Murua harategiak irabazi du XXV. Odolki Lehiaketa, Ormaiztegin
San Andres jaien barruan egiten duten Ormaiztegiko XXV. Odolki Lehiaketa Ormaiztegiko Murua harategiak irabazi du aurten. Odolki Lehiaketan zazpi harakinek parte hartu zuten igandean, Ormaiztegiko, Beasaingo, Ordiziako eta Arrasateko harakinek, hain zuzen. Epaimahia Juan Jose Lapitzek, Patxi Mendizabalek, Juan Manuel Garmendiak, Koldo Lasak, Luis Mokoroak, Pedro Ruizek, Alberto Busca Agirrek, Ormaiztegiko Kirol Elkarteko kideek eta Jubilatuen Elkarteko ordezkariek osatu zuten. Odolki denak probatu eta gero, saria herriko Murua harategiari ematea erabaki zuten. Gustura jaso zuten irabazleek saria. Aurten lehiaketa egiten hasi zirenetik 25 urte igaro dira, eta urteurren berezia denez, lehiaketaren sortzaileei, Juan Luis Unanuari, Joxe Muruari eta Joxe Antonio Galarragari omenaldia egin zieten. Oroigarri gisa, plaka bana eman zieten. Odolki Lehiaketaz gain, XIV. Odolki Osagaien azoka eta lehiaketa ere egin zituzten. Odolki Lehiaketako epaimahai bera aritu zen azokako produktuak baloratzen. Bost sari banatu zituzten. Txerri onenaren saria Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserriak eskuratu zuen. Tipula onenaren saria Ormaiztegiko Udabarro baserriko Rafaela Peñagarikanori eman zioten, baita perejil eta oregano onenaren saria eta postu onenaren saria ere. Porru onena berriz, Gabiriako Agerre-Berri baserriko Maria Etxezarretak zeukan, epaimahaiko kideen iritziz. Sukaldaritza Lehiaketa Osagaitzat Ormaiztegiko odolkia duten plateren X. Sukaldaritza Lehiaketara hamar plater aurkeztu zituzten herritarrek. Epaimahaia Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak eta Beasaingo [...]
San Andres jaien barruan egiten duten Ormaiztegiko XXV. Odolki Lehiaketa Ormaiztegiko Murua harategiak irabazi du aurten.
Odolki Lehiaketan zazpi harakinek parte hartu zuten igandean, Ormaiztegiko, Beasaingo, Ordiziako eta Arrasateko harakinek, hain zuzen. Epaimahia Juan Jose Lapitzek, Patxi Mendizabalek, Juan Manuel Garmendiak, Koldo Lasak, Luis Mokoroak, Pedro Ruizek, Alberto Busca Agirrek, Ormaiztegiko Kirol Elkarteko kideek eta Jubilatuen Elkarteko ordezkariek osatu zuten. Odolki denak probatu eta gero, saria herriko Murua harategiari ematea erabaki zuten. Gustura jaso zuten irabazleek saria.
Aurten lehiaketa egiten hasi zirenetik 25 urte igaro dira, eta urteurren berezia denez, lehiaketaren sortzaileei, Juan Luis Unanuari, Joxe Muruari eta Joxe Antonio Galarragari omenaldia egin zieten. Oroigarri gisa, plaka bana eman zieten.
Odolki Lehiaketaz gain, XIV. Odolki Osagaien azoka eta lehiaketa ere egin zituzten. Odolki Lehiaketako epaimahai bera aritu zen azokako produktuak baloratzen. Bost sari banatu zituzten. Txerri onenaren saria Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserriak eskuratu zuen. Tipula onenaren saria Ormaiztegiko Udabarro baserriko Rafaela Peñagarikanori eman zioten, baita perejil eta oregano onenaren saria eta postu onenaren saria ere. Porru onena berriz, Gabiriako Agerre-Berri baserriko Maria Etxezarretak zeukan, epaimahaiko kideen iritziz.
Sukaldaritza Lehiaketa
Osagaitzat Ormaiztegiko odolkia duten plateren X. Sukaldaritza Lehiaketara hamar plater aurkeztu zituzten herritarrek. Epaimahaia Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariak eta Beasaingo Dolarea jatetxeko Iban Matek osatu zuten. Lehendabiziko saria Haizea Diezek irabazi zuen Txekor isats, odolki eta sagar xerrekin platerarengatik. Aurkezpen onenaren saria berriz, Nerea Magallanesek etxeratu zuen, Odolki kaneloiak turroiarekin platerarengatik.
Lehiaketen bukaeran, odolki lehiaketan parte hartu zuten harakinen odolkiak herritarren artean banatu zituzten Baso-Txulo eta Barduliarrak elkarteen laguntzarekin. Horrez gain, hainbat ardo dastatzeko aukera ere izan zuten herritarrek zein bertara gerturatutako bisitariek.
Lehiaketa horiek egiteaz gain, Euskal Herriko hainbat produktuen azoka ere egin zuten. Guztira hogei bat postu zeuden jarrita Ormaiztegiko plazatik udaletxera bitartean, eta jendeak besteak beste, patea, txorixoa eta baratzeko hainbat produktu erosi ahal izan zituen.
Arratsaldean, 19:30etik aurrera Asier Kidamek magia saioa egin zuen kiroldegian, eta haurrak liluratuta utzi zituen.