Bigarren jentil aroak 30 urte
Euskaldunen kosmo mitologikoa leku gutxitan bezala gorde dute Ataunen. Antzinako biztanleen sinesmenak, mitoak, ipuinak eta esaundak ugari ziren izan, eta gaurdaino iritsi dira asko, batez ere Joxe Migel Barandiaranen etnologia bilketa eskergagatik, baita Joan Arinen edo Joxe Arratibelen kontzientziagatik ere, beste ataundar gehiagoren artean. Aberastasun mitologiko horrek igande iluntzean izango du bi urteroko agertokia, Jentilen Etorrera ikuskizunarekin: ongietorria, desfilea eta antzerkia. Urteurren borobil batzuen xarma izango du, gainera, aurtengo ekitaldiak. Hogeita hamar urte dira lehendabiziko aldiz Jentilen Etorrera egin zutenetik. Barandiaran maisua hil zela, bestetik, hogei urte beteko dira abenduan. Iraganari begira ez ezik, etorkizuneko bidea ziurtatzeko ere pauso garrantzitsua egin dute aurten. «Aktore artean berritze handia izan da, belaunaldi aldaketa suertatu da. Oso jende ona sartu da, eta oso gustura gaude. Guretzat oso polita da», dio antolakuntzako Jon Aizpuruak. Orain denbora bat, Jentilen Etorrera bi urtean behin egiteko erabakia hartu zuten, txandakoa Ohitura Zaharraren Jaiari eskaintzeko. Iaz izan zen lanbide eta bizimodu antzinakoaren errepresentazioa, ikazkintza gai hartuta. Aurten tokatzen da, beraz, Jentilen Etorrera «sendoa» egitea, antzerki eta guzti. Ohiko egitura izango du ikuskizunak. Igandean, behin gautzen duenean —18:15 aldera ilunduko du—, San Martin auzoko udaletxe aurrean hasiko da, 18:30a aldera, elizako ezkilen deiarekin. Agintariek eta kristauek ongietorria egingo diete [...]
Euskaldunen kosmo mitologikoa leku gutxitan bezala gorde dute Ataunen. Antzinako biztanleen sinesmenak, mitoak, ipuinak eta esaundak ugari ziren izan, eta gaurdaino iritsi dira asko, batez ere Joxe Migel Barandiaranen etnologia bilketa eskergagatik, baita Joan Arinen edo Joxe Arratibelen kontzientziagatik ere, beste ataundar gehiagoren artean. Aberastasun mitologiko horrek igande iluntzean izango du bi urteroko agertokia, Jentilen Etorrera ikuskizunarekin: ongietorria, desfilea eta antzerkia.
Urteurren borobil batzuen xarma izango du, gainera, aurtengo ekitaldiak. Hogeita hamar urte dira lehendabiziko aldiz Jentilen Etorrera egin zutenetik. Barandiaran maisua hil zela, bestetik, hogei urte beteko dira abenduan. Iraganari begira ez ezik, etorkizuneko bidea ziurtatzeko ere pauso garrantzitsua egin dute aurten. «Aktore artean berritze handia izan da, belaunaldi aldaketa suertatu da. Oso jende ona sartu da, eta oso gustura gaude. Guretzat oso polita da», dio antolakuntzako Jon Aizpuruak.
Orain denbora bat, Jentilen Etorrera bi urtean behin egiteko erabakia hartu zuten, txandakoa Ohitura Zaharraren Jaiari eskaintzeko. Iaz izan zen lanbide eta bizimodu antzinakoaren errepresentazioa, ikazkintza gai hartuta. Aurten tokatzen da, beraz, Jentilen Etorrera «sendoa» egitea, antzerki eta guzti.
Ohiko egitura izango du ikuskizunak. Igandean, behin gautzen duenean —18:15 aldera ilunduko du—, San Martin auzoko udaletxe aurrean hasiko da, 18:30a aldera, elizako ezkilen deiarekin. Agintariek eta kristauek ongietorria egingo diete menditik jaitsiko diren jentilei; sorginak ere azalduko dira.
Plazatik Auzoeta kiroldegira desfilea egingo dute, kalea bereziki apainduta dela: kale-argiak itzaliko dituzte, eta bidea zuziz argituko dute. Etxeetako leihoetan ipintzeko farolak banatuko dituzte, giro magikoa su-argiz pizteko.
Antzerkian, sorginei gorazarre
Behin kiroldegira iritsitakoan, Jentilen Etorrera-ren bigarren zatiak hartuko du arreta. Antzerkian sorginei egingo diete erreferentzia, inkisizioaren garaian atxilotu, torturatu eta erre zituztenei omenaldia egiteko.
Urteurrenekin bat etorriz, aurten bete dira 400 urte Hondarribiko (Gipuzkoa) sorginen auzia izan zela, 1611ko maaitzaren 11koa. Hondarribiko soldaduekin ezkonduta zeuden Ipar Euskal Herriko sei emakume sorgintzat akusatu zituzten; bostek aitortu zuten sorgin zirela, tortura gogorrak jasan ondoren; Inessa de Gaxen zeritzon neskak, ez.
«Hondarribian bakarrik ez; Zeberion, Durangon, Burgin, Saran, Zugarramurdin eta beste hainbat lekutan izan ziren sorginkeria salaketak eta auziak. Gertakari latz haiek hartu nahi ditugu aurten gogoan», azaldu du Jentilen Etorreraren antolatzaile taldeak.
Ikuskariaren gidoia urterik urte moldatu egiten dute, gertakari edo pertsonaia gehiago sartuta. «Oinarrian ipuin mitologikoak daude, Ataunen hain ugariak diren mito, ipuin eta esaundak. Baina beti berritzen dugu istorioa».
«Apaiz berria iritsiko da herrira, jentilen eta kristauen arteko harremanaren aurka dagoena. Neska jentil baten eta mutil kristau baten harreman-istorioa garatuko da. Azkenean inkisidoreak epaituko ditu. Bukaeran… dena ezin esango dugu!», aurreratu du Aizpuruak. Apaizaren papera, adibidez, aktore-taldean aurten sartu den gazte batek egingo du, hamazazpi urteko mutil batek. Betiko pertsonaiek ere hornituko dute: Torto, Azti, Basajaun, Samartin Txiki, Kixmi…
Ikuskizunean guztira 250 bat ataundarrek parte hartuko dute, haurretatik adinekoetara. Kaleko eszenetan eta desfilean 200 bat lagun ariko dira, eta antzerkian 50 inguru gehiago.
Jon Aizpuruak Jentilen etorrera: herri baten arima 1981-2005 liburuan dioen bezala, «benetako mundua eta mundu harrigarria ia bat eginda» izan ziren garai batean Ataunen. Jaian, batuago.
Lehen ekitaldia 1981eko ekainaren 12an izan zen, Garaipen Jaietan
Ataun San Martinen festa nagusiak ekainean ospatzen zituzten garaian hasi zen ataundar talde bat Jentilen Etorrera antzezten. Garaipen Jaiak egin ziren 1976tik 1992ra, egun handia ekainaren 15ean zuena: Ataunek Lazkaoko markesarekin eduki zuen liskar batean garaile herria atera zen eguna, hain zuzen. Elizako horman zein armarri jarri zegoen auzitan, herrikoa ala markesarena. Valladolideko Chancilleriak 1584ko ekainaren 15ean atera zuen epaia.
Lehen antzezpena 1981eko festetan izan zen, ekainaren 12an, ostirala, herri afariaren ondoren. 01:00etan, Jentilbaratzan sua piztu, suziriak bota eta kanpaiak joka zirela iritsi ziren jentilak, aspaldiko partez.