Urretxuko Lurra dantza taldeak Garagardo Festa egingo du bihartik igandera bitartean. Ederrena pilotalekuan ospatuko dute festa, eta urtero bezala, aurten ere berrikuntzak izango ditu ekimenak.
Hogeitalau garagardoko eskaintza osatu dute aurten. Garidunak, xigortuak, beltzak edo alkoholik gabeak, Europako bost herrialdetan ekoiztutako garagardoak dastatu ahalko dira asteburuan Ederrenan. Festa ez da edatekora mugatzen, baina. Otorduak ere eskainiko dituzte pilotalekuan, bai eguerdietan eta baita afal orduan ere. Ukondoak, saltxitxek eta xolomoak osaturiko eskaintzari aurten patata brabak ere gehituko dizkiete, lehendabizikoz. Bi pertsonentzako menua ere eskainiko dute 25 euroan. Ukondoa, bi saltxitxa edo xolomo razio, bi postre, bi garagardo eta bi pitxar jasoko dira trukean.
Aurten trikitilariek girotutako bazkari bat ere antolatu dute larunbaterako. 14:30ean hasiko dute bazkaria eta aurretik triki-poteoa ere egingo dute herriko tabernetatik. Bazkarirako txartelak erosgai daude jada Urretxuko Aldiri eta Florida tabernetan. 15 euro balio dute. Bihar ere salduko dituzte txartelak, pilotalekuan, 13:00ak arte.
Proiekzioak ere egingo dituzte asteburuan, ohiko legez. Beste urteetako Garagardo Festetako argazkiak, Urretxuko jaietako azken hogei urteetako bideoak edota KKinzona irratiko lagunek egindako film laburrak proiektatuko dituzte asteburuko festan. Gabiriako
Baietz film laburra, esaterako, gaur 22:00etan proiektatuko dute.
Berunezko Jutizia film laburra, berriz, etzi 21:00etan. Umeentzako gune berezitua ere jarriko dute pilotalekuan.
Garagardo Festa 19:00etan irekiko dute gaur. Bihar eta etzi eguerdi partean irekiko dituzte ateak.
Festaren helburua dantza taldeko ekintzetarako dirua biltzea da, hala nola, Dantzari Txiki egunetarako, trajeen mantenurako, folklore jaialdirako…