Maria Luisa Moreak irabazi du Zaldibiako mondeju lehiaketa, seigarren aldiz
Zaldibian atzo ospatu zen Ardiki Egunean, Maria Luisa Morea amezketarrak irabazi zuen, seigarren aldiz, mondeju lehiaketa. Hogei parte-hartzailek aurkeztu zituzten mondeju zuri sortak. Zaldibian bizi den Moreak iaz ere jantzi zuen txapela, baita 2000n ...
Zaldibian atzo ospatu zen Ardiki Egunean, Maria Luisa Morea amezketarrak irabazi zuen, seigarren aldiz, mondeju lehiaketa. Hogei parte-hartzailek aurkeztu zituzten mondeju zuri sortak. Zaldibian bizi den Moreak iaz ere jantzi zuen txapela, baita 2000n eta 2004tik 2006ra hiru urtez jarraian ere. “Sorpresaz” hartu zuen atzo garaile zen albistea. Hamazazpigarren aldiz jokatu zen mondeju lehiaketa. Bigarren Kaietana Etxeberria geratu zen; beste lau alditan ere txapeldunorde izana da Lazkaon bizi den oreindaindarra. Hirugarren postuan, Lazkaomendiko Mari Jose Alkaiaga izan zen.
Aralarko gaztaren 14. lehiaketa ere jokatu zen, atzo. Altzoko Migel Amianok irabazi zuen, maiatz-ekain aldera egindako gazta “mantekoso eta gozo” batekin. Bigarren Joseba Intxausti ordiziarrak egin zuen, eta hirugarren Errezilgo Juan Mari Zinkunegik. Artaldeak Enirio-Aralarren larratu beharra dauzkate lehiaketa honetan parte hartzen duten artzainek. Denera 15 partaide izan ziren.
Plazan eta frontoian artisauak eta eskulangileak lanean jardun ziren. Saskigintza, artilezko haria egiten, mondejuak nola egiten diren, oihalgintza eta ehungintza… erakutsi zituzten.