Goierriko 110 odol emaileri urteetako elkartasun lana eskertuko diete, igandean, Lazkaon
Lazkaon ospatuko dute, igandean, Goierriko odol emaileen lana eta ekarpena eskertzeko urteko omenaldi-festa. Bertako odol emaile batzoreari egokitu zaio aurten ospakizuna antolatzea, eskualdean txandan-txandan aldatzen baitute urtero lekua. Legazpitik ...
Lazkaon ospatuko dute, igandean, Goierriko odol emaileen lana eta ekarpena eskertzeko urteko omenaldi-festa. Bertako odol emaile batzoreari egokitu zaio aurten ospakizuna antolatzea, eskualdean txandan-txandan aldatzen baitute urtero lekua.
Legazpitik Legorretara bitarteko goierritar emaileak sarituko dituzte, 112 guztira. Urtetan odola emanez borobildu duten ibilbidea ohoratuko diete, elkartasun ekintza hori beharrezkoa dela gogoratzearekin batera. Tolosaldeko Ikaztegieta, Amezketa, Baliarrain eta Alegia herrietako emaileak ere Goierriko kideekin batera izango dira, barruti berean daudelako.
Eskertza ekitaldia igande eguerdian hasiko da, 12:00etan, Lazkaoko Areria kultur gunean. Oin Arin taldeko dantzariek eta Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariek egingo diete emaileei ongietorria.
Ohi bezala, aurten emanaldi kopuru borobilak osatu dituzten goierritarrek oroigarri bana jasoko dute, domina eta bularreko intsignia. Batetik, 25 emanaldi egin dituztenak egongo dira zilarrezko mailan; bestetik, urrezkoan, odola 40 aldiz eman duten emakumeak eta 50 emanaldiko gizonezkoak sartuko dira. Azkenik, emaile handi deritzaienei egingo diete gorazarre: 75 emanaldi dira gizonezkoentzat, 60 emanaldi emakumezkoentzat.
Ekitaldian zehar musika eskolako helduen abesbatzak eta kamera musikako taldeak parte hartuko dute. Ondoren, Olaberriko Arrieta jatetxean bazkaria izango dute emaile guztiek.
Lazkaoko odol emaile elkartetik esan dutenez, gaur egun Goierrin (eta Tolosaldeko aipatutako eremuan) 17 herritan daude antolatuta emaile ordezkaritzak. Maiztasuna batetik bestera aldatzen den arren, odola biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere.