Aitor Sarriegi final aurrekoetan izango da eta Elustondok badu aukerarik
Asteburuan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final laurdenetako bi kanporaketa jokatu dituzte, eta bietan, Goierriko ordezkari banak parte hartu dute. Aitor Sarriegik Hondarribiko saioa irabazi zuen, eta zuzenean sailkatu da final erdietarako. Nerea Elustondok berriz, hirugarren egin zuen Idiazabalen, baina puntuazioa ikusita, badu hurrengo fasean izateko aukerarik.
Larunbatean jokatu zuten bi kanporaketa horietan lehena, Hondarribian. Bertan, Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarra izan zen punturik gehien pilatu zuena, 494 guztira. Kopletan eta bakarkako saioan utzi zituen alerik onenak.
Sailkapenean, beasaindarraren atzetik gelditu ziren Alaia Martin (481 puntu) eta Amaia Agirre (478,5). Biek ere, final aurrekoetan izateko aukerak badituzte, nahiz eta hori, puntu guztiak esku artean izandakoan jakingo den.
Idiazabalen, Jon Martin nagusi
Igandean berriz, bertsozaleek Idiazabalen zuten hitzordua. Igarondo pilotalekua lepo beteta zela –750 lagun bildu ziren– igo ziren sei bertsolariak tranpaldora.
Jon Martin oiartzuarrak irabazi zuen saioa, 494 punturekin. Erregularra izateaz gain, ale ederrak utzi zituen hainbat ariketatan. Haren atzetik gelditu ziren Felix Zubia (482 puntu) eta Nerea Elustondo (472,5) legazpiarra. Hain zuzen ere, bi horiek kopletan egindako lana izan zen saio osoko txalotuenetako bat. Elustondok, badu sailkatzeko aukerarik, baina gainontzekoen puntu dantzaren zain segi beharko du.