Trukeak salmenten lekua hartu du aurtengo mineralogia eta paleontologia asteburuan
Mineralogia eta Paleontologia Asteburuaren balorazio «ona» egin dute antolatzaileek. Euriteak ekintza batzuei eragin badie ere, topaketa «oso egoki» gisa definitu dute.
Urrelur feria izan da asteburuko erakargune nagusia. Ostiralean ireki zuten, eta bai egun horretan eta bai zapatuan ere eskoletako haurren talde ugari igaro ziren bertatik. Igandean somatu zuten bisitarien kopuruan beherakada. Javier Aguado antolatzailearen esanetan, «normalean igandean etorri ohi dira bildumagileak, diru-kutxa betetzea ahalbidetzen dizuten pertsonak, eta aurten, askok eguraldiagatik ezingo zutela etorri esateko deitu digute». Hala ere, azokak zaletuei trukerako aterpea eskaini die aurten ere. Izan ere, salmenten gainetik trukeak nabarmendu dira aurten. Salmentak «auzoka joan dira» dio Aguadok. «Batzuek pieza onak saldu dituztela esan dute, eta beste batzuek, berriz, ez dute gasolinaren gastuak ordaintzeko lain ere atera». 1.200 euroko piezarik saldu duenik ere egon da aurten. Hala ere, esan bezala, mineralen, fosilen eta harribitxien trukeak indarra hartu du krisi garai honetan.
Aterpea, bigarren zentzu batean ere eman die azokak zaletuei, eguraldiaren erruz hainbat saltzailek igande gaua ere bertan igaro behar izan baitzuten.
Horrek ez dio azokari kalitatea murriztu, ordea. «Azokan izan den Bartzelonako zaletu batek, Joan Rossellek, interneteko mineralogia foro batean jarri ditu Urretxuko azokaren argazkiak, eta 24 orduko epean 15.000 bisita inguru izan zituzten» dio Aguadok adibide gisa. Izan ere, Urretxuko azokak, Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko zaletuak erakartzeaz gain, postua jarri nahi duten 50 pertsonako itxaron zerrenda du. «Ez dugu azoka errentagarri egiteko beharra, eta horrek erakutsiko dena aukeratzeko aukera ematen digu, ez gaude baldintzatuta» dio Aguadok.
Ibilbidea bertan behera
Mineralogiari lotutako bestelako ekintza gehiago ere antolatu dituzte asteburuan Urretxun. Ondorioak gazi-gozoak dira. Herrian zehar egiteko ibilbide mineralogikoa, esaterako, bertan behera utzi zuten. Euriteagatik parte hartzaile gehienak etxean gelditu ziren, eta pertsona bakarra agertu zen hitzordura. Honek, ibilbidea azaldu behar zuen Jose Maria Hernandez adituaren ikastaro partikularra jaso zuen.
Haurrentzako ekintzak, aldiz, urteroko bidetik garatu dituzte.
Gernikako Arbola plazako jolasgunean haur asko ibili da, eta baita plaza berean inprobisatu zuten rokodromoan ere. Hau Iparragirre plazan jarri behar zuten, baina eguraldiagatik berriro ere, lekuz aldatu zuten. Paretan gora eta behera ibili den haur kopuru handiak «harrituta» utzi ditu antolatzaileak. «Agian, eguraldiaren erruz aspertuta zeuden, eta hau alternatiba bat izan da» dio Aguadok pentsakor.
Azkenik, antolatzaileek eta kanpotik etorri diren saltzaileek, aurten Urretxuko udal ordezkariek azokari eman dioten «babesa» nabarmendu dute.














