Zesio-137ren erradiazioa aurkitu dute Olaberriko Arcelor-Mittal altzairutegian
Olaberriko Arcelor-Mittal altzairutegiak erradiaktibitateagatik abisua eman zion, atzo, Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari. Zesio-137ren erradiazioa aurkitu zuten galdaketa-hautsa zeraman kamioi batean. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Ja...
Olaberriko Arcelor-Mittal altzairutegiak erradiaktibitateagatik abisua eman zion, atzo, Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari. Zesio-137ren erradiazioa aurkitu zuten galdaketa-hautsa zeraman kamioi batean. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Jaurlaritzari jakinarazi, eta haren teknikariek neurtu dute erradiazioa.
Iturri horiek aditzera eman dutenez, Zesio-137 da erradiazioaren sorburua. Fusio labe batean errea dateke, handik ateratako hautsean topatu dutelako kutsadura nuklearra. Fundizioko langileek zehaztu duenez, detekta ezin zitekeen isolamenduarekin iritsi zen materia erradiaktiboa labera. Azaldu dutenez, kanpotik sartzen den txatarra guztia eskanerretik pasatzen dute. Zesio gai honen kasuan, altzairuzko isolamenduan bilduta iritsi zela esan dute, eta detekzio sistemak ez zuela atzeman.
Behin labean galdatutakoan fusioz isuri zen zesio-137a. Erauzkailuetan eta hauts hondarretan erradiazioa askatu zuen.
Olaberriko alkate Jokin Garmendiak goizean Euskadi Irratian esan du gaur arratsaldean hasiko direla Arcelor-Mittalen kutsatutako hautsak garbitzen. “Normaltasun osoa” dago lantegian, alkatearen hitzetan, kutsatutako labea itxita dagoela baina laminazioan lanean ari direla zehaztu du. Segurtasun alarma bertan behera geratu da, “ez da ezer gertatu”. Agintari politikoak eta Kontseilu Nuklearreko arduradunek berehala esan dute ez ingurumenean, ez langileen eta pertsonen osasunean “kalterik ez” duela eragin erradiazioak.