
Jon Erguin beasaindarrak irabazi du gaur arratsaldean Beasaingo Arriaran auzoan jokatu den mendi duatloia. Erguinek ordubete eta hamar minutu eta 50 segundu behar izan ditu ibilbide osatzeko. Korrika sei kilometro eta bizikletan 12 egin behar izan dituzte lasterketan atera diren 95 kirolariek. Bigarren Luis Mari Urizar villabonatar beasaindartua sailkatu da (1:13:40) eta hirugarren Endika Gartzia (1:13:55). Euskal Herriko I. Mendi Duatloia Zirkuituko bigarren proba puntuagarria izan da Arriarangoa. Unai Yus arabarra zen proba irabazteko beste faboritoetako bat, baina eroriko baten ondorioz lasterketa utzi behar izan du. Korrikako 6 kilometroetan Julen Larruzea (gerora laugarren sailkatua) izan da lehena helmugatik igarotzen, baina txirrinduan egindako lehen itzulian Erguinek denei aurre hartu die, eta minutu eta erdiko aldea atera dio bigarrenari. Bizikletako bigarren itzulian aldea areagotu egin du, eta bizikleta eskuetan hartuta sartu da helmugara. Urizar ere bikain ibili da bizikletan, korrika denbora dezente galduta pasa baita helmugatik, baina bizikleta gainean maisua dela erakutsi du berriro. Arriarango Intxaurpe elkarteak eta Goierriko Trigoi Triatloi taldeak hirugarren urtez antolatu dute proba Arriarango urtegiaren inguruan, nahiz eta aurten ibilbidean zenbait aldaketa egin behar izan dituzten AHTaren lanak direla eta. Goierritar ugarik hartu du parte proban. Sailkapen osoa www.mendiduatloia.com webgunean kontsulta daiteke.

Gaur goizean eratu da UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzorde berria, eta tartean Axier Mujika Aramako alkatea dago. Bilduk 5 ordezkari izango ditu zuzendaritzan, EAJk eta independenteek bina eta Aralarrek bakarra. UEMAko lehendakaria Maren Belastegi izango da, Bergarako alkateordea. Honakoak dira zuzendaritza osatuko duten hautetsiak, izen eta abizen: Mikel Ansotegi (Aulesti, Bildu), Jon Abril (Bera, Aralar), Asier Mujika (Arama, independentea), Lexuri Arrizabalaga (Gatika, EAJ), Oibar Egia (Gizaburuaga, independentea), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia, Bildu), Maren Belastegi (Bergara, Bildu), Miren Irigoien (Oiartzun, Bildu), Josetxo Mendizabal (Zestoa, EAJ) eta Eneka Maiz (Etxarri-Aranatz, Bildu).

“Aste zaila pasa dugu, baina partida hau irabazi dugu, eta horrek konfidantza handia emango digu. Hori bai, umiltasunez jarraituko behar dugu lanean, horrek egiten baitu taldea”. Partidaren bukaeran Axio Araña entrenatzaileak jokalariei esandako hitzak dira horiek, El Salvador ahaltsuaren aurka partida ederra jokatu eta erasoko puntu gehigarria lortuta (39-23). Joan den astean Santboianaren aurka galdu ondoren, burukamur antzera itzuli zen taldea Kataluniatik, baina gaurko garaipenak indarra emango die datozen erronkei begira. Etxeko partidak igandeetan jokatu ohitu ditu Ampo Ordiziak, baina jardunaldi honetan larunbatean izan da norgehiagoka. Altamira bete-bete eginda zegoen, eta partida ikusteko giro paregabea, berotso agian. Partidako lehen ordu laurdena oso paretsua izan da, eta espainiarrak izan dira markagailuan aurretik jarri direnak zigor kolpe bati esker. Baina lehen zatiko bigarren erditik aurrera, Arañaren mutilek grina badutela erakutsi dutela, eta atsedenaldira 17 eta 6 aurretik joan dira. Bigarren zati ederra Gogotsu atera dira goierritarrak bigarren zatian, eta partida irabazteaz gain, erasoko puntu gehigarria lortu nahi zutela erakutsi dute zelaian. Matias Tudela izan da 28. minutuan puntu hori ematen zuen entsegua lortu duena, markagailuan 34 eta 9koa jarriz. Emaitza horrekin partida asko ireki da, eta Ampo Ordiziak beste entsegu bat lortu du Krollen eskutik. El Salvadorrek azken minutuetan lortu ditu partidako [...]

Ordizian merkatari elkarteak udalaren laguntzarekin antolatu duen III. Stock azokak bisitari dezente erakarri ditu bi egunotan. Atzo arratsaldean zabaldu zituen, eta bai atzo, eta baita gaur goiz-eguerdi partean ere asko izan dira gustuko produkturen bat moduan erosteko aukera baliatu dutenak. Guztira 23 dendari ari dira parte hartzen Beti Alai pilotalekuan jarritako azokan, erdiak baino gehiago Ordiziakoak. Modako arropan, eta haurrentza arropa eta osagaietan dago aukera gehien, baina kirol materiala eta bestelako produktuak erosteko aukera badago. Gaur arratsaldean ere zabalik egongo da azoka, eta baita bihar egun guztian ere. Frontoi atarian, berriz, haurrentzako jolasak jarri dituzte, eta haien ondoan, Amatriain fruta dendako Jose Luis Amatriain piparrak erre eta saltzen ari da. Pintxo poteoa tabernetan Herriko tabernariek ere bat egin dute asteburuko azokarekin, eta pintxo-potea egingo dute; hau da, pintxoa eta edaria prezio berezian jarriko dituzte. Gaur (18:00-21:00) eta bihar (12:00-14:30) gozatu ahal izango da eskaintza horrekin Martinez, Ostadar, Aldasoro, Haizpe, Pottoka, Pias, Olano eta Amonane tabernetan.

