Larrea eta Arnaiz helmugara iristen
Arratsaldean Urretxu eta Zumarragan jokatu den herri duatloia Gurutz Larrea antzuolarrak (Gipuzkoa) irabazi du. Lasterketaren hasieratik lehen postuetan ibili den Beñat Arnaiz atxabaltarrarekin (Gipuzkoa) batera iritsi da helmugara, probaren azken metroak elkarrekin egin ondoren. Helmugarako metro batzuk falta zirenean elkarri eskua emanda egin dute korrika, eta kiroltasun osoz, atxabaldarrak Larreari utzi dio helmugan lehen postuan sartzen. Irabazleak 38 minutu eta 37 segundoko denbora egin du. Lehen emakumezkoa Maria Mendibe izan da, eta lehen herritarra Xabier Soraluze zumarragarra. Soraluze, laugarren iritsi da helmugara.
Urola Triatloi Taldeak antolatutako proba izan da gaurkoa, eta haiek emandako datuen arabera, ia 160 kirolarik parte hartu dute gaurko proban. Lasterketa herrikoia izanagatik ere, hainbat kirolari ezagun izan da gaur Urretxu eta Zumarraga arteko proban, tartean, Abraham Olano txirrindulari ohia eta Mikel Odriozola martxa korrikalaria, adibidez. Goierritar ugarik ere parte hartu dute duatloiean, besteak beste, Beasain, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ordizia edo Lazkaokoak, esaterako.
Probari hasiera emateko, hiru kilometro korrika egin dituzte bi herrietako kaleetan zehar, eta probako lehen zati honetan, Arnaiz atxabaltarra joan da aurreneko postuan. Bizikletak hartu eta Legazpiaraino joan behar izan dute ondoren. Hasieran, 17 kilometro egin behar zituztela zuten iragarrita antolatzaileek, baina azkenean 13 egin behar izan dituzte. Bizikleta gainean Abraham Olano nagusitu da, eta korrika egin ondoren bizikletan ibiltzeko oinetakoak eta kaskoa janzten denbora dexente galdu badu ere, bera izan da
boxex-etara iritsi den lehena. Korrika egin beharreko azken zatia hasi aurretik ordea, Arnaizek eta Larreak aurrea hartu diete gainerakoei eta bakarrik iritsi dira helmugara.
-
-
Larrea eta Arnaiz helmugara iristen
-
-
Parte-hartzaileak irteeran
-
-
Abraham Olano
-
-
Parte-hartzaileak txirrinduak uzten
-
-
Parte-hartzaileak bizikletak uzten
-
-
Probaren hasiera
-
-
Parte hartzaileak korrika
-
-
Adin guztietako kirolariek parte hartu dute proban
-
-
Azkar aldatu behar izan dituzte oinetakoak parte hartzaileek, denborarik ez galtzeko
-
-
Bizikletako proba hasteko prestatzen
-
-
Bizikletako zatia egiteko prestatzen
-
-
Parte hartzaileak txirrindu gainean