Jose Manuel Olano: “Aurrean ibiltzeak jende asko erakartzen du”
Beasaingo Odolkiaren Lehiaketara Olano harategiak aurkeztu duen odolkia aukeratu dute aurten odolkirik onenaren saria emateko eta, beraz, datorren urtera arte, olanotarrak izango dira Odolkiaren Erregeak. Aurtengoa, irabazten duten zazpigarren aldia da. Jendearen zorion agurren artean eta Loinaz Usabiaga, Luis Usabiaga eta Isabel Imaz ama ondoan dituela, odolki on bat egiteko sekretua zein den azaldu du Jose Manuel Olanok. Dagoeneko sarritan entzungo zenuten, baina, zer du horren berezia Beasaingo odolkiak? Berezitik ez du ezer, gureak ez behintzat nire ustez. Nik uste dut saiatzea dela sekretua, eta odolkia mimo handiz egitea. Genero ona edukita gainera, gauzak errazago egiten dira, eta horrenbeste urteren ondoren eskua ere hartzen diozu. Erabili beharreko kantitateak ere ondo kalkulatuta ditugu. Odolkairen Kofradiak zehaztuta ditu Beasaingo odolkiaren ezaugarriak. Horiek jarraitzea beharrezkoa da? Kofradiak odolki on baten oinarria zein izan behar den zehazten du. Baina gero bakoitzak nahi duena egin dezake, eta azkenean, odolkigile bakoitza bere egiteko moduan oinarritzen da. Espezieek garrantzia dutela esaten dute, baina guk apenas erabiltzen ditugu. Hemen inguruan bildutako oregano eta perrexil pixka bat bakarrik. Nik uste dut hemen ez dagoela espezie askorik erabiltzeko ohiturarik eta nahiko odolki naturalak egiten ditugula. Finalera sailkatutako zortzi odolkigileak goierritarrak izan zineten, eta lau beasaindarrak. Zergatik dela uste duzu? Gehienbat [...]
Beasaingo Odolkiaren Lehiaketara Olano harategiak aurkeztu duen odolkia aukeratu dute aurten odolkirik onenaren saria emateko eta, beraz, datorren urtera arte, olanotarrak izango dira Odolkiaren Erregeak. Aurtengoa, irabazten duten zazpigarren aldia da. Jendearen zorion agurren artean eta Loinaz Usabiaga, Luis Usabiaga eta Isabel Imaz ama ondoan dituela, odolki on bat egiteko sekretua zein den azaldu du Jose Manuel Olanok.
Dagoeneko sarritan entzungo zenuten, baina, zer du horren berezia Beasaingo odolkiak?
Berezitik ez du ezer, gureak ez behintzat nire ustez. Nik uste dut saiatzea dela sekretua, eta odolkia mimo handiz egitea. Genero ona edukita gainera, gauzak errazago egiten dira, eta horrenbeste urteren ondoren eskua ere hartzen diozu. Erabili beharreko kantitateak ere ondo kalkulatuta ditugu.
Odolkairen Kofradiak zehaztuta ditu Beasaingo odolkiaren ezaugarriak. Horiek jarraitzea beharrezkoa da?
Kofradiak odolki on baten oinarria zein izan behar den zehazten du. Baina gero bakoitzak nahi duena egin dezake, eta azkenean, odolkigile bakoitza bere egiteko moduan oinarritzen da. Espezieek garrantzia dutela esaten dute, baina guk apenas erabiltzen ditugu. Hemen inguruan bildutako oregano eta perrexil pixka bat bakarrik. Nik uste dut hemen ez dagoela espezie askorik erabiltzeko ohiturarik eta nahiko odolki naturalak egiten ditugula.
Finalera sailkatutako zortzi odolkigileak goierritarrak izan zineten, eta lau beasaindarrak. Zergatik dela uste duzu?
Gehienbat hemen inguruan odolki berdintsua egiten dugulako denok. Batez ere bertakoak gara hemengo odolkia ezagutzen dugunak, eta horregatik ibiltzen gara aurrean goierritarrak.
Aurten ere epaimahaiak ia odolki gehienen maila ona azpimarratu du.
Jendeari asko gustatzen zaio hemengo odolkia, baina baita kanpoko jendeari ere. Fina geratzen da jateko, goxoa, nahiz eta sukalderako ez duen aukera gehiegirik ematen.
Lehiaketa irabazita, urte guztian zehar erregearen koroa eramateko baldintza bete beharko duzue orain. Gustura egiten den lana al da?
Guretzat hori ez da inolako arazoa, alderantziz, oso ona da. Dagoeneko urte batzuetan irabazi dugu, baina oraingo honek ere berdin-berdin egin digu ilusioa. Lana ekartzen du, eta hori da nahi duguna: lana.
Saria bera baino, saria irabazteak ematen duen publizitatea al da lehiaketa honek duen onena?
Aurrean ibiltzeak jende asko erakartzen du. Herritarrak eta kanpokoak etortzen dira, Beasaina etortzen direnean badakitelako hemengo produktua odolkia dela, eta odolkia erosi nahi duenak irabazlearen izena gogoan izaten du. Horrek guri asko laguntzen digu, eta salmentak ikaragarri handitzen ez badira ere, urtean zehar saltzen den kilo kopurua mantentzen laguntzen du.
Igandean beste sari bat jasoko duzue, oraingoa Espainia mailakoa. Aste borobila izango da hau zuentzat, ezta?
Espainiako hamar odolkirik onen artean gurea aukeratu dute, eta Alacanten (Herrialde Katalanak) emango digute saria. Rafael Garcia Santos kritko gastronomikoak ematen dituen sariak dira. Askotan atera izan du gure odolkia bere gidetan, eta gure odolkiari estimu handia dio. Gu hor ibiltzen gara batetik bestera, eta nonbait probatuko zuten gure odolkia eta hoberenetakoa dela iruditu zaio. Guretzat oso ona da hori, halako sariekin puntu askotatik deitzen digutelako odolkiak eskatzeko. Juan Etxanobe eta Imanol Ariasen Un país para comérselo programarako ere irudi batzuk grabatu zituzten harategian eta han ere irtengo gara hilabete honetan.
Hurrengo lana, kofradiaren egunerako odolkiak egitea izango da?
Egun horretarako irabazleak egin behar izaten ditu odolkiak, eta lan handia eskatzen du, baina gustura egiten dugu. Dagoneko eskua hartu diogu, eta tipulak zuritzen eta txikitzen ere ez zaigu ia malkorik ateratzen.














