroyoren esanetan, baina Beasainen “urte guztian zehar odola emateko prest dagoen jende talde bat osatzea” lortu dute. Izan ere, elkarteko kideen lana ere bada behin elkartera gerturatzen diren emaileak berriz ere joan daitezen lortzea.
Gaur odol emaileek jaso duten aitortza esker onez hartu dute elkarteko kideek. Baina beraiek egindako lana, aurretik elkartean aritutakoen jarraipena dela gaineratu nahi izan du Arroyok. “Elkarteko askok 40 urte baino gehiago daramatzate beraien denbora besteei eskaintzen, baina gu hemen bagaude gure aurretik norbait egon delako da, eta haiei ere eskerrak eman beharrean gaude”.
Tortillarik onena, Caritasena
Guztira 17 elkarte ari dira parte hartzen Boluntario Egunean, eta ohitura den moduan tortilla lehiaketan parte hartu dute ia gehienek. Epaimahaikideek hala erabakita, Caritaseko ordezkariek prestatu dute tortillarik goxoena, eta Saldaña zinegotziaren eskutik jaso dute saria.
Omenaldiaren aurretik, Gurutze Gorriko kideek larrialdi egoera handietan erabiltzeko erosi duten ibilgailu berria erakutsi diete herritarrei eta udal agintariei.
‘Mundialitoa’-ren finala arratsaldean
Bategite elkarteak bat egin du aurten ere Boluntario Egunarekin. Hartara, Mundialitoa-ren futbol txapelketaren finala jokatuko da gaur, 17:00etan, La Salle eskolaren kantxan. 19:00etan, berriz, herrialde ezberdinetako jakiak prestatuko dituzte Loinazko San Martin plazan.















