Sutondo zerbitzua eskainiko du Gureakek Beasainen
Egunero zer bazkaldu eta zer afaldu behar duten pentsatzeaz aspertuta dauden adinekoei, catering zerbitzua eskaintzen hasi da Beasainen Gureak enpresa. Astean behin, zazpi egunetarako bazkaria, afaria eta bina postre eramango dizkiete hala nahi duten erabiltzaileei Sutondo programaren bidez. Martxoaz geroztik eskaintzen du zerbitzu hau Gureak taldeak. Azpeitian jarri zuten esperientzia martxan, eta azken asteetan Gipuzkoako eskualde ezberdinetan ari dira Sutondo zer den azaltzen. Goierrin, momentuz, Beasaingo jubilatuen egoitzan egin dute aurkezpena, eta nahi dutenek zerbitzua kontratatzeko aukera dute dagoeneko. Etxez-etxeko otordu zebitzua da eskaintzen dutena, adinekoei zein menpekotasuna dutenei zuzenduta. Iraia Urrutikoetxea Sutondo programako zuzendariak azaldu duenez, «programaren helburua erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea da, euren gustuetara eta beharrizanetara egokitutako dieta orekatua eta kalitatezkoa egiteko aukera emanez». Zerbitzua kontratatzen dutenek, astean behin jasoko dute janaria, eta berotu besterik ez dute egin beharko. Hala, «otordu bakoitzerako zer prestatu behar duten pentsatu beharrik ez dute izango, eta denbora hori zein otorduak prestatzeko behar dutena eurek nahi dutena egiteko erabili ahalko dute». Etxeko sukaldean gertatu daitezkeen istripuak ekiditea ere badu helburu proiektuak. Bakoitzari berea Sutondo programako arduradunek azaldu dutenez, otordu horien bidez, «dieta osasuntsua eta orekatua» ziurtatzen dute, «aldizka-aldizka, elikagaien inguruko kontrolak egiten baitituzte». Erabiltzaile bakoitzaren profila ere kontuan izaten dute menuak egiterakoan: «Diabetikoa denari, [...]
Egunero zer bazkaldu eta zer afaldu behar duten pentsatzeaz aspertuta dauden adinekoei, catering zerbitzua eskaintzen hasi da Beasainen Gureak enpresa. Astean behin, zazpi egunetarako bazkaria, afaria eta bina postre eramango dizkiete hala nahi duten erabiltzaileei Sutondo programaren bidez. Martxoaz geroztik eskaintzen du zerbitzu hau Gureak taldeak. Azpeitian jarri zuten esperientzia martxan, eta azken asteetan Gipuzkoako eskualde ezberdinetan ari dira Sutondo zer den azaltzen. Goierrin, momentuz, Beasaingo jubilatuen egoitzan egin dute aurkezpena, eta nahi dutenek zerbitzua kontratatzeko aukera dute dagoeneko.
Etxez-etxeko otordu zebitzua da eskaintzen dutena, adinekoei zein menpekotasuna dutenei zuzenduta. Iraia Urrutikoetxea Sutondo programako zuzendariak azaldu duenez, «programaren helburua erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea da, euren gustuetara eta beharrizanetara egokitutako dieta orekatua eta kalitatezkoa egiteko aukera emanez».
Zerbitzua kontratatzen dutenek, astean behin jasoko dute janaria, eta berotu besterik ez dute egin beharko. Hala, «otordu bakoitzerako zer prestatu behar duten pentsatu beharrik ez dute izango, eta denbora hori zein otorduak prestatzeko behar dutena eurek nahi dutena egiteko erabili ahalko dute». Etxeko sukaldean gertatu daitezkeen istripuak ekiditea ere badu helburu proiektuak.
Bakoitzari berea
Sutondo programako arduradunek azaldu dutenez, otordu horien bidez, «dieta osasuntsua eta orekatua» ziurtatzen dute, «aldizka-aldizka, elikagaien inguruko kontrolak egiten baitituzte». Erabiltzaile bakoitzaren profila ere kontuan izaten dute menuak egiterakoan: «Diabetikoa denari, adibidez, arroza edo pasta tokatzen den egunetan neurrira egindako errazioak emango dizkiogu, ondoren arazorik izan ez dezan», azaldu du Urrutikoetxeak.
Erabiltzaileren batek bi otorduren ordez eguneko otordu bat jaso nahi badu etxean, horretarako ere
badu aukera. «Adineko askok eguneko zentroan edo seme-alaben etxean bazkaltzen dute, eta erabiltzaile horiek nahikoa dute afariarekin». Norbaitek janaria zazpi egunetan jaso ordez bostean jaso nahi badu ere badu aukera. Sutondokoek egun guztietarako janaria utziko dute erabiltzeen etxeetan, eta ondoren norberak aukeratu ahalko du zein egunetan zein menu jan.
Janaria etxean jasotzeko, banatzaileek zehaztutako egunean eta orduan etxean egon behar dute erabiltzaileek. Hori da Sutondokoek jartzen duten baldintza bakarra.
Zulotxo bat nahikoa da
Janaria ontzi berezi batzuetan banatzen dutela azaldu du Urrutikoetxeak. Ontziak plastiko batekin estalita jasoko dituzte erabiltzaileek, eta plastikoan zulotxo bat egin eta mikrouhin labean berotzea besterik ez dute egin behar adinekoek.
Lanak errazteko ontzitik bertatik jateko aukera ere badagoela esan dute Sutondokoek, «hala ez dute gero platerik, katilurik edo kazolarik garbitu beharrik». Ontziak ez du ohiko labean berotzeko balio. Urritikoetxeak azpimarratu nahi izan du, ontziak ez direla kutxagarriak, eta janarian ez dutela eragin kaltegarririk egiten. Behin erabilita, zakarrontzira botatzea nahikoa da.Janariak hozkailuan aste betez «lasai» gorde daitezkeela era azaldu dute, «haizerik gabe ontziratzen direlako».
Berrehun euro hilean
Sutondoko erabiltzaileek hilean berrehun euro pasatxo ordaindu beharko ditu 30 egunez bi otordu jasotzen baditu. Zehazki, 242 euro. Egun gutxiagotan edo otordu bat jaso nahi duenak, eskariaren arabera ordaindu beharko du.
Urritikoetxeak azaldu duenez, egunean zazpi euroren truke jan daiteke: «Bazkaria bakarrik nahi dutenek lau euro ordaindu behar dute egunean, eta afaria bakarrik nahi dutenek, 3,60 euro. Lehen platera, bigarren platera eta postrea jasoko dute etxean». Prezio horiei %8ko BEZ-a gehitu behar zaie. Zerbitzua 943 34 42 90 telefonoan kontratau daiteke.















