Andoni Aizpeolea zegamarra paraplegikoa da eta gurpildun aulkia du ibiltzeko tresna
“Badago beste bizi bat eta merezi du. Kirolak ematen duen onura fisikoa eta psikikoa oso garrantzitsua da” Duela ia 12 urte bizitza aldatu zitzaion Andoni Aizpeolea zegamarrari: eskiatzen ari zela izan zuen istripuaren ondorioz, paraplegiko gelditu zen. Gurpildun aulkian mugitzen da. Azkenaldian, kirolean aurkitu du gozamena. Bizikletan eta palan aritzen da. Azaroaren lehenengo asteburuan izan ziren euriteen biharamunean joan gara (azaroak 7) Andoni Aizpeolearengana, Usurbilera. Errepidean nabarmenak dira euriteen ondorenak. Bere etxe azpiko taberna batean geldituta gaude. Tabernan sartu eta argirik ez dago. Argia kendu dutela esan digute tabernakoek. Gizon bat sartu da tabernan. Goierritarrakoak garen galdetu digute. Baietz, erantzun diogu. ‘Aizpe’-k ezin duela jaitsi eta etxera igotzeko enkarguarekin etorri da. Jakina, argirik ez dagoenez, igogailurik ez dabil eta Andoni Aizpeoleak ezin du kalera jaitsi. Etxera sartu eta hantxe aurkitu dugu Andoni Aizpeolea. Etxea egokituta duela berehala ohartu gara. Kafea prestatzen hasi da zegamarra. “Orain ikusiko duzue paraplegiko baten bizitza nolakoa den”, esan digu. Kafea nola prestatzen duen erakutsi digu. Sukaldea bere beharretara egokituta dauka. Kafe goxoa prestatu digu eta solasaldia hasi dugu. Igandean Behobia-Donostia lasterketa izango da. Iaz parte hartu zenuen hand-bikean edo eskuko bizikletan. Aurten ere ba al daukazu asmorik? Bai, eguraldia txarra ez bada behintzat. Iazko esperientzia [...]
“Badago beste bizi bat eta merezi du. Kirolak ematen duen onura fisikoa eta psikikoa oso garrantzitsua da”
Duela ia 12 urte bizitza aldatu zitzaion Andoni Aizpeolea zegamarrari: eskiatzen ari zela izan zuen istripuaren ondorioz, paraplegiko gelditu zen. Gurpildun aulkian mugitzen da. Azkenaldian, kirolean aurkitu du gozamena. Bizikletan eta palan aritzen da.
Azaroaren lehenengo asteburuan izan ziren euriteen biharamunean joan gara (azaroak 7) Andoni Aizpeolearengana, Usurbilera. Errepidean nabarmenak dira euriteen ondorenak. Bere etxe azpiko taberna batean geldituta gaude. Tabernan sartu eta argirik ez dago. Argia kendu dutela esan digute tabernakoek. Gizon bat sartu da tabernan. Goierritarrakoak garen galdetu digute. Baietz, erantzun diogu. ‘Aizpe’-k ezin duela jaitsi eta etxera igotzeko enkarguarekin etorri da. Jakina, argirik ez dagoenez, igogailurik ez dabil eta Andoni Aizpeoleak ezin du kalera jaitsi.
Etxera sartu eta hantxe aurkitu dugu Andoni Aizpeolea. Etxea egokituta duela berehala ohartu gara. Kafea prestatzen hasi da zegamarra. “Orain ikusiko duzue paraplegiko baten bizitza nolakoa den”, esan digu. Kafea nola prestatzen duen erakutsi digu. Sukaldea bere beharretara egokituta dauka. Kafe goxoa prestatu digu eta solasaldia hasi dugu.
Igandean Behobia-Donostia lasterketa izango da. Iaz parte hartu zenuen hand-bikean edo eskuko bizikletan. Aurten ere ba al daukazu asmorik?
Bai, eguraldia txarra ez bada behintzat. Iazko esperientzia polita izan zen. Hasieran iazko denbora hobetzea jarri nuen helburu, baina azkeneko bi hilabeteetan gutxi ibili naiz eta hasi eta bukatzea beste helbururik ez dut.
Hasiberria naiz hand-bikean. Iaz hasi nintzen. Norbere buruari helburua jarri behar izaten dio, bestela erraza da uztea. Behobia egitea jarri nuen erronka. Oso esperientzia polita izan zen. Batzuk konpetitzen ibiltzen dira gehiago. Ni, ez. Nik bizikleta, gozatzeko nahi dut.
Zer iruditu zitzaizun Behobia-Donostia?
Iaz nire buruari helburua jarri nion eta oso gustura bukatu nuen. Espektakulu bat iruditu zitzaidan. Kemenek (Ezindu Fisikoen Kirol Elkartea) gainera oso-oso ondo antolatzen du eta antolakuntza perfektua zen. Txundituta gelditu nintzen. Bakoitzarentzat bi laguntzaile jartzen dituzte.
Esperientzia ona izan zen. Gaintzurisketara arte ez zuen euririk hasi. Handik aurrera, euria hasi zuen eta ez zuen atertu. Bizikletan zoaz, jende pilo bat ikusten duzu, aupaka eta animoka… ‘Eguraldi honekin jendea erotuta dago’ pentsatzen duzu. Eta bukaeran jendeak esaten du: zuek erotuta zaudete. Espektakulu bat iruditu zitzaidan.
Hand-bikean ibiltzen zara. Nolakoa da hand-bike?
Triziklo bat bezalakoa da. Hiru gurpil ditu, bi atzean eta bat aurrean. Bizikletak bezala, berdin-berdin ditu, platoak eta desarrolloak. Pedalak, hankarekin ordez, eskuarekin ematen dira. Eskuarekin manejatzen da. Eserita joaten zara.
Kemen-en bitartez probatu nuen. 8-10 egunetan probatu eta kateatu egin nintzen. Hirugarren eskuko bizikleta bat erosi nuen. Oso polita izan da. Imaginatzen ez zinen lekuetara joaten zara hand-bikearekin, gurpildun aulkian joan ezingo nintzen lekuetara joaten naiz. Oso ona da fisikoki, eta oso ona da “ganbararako”.
Non ibiltzen zara bizikletarekin?
Trafiko gutxi dagoen lekua behar dugu. Bidegorria bada ondo, baina ez da oso erosoa. Bidegorri estua da eta denetik ibiltzen da: patinetan, oinezkoak, zaharrak, umeak… Urbasa aldean, Alegiatik Ordiziara, Araba aldean, Lizartzatik Betelura… ibiltzen gara.
Denboraz eta indarrez nola gabiltzan, Alegitik Ordiziara, Zaldibiara, Zaldibiatik Larraitza eta Amezketatik buelta egiten dugu. Ondo etortzen da. Oso sensazio onak dira. Ni Larraitza, kotxez joaten naiz, ez nuen uste izango bizikletan joan ahal izango nintzenik.
Gaixotu aurretik bizikletan ibiltzen al zinen?
Gaixotu aurretik batez ere, eskia, bizikleta eta mendia egiten nituen. Bizikleta asko gustatu izan zait, alforjak jarri eta 15 egun batetik bestera ibiltzeko. Horrelako bidaia asko egin nituen min hartu aurretik. Bizikletarekin asko gozatu nuen baina ez zait behin ere bururatu lehiatzea. Nire airera ibili izan naiz beti eta orain ere bai. Diesela naiz.
Orain pelotan ere ibiltzen zara.
Dena batera samar izan da. Lehendabizi pelotan hasi nintzen. Bikote bat badugu Usurbilen, IVEFeko irakasleak eta kirol egokituko ikasketak egin dituzte. Animatu gintuzten palan jokatzera. Inon ez da jokatzen, bakarrak gara. Beno, geroztik deskubritu genuen Tarbesen beste talde bat zegoela. Deskubritu, ezagutu eta elkartu ginen. Elkarren aurka egin ditugu halako saio pare bat.
Irakasleek animatuta hasi ginen. Lehenengo bi hasi ginen, gero hiru… Hasieran ni ez nintzen gehiegi joan, ez nintzen palan ikusten. Proba egin eta horretan ere berehala kateatu nintzen.
Denbora pilo bat dugu libre eta alizienteak behar ditugu. Ikusten duzu fisikoki ere izugarrizko bentaja egiten dizula. Nahiz eta saiatu erreabilitazioetan ibiltzen… hala ere kirola egitea, gehiena geldi daukagunez, mobilidade horrek asko laguntzen du. Eta psikoki ere bai. Asko erlaxatzen zaitu.
Pala, bizikleta baino kirol agresiboagoa da. Gehiago gustatzen zait bizikleta baina palan ere oso gustura nabil. Oso kirol gogorra da pala. Lesio motak zerikusi handia du. Normalean, zenbat eta lesio bajuagoa izan hobeto. Baina nik horretarako ere lesio txarra daukat, nahiko lesio altua baitaukat. Ez daukat inongo estabilitaterik gerrian. Orduan aulkian oreka mantentzea gehiago kostatzen zait, palarekin ematea baino. Beste batzuk, lesioa bajuagoa dutenek, abdominalak dituzte, gorputza kontrolatu egiten dute eta jokatu ere askoz ere errazago egiten dute, indar eta mugikortasun gehiago baitute. Baina horri ez diogu garrantziarik ematen. Bakoitzak badakizkigu geure mugak non dauden, eta bakoitzak ahal duenaren araberara egiten du. Sei ibiltzen gara eta oso giro polita daukagu.
Nola jokatzen duzue?
Gomazko pelota batekin jokatzen da. Pelota eta pala nahiko arinak dira. 25 tantura jokatzen dugu. Dena berdin da, baina alde bakarra dago: pelota bote bakarrera bueltatu beharrean, bi botera bueltatu daitekeela. Bigarren boteak balio du. Izan ere, pelotara lehenengo iritsi egin behar da eta asti gehiago behar dugu. Guk egindako araudia da.
Aurten txapelketa jarri duzue martxan.
Bi urte daramazkigu pelotan, Zubietan. Geure artean hitz egin eta pentsatu genuen ea zergatik ez ginen herrietan mugitzen, jendeak ikusteko. Gurpildun aulkian jende asko dago baina kalean oso jende gutxi ikusten da. Orduan pentsatu genuen: zergatik ez gara mugitzen eta herrietara joaten, eta jendea gu ikusita, beharbada animatuko da. Orain arte, Zarautzen, Astigarragan, Usurbilen eta Donostian ibili gara. Bi urte ibilita, mejori pixka bat egin dugu eta sei gaudenez, indar pixka bat emateko, torneoa antolatu dugu. Erabat ofiziala da torneoa, Pelota Federazioarekin, epaile eta guzti. Antolatu dugu, baina gu beti, hari batetik zintzilik gaude. Gaur ondo zaude, momentu honetan ondo zaude, baina bost minutura edo orduerdira sukarrarekin zaude edo min hartu duzu. Aulkitik mugitzerakoan edozein min har dezakegu. Ezusteko asko daude. Nahiko ofizio txarra da. Esfuertzo asko egin behar da. Aulkitik ohera, ohetik aulkira, komunera, kotxera… erortzea ere erraza da. Behin furgoneta barruan erori eta femurra hautsi nuen. Bakarren batek huts egiteko arriskua dago baina bakarren batek huts egiten badu, gure irakasleak, Oidui edo Iurgi, bietariko bat jartzen da gurpildun aulkian. Beraiek gustura ibiltzen dira eta gu ere bai. Geure artean giro ona dago.
Lehiaketarekin komunikabideetan gehiago irtengo zarete beharbada, ezta? Gure kasua hori izan da behintzat.
Nik uste dut baietz. Hori ere izan da txapelketaren helburua. Antzuolan jokatu genuenean, hango komunikabideetan atera ginen. 40-50 lagun joango ziren ikustera, eta seguruenik, beraien artean, norbait ezagutuko zutela gurpildun aulkian.
Mugitzen garenean, jendea enteratzen da. Gu ikustera ez da jendea joango, baina nahi dugun helburua da, adierazi, egoera honetan zaudela ere, badagoela bizi bat. Ahalik eta jende gehien animatu nahi dugu parte hartzera edo kirola egitera. Badago beste bizi bat eta merezi du. Kirolak ematen duen onura fisikoa eta psikikoa oso garrantzitsua da. Bizimodu normalean ere bai, ezta? Gure nahia, peloa eskola gehiago sortzea litzateke.
Beste kirolik egiten al duzu?
Bai, musa. Hori ere erlaxantea da. Jendeak galdetzen dit, zer egiten dek? Egun erdia nire burua zaintzen eta beste erdia nire buruz estropeatzen. Oreka bat eman behar zaio bizimoduari.
Azaroaren 19an Zegaman
Hiru partida jokatzen dira egun bakoitzean. Zegaman, hiru bikote hauek izango dira: Edurne Unamuno-Patxi Fadrique, Andoni Aizpeolea-Beñat Lizaso eta Urko Peña-Edorta De Anta.
Etxean, Zegaman arituko zara azaroaren 19an.
Bai. Egunpasa egingo dugu. Bazkaria nik neuk prestatuko dut elkartean. Palan jokatuko dugu goizez, Goierri barrualdera gutxitan joaten da jendea eta turismo pixka bat ere egingo dugu.
Erregeen “loteria”
Noiz gaixotu zinen?
2000. urteko urtarrilaren 7an. 12 urte egingo ditut.
Erregeen “oparia”, beraz.
Loteria. Niño loteriako dezimo bat banuen, 6an; eta ez zitzaidan tokatu. 7an ez neukan dezimorik hartuta baina boleto asko nituen sobrare, ezjakinean erosiak. Eskiatzen izan zen.
Eskiatzera joaten al zara orain?
Ez naiz joaten. Askotan esan didate baina bi gauzagatik ez naiz joaten. Batetik, badakit berriz joango banintz kateatu egingo nintzatekeela. Niretzako kirolik onena, gehiena gozatu dudan kirola eskia izan da.
Bestetik, min hartu aurretik eguraldi hotza, beroa baino askoz ere hobeto eraman nuen. Baina orain, mina hartu nuenetik, hotza ezin dut jasan. Orain, neguan, ahal dela, berora joaten naiz. Zirkulazio aldetik, hankak beti hoztuta edukitzen ditut. Dena den, kuriosoa da: orain bi tenperatura dauzkat: lesiotik gora eta lesiotik behera. Lesionatua beroan hobeto egoten da eta lesio gabekoa beroarekin okerrago egoten da. Neguan hobeto egoten da lesio gabekoa eta lesionatua okerrago.
Saiatzen naiz, ahal dela, negua mozten, pare bat hilabete kentzen eta leku beroagotara joaten. Baina zaila da, apartamentu egokiturik ez baitut inon ere aurkitzen. Lau urtetan jarraian Kubara, Habanara joanez egon naiz eta esan diet etxeren bat egokitzeko, negua han pasatzeko, eta ez dut lortu. Ia etsi dut. Beste leku batzuetara begiratzen ari naiz. Zailtasuna, leku egokitua lortzea da. Ez dago. Hotel bateko logela, bi hilabeterako, batetik garestia da eta bestetik, hotza egiten zait. Gainera, ez daude batere ondo. Aurkitu dudan hotelik egokitu onena, Kuban aurkitu dut.
“Herriak oso gaizki daude”
Etxea egokituta daukazu. Herriak zer moduz daude?
Gaizki, oso gaizki.
Kontzientziarik ez al dago?
Mila arazo daude, legedi aldetik ere betetzen ez direnak. Gehiena, ezjakintasunak egiten du. Ezjakintasunak baino gehiago egiten du, beharrik ez izateak, ez konturatzeak. Nire buruari ere askotan esaten diot, normal nengoenean ez zitzaidala burutik pasa ere egin, horrelako historia bat. Ziur asko, elbarrien aparkalekuetan aparkatuko nuen. Beharra izan arte ez zara konturatzen. Normalean herriak oso gaizki daude. Gero eta gauza gehiago egiten dira baina hala ere oraindik asko falta da.
Baina badaude herri batzuk oso ondo daudenak. Donostia, Orereta eta Irun adibidez. Aurreratuagoak daude. Hiru udaletxeak, PSOErenak izan dira orain arte. Lasarte bera ere nahiko ondo dago.
Herri asko aldapatsuak dira.
Aldapatsua da Usurbil eta ondorioz sano neukana mintzeko aukera zegoen. Beraz, gurpildun aulki elektrikoa erosi zuen. Ez naiz damutu. Hori izan zen beste arrazoietariko bat, aulki elektrikoa hartu nuenean, kirola egiten hasteko. Esfuertzo gutxiago egiten nuen eta beste esfuertzo mota bat egiten hasi nintzen.
Zein izaten dira ohiko akatsak?
Espaloietako beheratzeak, gaizki eginda, komun egokiturik ez dago, aldapak, eskilarak…. Irisgarritasuna gaizki dago.
Aurrekoan, Antzuolara joan eta bazkaltzen gelditu ginen. Ez genuen komun egokiturik zuen tabernarik aurkitu. Bakar bat ere ez omen zegoen. Antzuolan bezala, beste leku askotan. Obra berriak egin dituztenak, legedi aldetik behartzen dituzte, baina jendeak ez du legederik betetzen.
Eta garraio publikoa zer moduz dago?
Badaude baina gehienean akatsarekin. Usurbildik Donostiako Ospitalera joateko autobús egokitu bat jarri dute eta behin proba egin nuen. Jaitsi, igo… azkenean lortu zuen txoferrak baina horrela ibiltzea ez da kontua. Saloun izan nintzenean, han oso ondo zegoen.