Itsasondoko ziklo-kros proba igandean jokatuko da, Goierriko hiruretatik lehena
Itsasondoko XII. Ziklo-Kros proba igandean, azaroak 20, jokatuko da, eta ez egutegi ofizialean printzipioz azaltzen zen bezala larunbatean. Lezamako (Bizkaia) lehiaketa bertan behera geratu denez —hauteskundeengatik—, Itsasondoko Ijitu kirol elkart...
Itsasondoko XII. Ziklo-Kros proba igandean, azaroak 20, jokatuko da, eta ez egutegi ofizialean printzipioz azaltzen zen bezala larunbatean. Lezamako (Bizkaia) lehiaketa bertan behera geratu denez —hauteskundeengatik—, Itsasondoko Ijitu kirol elkarte antolatzaileak biharamunera aldatu du herriko lasterketa, hutsune hori baliatuz.
Goierrin aurtengo denboraldian jokatuko diren hiru probetatik lehenbizikoa izango da Itsasondokoa. Hurrena, abenduaren 10ean, Ormaiztegin da, eta abenduaren 17an Legazpin berreskuratuko dute, Gipuzkoako Txapelketa hartzeko.
Itsasondoko lehiaketari dagokionez —ohiko barrutia atondu dute—, Egoitz Murgoitio bizkaitarra da irabazteko faborito handiena. Denboraldi hasiera bikaina ari da gauzatzen, sasoiko dagoela erakutsiz proba bakoitzean.
Iaz buruz buruko ikusgarria izan zuten Aitor Hernandez eta Iñaki Lejarreta edukiko ditu, ziurrenik, aurkari sendoenak. Iaz Hernandez gailendu zen, Lejarreta bi segundora zuela.
Profesionalen esparrutik Gari Bravo lazkaotarra eta Aitor Galdos Itsasondon izango dira, Caja Ruralekoak biak.
Goierritarrei dagokienez, kadete, jubenil eta master —beterano— mailetan partaidetza oparoa izango da, eskualdeko espezialista ia guztiak izango baitira.
Proba dela eta, Itsasondoko herrigunea zeharkatzen duen errepidea (Gi-2131) itxita egongo da igande goizean, 09:00etatik 14:15era.
Ordutegia
Igandea, azaroak 20
- 10:00. Kadeteak (neskak eta mutilak).
- 11:00. Jubenilak (mutilak).
- 12:00. Elitekoak eta 23 urtez azpikoak (gizonezkoak).
- 13:15. Master 30, 40 eta 50ak. Neska jubenilak eta emakumezko elitekoak.













