Lazkaoko Udalak %2,8 igo ditu 2012rako udal zergak
Lazkaoko Udalak orokorrean %2,8 igoko ditu zergak eta tasak datorren urterako, aurtengo urterako KPIk autonomia erkidegoan izango duen igoera aurreikuspenaren portzentaia bera. Hala ere, zenbait arlotan ez du aplikatuko hazkunde hori, eta bien bitartean hobari edo exentzio neurri berriak ere sortu ditu. Gehiago igoko diren tasen artean dago trakzio mekanikodun ibilgailuaren zerga, baina ziklomotor, motor eta turismo motako autoei dagokiena soilik. Zaldi fiskal potentziaren arabera portzentualki haziko da ibilgailuagatik ordaindu beharreko kopurua. Kamioi eta autobusena ez dute igo. Hileta zerbitzuen tasa ere igo egin da, Kepa Goenaga Ogasun zinegotziaren arabera orain arteko zerga «desfasatuta» zegoelako, «aspaldi berrikusi gabe». Udalaren kostu errealera egokitu dute. Kiroldegiko kuota eta ikastaroen matrikula %4 igoko da. «Kiroldegia handitzeko obrek eta instalazioek eragin dute. Udalari urteko 300.000 euroko defizita eragiten dio. Igoerarekin ez da hutsunea estaliko, inondik inora, baina egokitzearren igo dugu». Igoerarik ez urak eta zaborrak Ura eta zaborra ez da garestituko, nahiz Gipuzkoako Urakek eta Sasieta Mankomunitateak udalari %8 inguru gehiago kobratuko dioten zerbitzu bakoitza. «Azken urteetan igoera handiak egin dira, eta izoztea erabaki dugu, kostu horietan herritarrei atsedentxo bat emateko». Hobarien sailean, etxearen kontribuzioan (IBI delakoa) lanbide arteko gutxieneko soldatara (641 euro) iristen ez diren familiei %100eko deskontua aplikatuko zaie, zerga ezereztuz. «Orain [...]
Lazkaoko Udalak orokorrean %2,8 igoko ditu zergak eta tasak datorren urterako, aurtengo urterako KPIk autonomia erkidegoan izango duen igoera aurreikuspenaren portzentaia bera. Hala ere, zenbait arlotan ez du aplikatuko hazkunde hori, eta bien bitartean hobari edo exentzio neurri berriak ere sortu ditu.
Gehiago igoko diren tasen artean dago trakzio mekanikodun ibilgailuaren zerga, baina ziklomotor, motor eta turismo motako autoei dagokiena soilik. Zaldi fiskal potentziaren arabera portzentualki haziko da ibilgailuagatik ordaindu beharreko kopurua. Kamioi eta autobusena ez dute igo.
Hileta zerbitzuen tasa ere igo egin da, Kepa Goenaga Ogasun zinegotziaren arabera orain arteko zerga «desfasatuta» zegoelako, «aspaldi berrikusi gabe». Udalaren kostu errealera egokitu dute.
Kiroldegiko kuota eta ikastaroen matrikula %4 igoko da. «Kiroldegia handitzeko obrek eta instalazioek eragin dute. Udalari urteko 300.000 euroko defizita eragiten dio. Igoerarekin ez da hutsunea estaliko, inondik inora, baina egokitzearren igo dugu».
Igoerarik ez urak eta zaborrak
Ura eta zaborra ez da garestituko, nahiz Gipuzkoako Urakek eta Sasieta Mankomunitateak udalari %8 inguru gehiago kobratuko dioten zerbitzu bakoitza. «Azken urteetan igoera handiak egin dira, eta izoztea erabaki dugu, kostu horietan herritarrei atsedentxo bat emateko».
Hobarien sailean, etxearen kontribuzioan (IBI delakoa) lanbide arteko gutxieneko soldatara (641 euro) iristen ez diren familiei %100eko deskontua aplikatuko zaie, zerga ezereztuz. «Orain arte kide askoko familiei bakarrik ematen zitzaizkien laguntzak, balore katastrala soilik kontuan hartuta. Orain, diru sarrerak ere aintzat hartuko dira hobarirako». Uraren eta zaborraren tasetan ere laguntzak neurri berean dira.
Heriotzagatik etxebizitza eskuz aldatzeko hobaria ere handitu egin da, %75etik 95era igaroz, dohain egiten diren lurren edo eraikinen kasuan. Nekazariek, bestetik, sektorearekin zerikusia duten azpiegituretan lanak egiterakoan, obra-baimenaren zergaren erdia bakarrik ordaindu beharko dute, %50eko hobaria ezarri baitu Udalak.













