Goierriko kultur eskaintzaz mahai ingurua Bixi-Bixin
Segura Irratiko Bixi-Bixi saioko arduradunak eta Goierriko Hitzako kazetariak elkarlanean ariko dira aurten ere. Denboraldi berrirako, ordea, atal berria prestatu dute, bihar estreinatuko dutena. Urtean zehar, hiru mahai inguru egingo dituzte, irratian...
Segura Irratiko Bixi-Bixi saioko arduradunak eta Goierriko Hitzako kazetariak elkarlanean ariko dira aurten ere. Denboraldi berrirako, ordea, atal berria prestatu dute, bihar estreinatuko dutena. Urtean zehar, hiru mahai inguru egingo dituzte, irratian zuzenean entzun ahalko direnak eta hurrengo egunean egunkarian irakurri. Lehen mahai ingurua bihar izango da, 12:15ean hasita, eta ordu erdiz.
Goierriko kultur eskaintzaz gogoeta egingo dute biharko saioan, Iñaki Hidalgo Ordiziako Udaleko kultur teknikaria, Joxepa Madariaga Goierriko Euskal Eskola elkarteko kudeatzailea eta hainbat kultur ekimenetako partaide eta antolatzaile den Iker Azpeitia legazpiarra lagun dituztela. Bixi-bixi saioko ohiko esatariek eta Goierriko Hitzako kideek ere parte hartuko dute.
Euskal Jaiek 100 urte
Mahai-inguruaren ondoren, Euskal Jaiak Seguran ospatu zireneko 100. urteurrena aurten dela aprobetxatuz, Eluska Gerriko alkateak horri buruzko xehetasunak kontatuko ditu. Ohiko atalik ere ez da faltako: herriz-herriko albisteak, efemerideak, eta «erlearen bisitak».
Saioaren gidari Lierni Elortza ariko da bihar ere, Santos Beloki eta Aitor Calvillo asteroko lagunak alboan dituela.