Sustraiez Blai geratzekotan dator
Sustraiez Blai munduko musiken jaialdia geratzeko dator. Hamaika urte dira kultur trukea musikaren bidez egiteko helburu duen jaialdia aurreneko aldiz egin zenetik, eta ibili horretan gora beherak izan badituzte ere, Sustraiez Blai kultur elkarteak sorrerako helburuetako bi betetzea lortu du; bat, urtez urte jaialdia egin ahal izatea, eta bi, jaialdia herri batean egonkortzea. Ordizia izango da aurrerantzean Sustraiez Blai jaialdia hartuko duen herria. Aurtengoa hilaren 12an izango da, eta iaz bezalaxe, Garagartza plaza eta Plaza Nagusia izango dira kontzertu lekuak. Kartel txukun eta anitza izango du aurten ere jaialdiak. «Urtetik urtera lekua aldatu beharrak ikaragarrizko oztopoak sorrarazten zizkigun; leku berria, jende berria, baliabide ezberdinak… Ordiziako Udalaren babesa izanik, jaialdia Ordizian egonkortzearen aldeko apustua egin dugu, jendeak jaialdia eta herri jakin bat lotu ditzan». Esther Isasa Sustraiez Blai kultur elkarteko prentsa arduradunaren arabera, iaz 10. urteurreneko jaialdia Ordizian egin zuten, eta «arrakastatsua» izan zenez, argi zuten aurten ere bertan egin behar zutela. Bombino tuarega kartelburu Baina jaialdia ez da musikara mugatzen. Aurreko ekitaldi batzuetan hitzaldiak-eta antolatu badituzte ere, aurten halakorik ez da izango, baina zine emanaldiari eutsi diote. Datorren asteartean, hilak 8, Playing for change 2. Song around the world filma proiektatuko dute Beasaingo Usurbe antzokian, 21:00etan. Egitasmo musikal baten eta [...]
Sustraiez Blai munduko musiken jaialdia geratzeko dator. Hamaika urte dira kultur trukea musikaren bidez egiteko helburu duen jaialdia aurreneko aldiz egin zenetik, eta ibili horretan gora beherak izan badituzte ere, Sustraiez Blai kultur elkarteak sorrerako helburuetako bi betetzea lortu du; bat, urtez urte jaialdia egin ahal izatea, eta bi, jaialdia herri batean egonkortzea. Ordizia izango da aurrerantzean Sustraiez Blai jaialdia hartuko duen herria. Aurtengoa hilaren 12an izango da, eta iaz bezalaxe, Garagartza plaza eta Plaza Nagusia izango dira kontzertu lekuak. Kartel txukun eta anitza izango du aurten ere jaialdiak.
«Urtetik urtera lekua aldatu beharrak ikaragarrizko oztopoak sorrarazten zizkigun; leku berria, jende berria, baliabide ezberdinak… Ordiziako Udalaren babesa izanik, jaialdia Ordizian egonkortzearen aldeko apustua egin dugu, jendeak jaialdia eta herri jakin bat lotu ditzan». Esther Isasa Sustraiez Blai kultur elkarteko prentsa arduradunaren arabera, iaz 10. urteurreneko jaialdia Ordizian egin zuten, eta «arrakastatsua» izan zenez, argi zuten aurten ere bertan egin behar zutela.
Bombino tuarega kartelburu
Baina jaialdia ez da musikara mugatzen. Aurreko ekitaldi batzuetan hitzaldiak-eta antolatu badituzte ere, aurten halakorik ez da izango, baina zine emanaldiari eutsi diote. Datorren asteartean, hilak 8, Playing for change 2. Song around the world filma proiektatuko dute Beasaingo Usurbe antzokian, 21:00etan. Egitasmo musikal baten eta fundazio baten izena darama filmak, eta kultur aniztasuna aintzat hartuta, 25 herrialdetako 150 musikariren zuzeneko abestiak ikus-entzuteko aukera emango du.
Musika jaialdiak aurten izango duen berrikuntza nagusia egun osoan Ordiziako alde zaharrean egingo den artisautza azoka izango da. Horrexek girotuko ditu 18:00etan Garagartza plazan izango diren bi emanaldiak. La Trocamba Matanuscak Balkanetako musika egiten du, eta Dilshad taldeak sabel-dantza eta ekialdeko dantzak uztartzen ditu.
Gauean hiru taldek joko dute Plaza Nagusian. Zestoako Adabegi taldeak flamenkoa eta txalaparta nahasten ditu, eta bi dantzarik gori-gori jartzen dute oholtza. Samueliko y los Guailers talde katalanak, berriz, runba bihurria egiten du, eta jendea dantzan jartzeko ahalmen berezia dauka. Aurtengo kartelburua Bombino (Omara Moctar) tuarega izango da. Saharako eta Saheleko gitarra-jotzaile eta interpretari handienetako bat da. Nigerreko basomortuko blues musika egiten du.